Neuroplastizitatea

Irudixa: Gara

Umetxo baten kasua aurkeztu didate: hilabete gutxi zituenean, herpes simplex birusarekin kutsatu omen zen; konplikazioak izan zituen eta kutsadura garunera pasatu zitzaion. Osatzea kosta zitzaion, baina, zorionez, azkenean infekzioa gainditu zuen. Halere, umeak hain txikiak direnean garatu gabe daudenez, ezin izaten dira horrelako lesioen ondorioak osotasunean neurtu harik eta haurrok oinez, berba egiten eta bestelako gauzak egiten hasten diren arte. Horrela gertatu zaie guraso hauei: duela gutxi hasi dira konturatzen umeak hitz egiteko eta janaria irensteko dituen ezintasunez; eta orduan kezka eta egonezina nagusitu zaie.

Gurasoon egoera gogorra da, hori ezin ukatu: edozer egiteko prest daude, alaba laguntzeko, baina osagileek itxaron egin behar dela esaten diete. Ados nago: ez dago arazo bat tratatzerik, harik eta arazoa bera argi manifestatu arte. Horregatik, itxarotea gogorra bada ere, umeari hazten laga behar zaio. Eta anomaliak agertu ahala tratatu.

Esandako moduan, gurasook jada hasi dira sumatzen sintoma batzuk. Berba egiteko zailtasunak oraindik ezin dira ondo aztertu: bi urte inguruko ume batez ari gara. Baina irensteko zailtasunak sumatzen hasi dira, adibidez; eta horrek garuneko zein gune lesionatua dagoen markatzen digu, tratamendu posibleen bideak irekiz.

Tratamenduei buruz ari garenez, ez zaigu komeni esperantza faltsuak haizatzea: nerbio ehunak ez dira muskuluak edo azala bezain errez birsortzen, eta nekez errekuperatzen dira guztiz. Beraz, ondorioak geratzen dira. Halere, galdetu zidatenean, gurasooi itxaropenezko leihatila bat ireki nahi izan nien. Neurologia etengabeko ikerketan ari den eremua izanagatik, oraindik ez ditugu ulertzen gure nerbio sistemaren erantzun batzuen zergatiak; baina, ulertu ez arren, egoera berrietara egokitzeko ahalmen harrigarriaren adibideak ezagutzen dira. Ahalmen horri neuroplastizitatea esaten zaio; ikerketa-lerro interesgarria benetan. Esate baterako: gizon transexual batzuei (emakumezko sexu-organoekin jaioak, alegia), gizonezko genital berriak egiten zaizkie, kirurgiaren bidez. Horrela sortutako zakilek, eginahalak eginda ere (klitoriaren nerbio zuntzak berrerabiltzea, eta abar), ez dute berezko zakilaren sentikortasunik… printzipioz. Izan ere, azken urteotako ikerketak garunean izandako aldaketa interesgarri batzuk neurtzen hasi dira. Oso modu sinplean esanda: emakume jaiotako pertsona horrek zakil “normala” izateko gogo handia du; hain gogo handia, ezen, bere garunean neurona lotura berriak sortzeko gai izan den, hortik genitaletara bitarteko nerbio-bide berriak irekiz. Uler ezazue ongi kontzeptu hau: ez da lesionatutako neurona bat sendatu; neurona guztiz berria sortu da, lehen ez zegoen lekuan. Konturatzen zarete nolako potentziala duen horrek?

Berriro diot: ez dut gorputzaren autosendatze ahalmenari buruzko zientzia-fikziorik egin nahi, eskrupulorik gabeko iruzurgileak elikatuz. Bakarrik esan nahi dut gorputza, eskatzen bazaio, erantzun bat ematen saiatzen dela. Nire lagunen umearen kasura bueltatuz, bere ahalmenen eta gabezien neurrira egokitutako inguru batean murgilduz gero, lesionatutako gunea suspertuko dugu, eta, neuroplastizitate horri esker, nerbio-bide berriak irekitzeko aukera handiagoa izango da. Azken urteotan aurrerakuntza handiak egin dira estimulazio goiztiarra deritzon arlo honetan, osasun, hezkuntza eta zerbitzu sozialak integratzen dituena. Ume honen kasurako bide ezin aproposagoa.

 

Gaur8rako, 2017ko iraillan 30a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*