Odoluzkien terapia fisikoa
Irudixa: Wikipedia |
Ondestea digestio tutuaren amaiera dugu; gorotzak uzkiko esfinterraren bitartez kanpora botatzeko lekua, alegia. Barrualdetik mukosaz estalita dago, eta azal fin horren azpialdean zainak eta arteriak daude. Egitura hau perineoan kokatzen da, pelbisaren azpialdean dagoen itxitura fibromuskularrean. Hau da: «airean» dago, ez dago hezurrik hori guztia eusten. Ezaugarri hori oso garrantzitsua da hemorroideen sorkuntza eta soluzioa ulertzeko.
Arnasa hartzen dugun bakoitzean, diafragma muskuluaren kontrakzioak presio negatiboa sortzen du bularrean, eta presio positiboa sabelaldean. Horrek birikak haizea xurgatzea dakar, eta diafragma erlaxatzean gertatzen den alderantzizko presioak haizea kanporatzea ekartzen du. Baina presio joko horrek badu eragina odolaren zirkulazioarengan ere (ez da kasualitatea odoluzkiak dituzten pazienteen %100ak arnas mekanikaren desorekak izatea). Presio desegokiaren lehenengo eragina errai digestiboek igartzen dute, haien zirkulazioa geldotzen delako. Hori hainbat sintomatan igartzen da; haizeak, digestio pisutsuak eta idorreria, besteak beste. Arazo hori konpondu ezean, denborarekin bigarren fasera ailegatuko gara: ondesteko zainetan barizeak agertuko dira -sintoma arruntena gorotzetan odola azaltzea da-. Urteekin hirugarren fase batean ere sar gaitezke: sabelaldeko larregizko presioak pixkaka-pixkaka erraiak kanpora bultzatuko ditu. Leku ahulenetatik irtengo zaizkigu: sabelak gora egingo du hestegorriaren pasabidetik (hiato hernia); umetokiak perineotik behera egingo du (prolapso); eta, jakina, odoluzkiak ipurtzulotik irtengo dira.
Arnasa eta presioaren desoreka dira, beraz, hemorroideak agertzeko faktore nagusiak. Hala ere, bada besterik: kaka egiteko ordutegi naturalak ez errespetatzea, gorotzen larregiko gogortasuna, ordu asko eserita pasatzea, haurdunaldia, loditasuna, hipertentsio mota jakin batzuk… Faktore horietatik zenbat eta gehiago izan gure bizitzan, orduan eta aukera gehiago izango ditugu odoluzkiak garatzeko.
Tratamendurako orduan, zelan ez, berebizikoa izango da odoluzkiak zerk eragin dituen aztertzea arazoa konpondu ahal izateko. Kasu arinetan, nahikoa da sabelaldeko zirkulazioa bultzatzeko eta arnasa berrorekatzeko terapia fisikoekin. Hemorroide larriagoetan, berriz, fisioterapeutok medikuekin elkarlanean aritu beharra izango dugu, hantura eta mina baretzen duten botiken premia egongo da-eta. Pazientzia ere beharrezkoa izango da: urte luzeetako ohiturak eta desorekak ez dira hilabetean aldatzen. Horrek badu abantailarik ere: odoluzkien jatorria tratatzeak beste arazo asko ere hobetuko ditu, hala nola zirkulazio orokorra, digestioa edo urduritasuna.
Azkenik, kasu gaitzenetan, kirurgia bera ere aukera ona da, operazioa erraza eta esker onekoa baita. Hala ere, orduan ere ezingo dugu fisioterapia ahaztu: operazioarekin arazoaren iturburua aldatzen ez denez (bular eta sabelaldeko presio desoreka), hori konpontzea ezinbestekoa izango da, bai behintzat odoluzkiak laster berriz ere agertzea nahi ez badugu.
Gaur8rako, 2010ko Urriaren 01a
Deja un comentario.