Ondo jarri ezinik
Hona Berria egunkariko Nagore Etxeberriak egindako artikulua, laneko posturei buruz. Ordenadorian tente biharra egittiaz interes berezixa zekan, eta horren kontura elkarrizketatxo bat izan genduan. Hamen dakazue testua.
2014-06-07
Ondo jarri ezinik
Berriako redakziñuan, Edu Lartzanguren tente biharrian. Argazkixa: Andoni Canellada / Argazki Press |
Ez da gaur egungo kontua edo moda, ordea, Thomas Jeffersonek ere zutik lan egiteko ohitura baitzuen. Eta horiek orain dela hiru mendeko kontuak dira. Ernest Hemingway idazlearen eleberriak ere aulkian eseri gabe idatzitakoak omen dira. Zutik lan egiteko ohitura, beraz, ez da egun sortu den korrontea.
Nondik dator, baina, zutik lan egiteko bat-bateko ohitura hori orain? Azkenaldian argitara eman diren hainbat ikerketaren emaitzek diotenez, osasun arazo larriak ekar ditzake luzaroan eserita egoteak. Bizkarreko minak, zirkulazio txarra, giharretako degenerazioa, bihotzeko arazoak, diabetesa eta koloneko minbizia dira, besteak beste, denbora luzez eserita lan egiten duten langileek izan ditzaketen gaixotasunetako batzuk.
Archives of Internal Medicine aldizkarian argitara eman diren datuak ere esanguratsuak dira: egunean zortzi orduz eserita lan egiten duten langileek lau orduz eserita lan egiten dutenek baino %15 arrisku handiagoa dute heriotza goiztiarra izateko. Ordu gehiagoz eserita lan egiten dutenen kasuan, areagotu egiten da portzentaje hori. Gainera, Joan Vernikos medikuak, NASAko Life Sciences Divisioneko zuzendari ohiak, ondorioztatu du denbora asko jesarrita egoteak zahartzeko prozesua bizkortzen duela. Astronautekin hainbat proba egin ostean iritsi da ondorio horretara Vernikos.
Arazo horiek guztiak saihesteko asmoz, beraz, zutik lan egiteko joera gero eta gehiago zabaltzen ari da jendearen artean, eta askok lanerako mahaiak eta inguruak egokitu dituzte, baldintza egokietan lan egiteko helburuarekin. Google, Facebook eta Twiter enpresetan, esaterako, hasiak dira idazteko mahai altuak eta aulki bereziak erabiltzen.
Dena, neurrian
Adituak, ordea, bat datoz ideia batekin: zutik egoteko ohitura horri neurria hartu behar zaio, neurriz kanpo egiten den ezer ez baita ona. Izan ere, luzaroan eserita egotea bezain txarra izan daiteke ordu askoan zutik egotea. Halaxe dio Rob Danoff AEBetako Osteopaten Elkarteko kideak eta medikuak: «Ez gaude eginak egun osoan eserita egoteko, baina ezta egun osoz zutik egoteko ere». Iritzi berekoa da Oier Gorosabel fisioterapeuta ere: «Luzaroan tente egon edo luzaroan eserita egon, kalteak berberak dira», argitu du Gorosabelek.
Izan ere, zutik eta jarrera berean ordu luzez egoteak ere arriskuak eta kalteak dakartza: barizeak, zirkulazio arazoak, giharretako mina, aldakako eta gerriko minak, nekea, astrosia, ultzerak, sorbalda eta lepoko minak, bizkarreko gainkarga…
«Zutik zaudenean, hanketako giharrek lan gehiago egiten dute eserita zaudenean baino, eta, ondorioz, zirkulazio arazo gutxiago izango ditu zutik lan egiten duenak. Denbora askoan zutik egotean, ordea, onura horiek galduz joaten dira, eta ez da hain mesedegarria hanketako zirkulaziorako. Gainera, bestelako arazo batzuk sortzen dira: bizkarra kargatu egiten da, esaterako», aitortu du fisioterapeutak.
Gorosabelek dio jesarrita lan egiten dutenek sorbaldatik gehiago sufritzen dutela oro har, eta zutik daudenek, berriz, gerritik.
Ikusitakoak ikusita, jarrera guztiek dute, beraz, alde ona eta alde kaxkarra, eta, beraz, «ezin da esan zutik egotea eserita egotea baino hobea denik. Jarrera bakoitzak onurak eta kalteak ditu».
Gorosabelek argi du: «Ez dago jarrera perfekturik ezertarako. Ez dago zortzi orduz jarraian modu berean jarri eta ongi egotea ahalbidetuko duen jarrerarik».
Tente egoteko zein eserita egoteko jarrera egokienak zeintzuk diren esaten da han eta hemen, baina gogoratu du horiek jarrera estandarrak direla. Izan ere, «esandako baldintzak zehatz-mehatz bete eta jarrera estandar perfektuena mantendu arren, geldirik bazaude, bizkarreko minez amaituko duzu», ohartarazi du.
Gakoa: aldaketa
Zein da, beraz, sekretua? Mugimendua, hain justu. Zutik edo eserita, eserita edo zutik, baina «hiru ordu baino gehiagoz jarrera berean ez egotea da sekretua». Hala, tarteka, jarreraz aldatzea, deskantsatzea, eserita dagoena altxatzea, mugitzea, luzaketa edo ariketa gutxi batzuk egitea gomendatzen da. «Jarrera aldatzen bada, berdin da jarrera bihurrienean, arraroenean edota xelebreenean egotea. Mugitzen bazara edo jarrera aldatzen baduzu, ez da etorriko ez lepoko minik, ez bizkarreko minik, ez bestelako minik ere», ohartarazi du fisioterapeutak.
Zer da egokiago, beraz, zutik edo eserita lan egitea? Honako hau da denetan egokiena: tarteka eserita lan egitea eta, aldian behin, zutik jarraitzea lanean. Azken batean, etengabe mugitzea da osasunerako jarrerarik egokiena.
Deja un comentario.