Masaje edo igurtziei buruz

Ezkerreko supraespinoso muskuluan masajea ematen.

Min hartutako lekuan igurztea instintiboki egiten den zerbait da; gizakiak gizakia denetik egiten du, baita beste animalia askok ere. Horren garapen naturala dugu masajea. Denbora eta esperientzia lagun, petrikilo eta hezur konpontzaileen eremutik medikuntza ofizialerako bidea egin du masajeak, eta gaur egun fisioterapeuta (Hegoaldean) eta kinesiterapeuta (Iparraldean) gisa lan egiten dugunok erabilitako tekniken artean ezagunena izan daiteke. Gauza asko esan daitezke masajeari buruz, eta esango ditugu; batez ere, bere inguruko kontzeptu nahaste eta interes gatazkak argitze aldera.

Askotan, terapia, erlaxazio eta kirol masajeak bereizten dira; hala, lehenengoa fisioterapeuten esku uzten da, eta, beste biak, arautu gabeko terapeuten eremu libre bezala. Tira, argi dezagun bereizketa interesatu hori ez dela egokia. Hasteko, ematen du hiru kontzeptuak kontrajarriak direla: terapeutikoa den masajea ez dela erlaxaziozkoa edo kirolekoa, eta abar. Bada, ez da horrela. Izan ere, erlaxazioa estresak edo kizkurdurek jota dagoen pertsona baten gainean praktikatzen da; hau da, txarto, gaixorik dagoen pertsona batengan. Bai: erlaxazioa terapia mota bat da. Era berean, kirol arloan tendinitis, kizkurdura, gainkarga eta abarrak konpontzeko erabiltzen den masajea ere terapia da; salbuespena kirol aurreko beroketa masajea litzateke, gutxitan erabiltzen dena (praktikan, kirol masajistek egiten duten lanaren %95 terapeutikoa izaten da). Berbok terapeuta ez ofizialei haserrea sor diezaiekete, bistan da, baina ezin dugu horren kontra ezer egin: askotan esan dugun modura, terapia fisikoak maite badituzte, unibertsitatera jo beharko lukete fisioterapia ikasteko.

Irakurle batek beste kezka hau azaldu zigun aurrekoan: ea masajeaz ezer jakin barik horretan hasteak arriskuak dituen, ala, gozo jardunez gero, beti ona den. Erantzuna ulertzeko, goian aipatutakoari heldu behar diogu lehenengo. Hori argitu eta gero, jakin ezazue osasun arazorik egon ezean ez dela arriskurik egoten, astapotro handia ez bazara behintzat. Eta lesioen artean ere, bereizketak egin daitezke, ez baita berdina lepoko artrosia edota bulegoan lan egin osteko neke apurra. Hartara, osasun arazo txiki askotan, zure senide edo lagunari masaje lasaigarria egin gura badiozu, aurrera beldur barik! Fisioterapeutok ez dizugu horregatik kargu hartuko; gure “kainoi korporatiboak” intrusismo komertzialera zuzenduta ditugu, ez etxekoen osasuna zaindu nahi dutenei. Argi gera dadila, baina, hori garrantzi gutxiko arazoekin egin dezakegula bakarrik; larriagoekin, lesioekin, osagilearengana jo behar da..

Masajea, hala ere, fisioterapeutok egiten ditugun esku-terapien artean bat baino ez da. Hori argitzen dut askok termino hori eskuekin egiten ditugun edonolako teknikak izendatzeko erabiltzen dutelako; era berean, ez dira gutxi dena masajeekin konpontzen dugula uste dutenak. Espainiako telebistan ikusi berri dugu paraplejiak, belauneko lotailu gurutzatuetako lesioak nahiz bizkarreko minak masajeekin sendatzen dituen fikziozko fisioterapeuta bat (lehen eta bigarren lesioetan zentzurik gabeko terapia da masajea).

Masajeak (hau da, gorputzaren atalak igurzteak) leku handia du gure eguneroko lanean, zalantzarik ez dago. Baina izan mobilizazio, thrust, trakzio, fibrolisi, osteopatia teknikak, izan Kabat, Busquet, Maitland, Bobath edo azken urteotan garatu diren protokolo ugariak, jakin behar duzue fisioterapeutaren eskuek askoz ere erregistro zabalagoa dutela masaje hutsarena baino.

Gaur8rako, 2013ko urrixan 19xa.

Irudixa: @fisioterricola

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Sobre los masajes o frotaciones-fricciones | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*