“Orain lan erritmo lasaiagoa eraman dezaket”
Argazkiak.org | Abante 2 © cc-by-sa: txikillana
Oier Gorosabel eskualdeko hainbat lekutan aritu da fisioterapeuta legez joan den 21 urtean: Gernikan, Markina-Xemeinen, Mutrikun… Gaur egun Ondarroako AIXEBE fisioterapia zentruan dihardu, eta barikutik aurrera ABANTE izenekoan hasiko da, Lekeition.
Zergatik jarri duzu kontsulta Lekeition?
Orain dela 6 urteko kontua da, umeak izan ditugunetik honakoa. Ez du misterio handirik: orain nahiago dut etxetik hurbilago lan egin. Hori dela eta, Mutrikun eta Markina-Xemeinen nituen kontsultak utzi ditut, Lekeition lan egitearren. Prozesu luze xamarra izan da, ez bait nuen nahi kontsultak edonola eta edozeinen esku utzi, baina azkenean pozik nago: geure behargin izandakoek hartu dituzte, fisioterapeuta finak. Pazienteak esku onetan geratu dira.
Zenbat fisio egongo zarete ABANTE zentru berrian?
Neu bakarrik. Paziente gutxi hartuko ditut; ikasteko gogoz ere banabil, eta horretarako denbora nahi dut. Zorionez, zorrak ordainduak ditut eta orain lan erritmo lasaiagoa eraman dezaket. Benetako luxua! (barrezka).
Zer ordutegi izango duzu?
ABANTE zentruan 8:00-12:00 (astelehenetik eguenera) eta 15:00-20:00 (barikuan). Ondarruko AIXEBE zentruan, berriz, alderantziz. Ez dira ordu asko eta laster beteko zaizkigu; txanda hartu nahi duenak kontuan izan dezala!
Kontsulta ikusterik ba al dago?
Bai, noski: etorri inauguraziora urriaren 10ean 19:00etan; pintxo eta trago batzu hartuta kontsulta erakutsiko dugu.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZA, 2014ko urrixan 8a.
Deja un comentario.