Oi, zorioneko dardarak!


Argazkiak.org | Ultrasoinu aplikaziñua II © cc-by-sa: txikillana

Fisioterapeuta baten eskuetan ipini den edonork ezagutuko du irudi hau: azalaren gainean gel urdin bat zabaldu, gailu batekin igurtzi, argi gorritxoak keinuka, tarteka-tarteka txistu hotsen bat… Saioa amaitzean, ekarri dugun min eta hantura nabarmen jaitsi da eta hobeto sentitzen gara. Ultrasoinu terapia da, xumea, isila eta guztiz arrunta edozein fisioterapia zentrotan. Terapia exotikoen moden gainetik mantentzen da, eta ez kasualitatez: hain eraginkorrak diren terapia gutxi daude.

1883. urtean Francis Galtonek gizakiak entzun ditzakeen soinuen espektroa mugatu zuenetik hiru banda bereizten ditugu: infrasoinuak (giza belarriak entzun ditzakeenak baino maiztasun txikiagoko uhinak), soinuak (entzuten ditugun uhinak) eta ultrasoinuak (giza belarriak entzun ditzakeenak baino maiztasun handiagoko uhinak). Entzuteko edo ez entzuteko ahalmen hori desberdina da animaliaren arabera (gogora ditzagun txakurrendako txilibitu bereziak). Baina zer da soinua, berez? Espazioan zehar transmititzen den uhin mekanikoa da; dardara, alegia. Presiozko uhinak bizitzako arlo askotan erabiltzen dira, entzumenaren espektroaz gain: espazioaren neurketa (sonarrak), pieza txikien garbiketa industriala, soldadura…

Osasun munduan ere badute bere papera: giltzurruneko harriak txikitzea (litotrizia), diagnostikoak egitea (ekografia, doppler-a)… Horrez gain, gaur azaltzen ari garen moduan, fisioterapian ere erabiltzen dira.

Ultrasoinu terapia erabiltzeko lehenengo pausua arazoa ondo ezagutzea da: nola jazo da lesioa? Nola eragin du gorputzeko ehunen egoeran? Helburu terapeutiko egokia ezartzeko ezinbestekoa izango da galdera horiei erantzutea. Orduan hurrengo pausua etorriko da: ultrasoinuen parametroak moldatzea (maiztasuna eta inpultsoaren forma). Era berean, tratamendu gunea zehaztu beharko dugu; modu horretan, uhin mekanikoen fokua interesatzen zaigun eremuan zentratu ahal izango dugu, eraginaren dispertsioa ekidinda. Lesioaren sakonera ere garrantzitsua izango da, horren arabera erabakiko baita uhinen potentzia: ez da berdina eskumuturrean azaletik milimetro gutxira dagoen ligamendua edo izterrean hamar zentimetroko sakoneran dagoen gihar haustura tratatzea.

Ikusten duzuen modura, ez da hain erreza terapia fisiko hau behar bezala erabiltzea: ondo ezagutu behar dugu esku artean duguna. Tamalez, lanabes honen aplikazioa edonoren eskutan lagatzen da askotan -berez, fisioterapeuten lana da- eta, ondorioz, ultrasoinuen eraginkortasuna ezerezean gera daiteke, plazebo efektuaz aparte. Hori onenean, ezen txarrenean kalteak ere eragin daitezke hezurren haustura edo hauskortasun kasuetan, osteoporosian esate baterako. Bestalde, nire kideek ere badute zer hobetu: ultrasoinu terapiaren ezagutza murritza duten fisioterapeutak ezagutu ditut eta, jakina, horrela erdipurdiko emaitzak baino ezin dira lortu. Gure kolektiboan «ultrasoinuak ez dute ezertarako balio!» esaldia entzun izan dut batzuetan, baina horren azpian, benetan, «ultrasoinuak erabiltzen ez dakit» esaten da.

Teknika ondo menperatzen duen fisioterapeuta batek, ostera, oso emaitza onak lor ditzake kasu askotan. Izan ere, tendinitisetan, giharretako zuntz hausturetan, artritisetan, kaltzifikazioetan… oso emaitza onak lortzen dira ultrasoinu terapia egokiak erabilita. Horrez gain, zelulen mintzaren iragazkortasunean eragin dezakegu, oso interesgarria dena edemen edo hanturen kasuan. Azkenik, ehunen birsortzearen erritmoan ere eragina dute ultrasoinuek, sendatze prozesuak azkartuta. Guzti-guztia mikrodardara mekaniko soilarekin, eta inolako botikarik gabe. Ultrasoinuen beharra suertatzen zaizun hurrengoan, gogoratu eta… on egin!

Gaur8, 2009ko Iraillan 25a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*