Neke mota bi
Osasuna autogestionatzeko bidean sakondu nahi duenak neke mota desberdinak bereizten ikasi beharko luke. Gure eguneroko lanean askotan azaldu behar izaten dugun gaia da hau, eta uste dut ideia ona dela hemen ere komentatzea. Izan ere, hil ala bizikoa izan ez arren, auzia oso lagungarria da gure eguneroko bizitzaren kalitatea hobetzeko. Nekea ondo kudeatzen ikasten duenak, gutxitan egingo digu bisita osagileoi.
Bizitza osasungarria daramanak intuitiboki jakiten du, inork azalpenik eman barik, neke mota guztiak ez direla berdinak. Neke mota batzuk, hain zuzen ere, gaixotu egiten gaituzte; beste batzuk, ostera, erlaxatu eta hobeto sentiarazten gaituzte. Lehenengo neke mota mugimendu errepikatuena da; ordu askotan mantendutako postura monotonoena; derrigorrez egin beharreko zereginena. Fabrikako langileek, etxekoandreek, bulegariek, dendariek… sufritzen dute. Orokorrean, horrelako lanpostuetako jarduna ez dago bakoitzaren esku eta «dagoena» egin behar izaten da, askotan presiopean, atseden hartu barik eta abiadura bizian. Gogoz kontra aritzen bagara, gainera, gorputzak jasango duen higadura biderkatu egingo da. Horixe da gutako askok eta askok ezagutzen dugun egun amaierako nekea, lan orduak amaitu eta ezertarako gogo barik uzten gaituena. Lehen neke mota hau da gaixo gaitzakeena.
Hala ere, badago guri interesatzen zaigun bigarren neke mota bat ere: kirolak eragiten duena. Kirola borondatez egin ohi dugu, norberak bere gustukoa, eta bakoitzak aukeratzen du noiz, zelan eta zenbat denboraz egin. Aktibitateak baldintza horiek betetzen baditu, berdin dio munduko kirol gogor, astun eta nekagarriena egiten badugu ere: atseginez beteko gaitu, arinago sentituko gara eta gauean lo hobeto egingo dugu. Horrenbestez, ongi bereiztu behar dira azaldutako bi neke motak; izan ere, biak nekea badira ere, bigarren neke mota honek sendatu eta sendotu egiten gaitu.
Kaixo Oier,
Oso ondo azaldu dozu nekearen paradoxa. Nik, kirolari bezala argi ikusten dodaz bien arteko ezbardintasunak:
Lehenengoa, lanaren ondorengoa, neke «mentala» dela esango nuke (ortosinpatikotonia). Garuna egunean zehar erabili ondoren etxera heldu eta amatatzeko gogoak nabaritzen ditugu. Sofan etzan eta enzefalograma laua lortzea da gure nahi bakarra. Hala ere, ez gagoz fisikoki nekatuta eta batzutan lo egitea ere zaila suertatzen jaku.
Bestea aldiz «benetazko» neke fisikoa da,kirola egin ostean gorputza pisutsu nabaritzen dogunekoa. Hau da neke osasuntsua, gure giharrek lan egin ondoren eskatzen deuskuena eta lo egiten laguntzen deuskuna.
Beraz, pazienteei egurra!! Zuk esan bezala, proba egitekoa nahikoa da guzti hau ulertu eta kirolaren grina pizteko.
Ondo ibili!
Eskerrikasko Iker. Beste fisioterapeuta baten iritzixak artikulua aberastu dau, gako neurofisiologiko eta guzti.
Fisioterapeuta batek esan eban modure koba batetik urten eta gero: Living la Vida Lokatz!