Osasun aseguroak eta holistika

Irudixa: asesorseguros
Fisioterapia zentro pribatu bat zuzentzen dut, eta gure bezeroak partikularrak nahiz aseguruetakoak izaten dira. Inoiz hau gure kontrako argumentutzat erabili izan da, aseguruekin lan egiteak tratamenduen kalitatea jaisten duelakoan. Oso gai interesgarria da hau, denok baitugu osasun aseguru publiko edo pribaturen bat, eta hauek ematen diguten zerbitzuaren kalitatearen inguruko kezka. Gaurkoan azalduko dudanez, osasun aseguruekin lan egiteak abantaila handiak ditu, bai fisioterapeutendako, bai eta pazienteendako ere; hala ere, horiek behar bezala erabiltzen ikasi behar da (eman ezin duten gauzarik ez eskatzeko).

Lehenengo eta behin, jakin behar dugu fisioterapia kontsulta batean ikusten ditugun arazoak bi multzo handitan sailkatzen direla: lesio akutuak eta kronikoak. Lehenak istripu baten ondorio izaten dira, oso mingarriak eta lokalizatuak; bigarrenak, berriz, eboluzio luze baten ostean agertzen dira, ez dira hain mingarriak eta gorputzean sakabanatuta egon ohi dira. Arazo mota hauek biak ongi bereiztea garrantzitsua da osasun aseguruen auzi hau ulertzeko.

Lesio akutuei dagokienez, fisioterapia tratamendua erraza izaten da. Saio sinpleak izaten dira, min hartzen den gorputz zatian jartzen da arreta, saio motzak dira eta, beraz, merkeagoak. Baina… egunero egin behar izaten dira, mina albait arinen kentzeko. Lesioak larriak direnean tratamendua asko luzatu daiteke eta, beraz, nahiz eta saioak merkeak izan, partikular batentzat oso garestia izan daiteke azkenean. Halakoetan, zorionekoak osasun asegurua dutenak: horiei esker egunero kalitatezko tratamendua jaso ahal izaten baitute poltsikoari zulo handirik egin barik.

Lesio kronikoei dagokienez, ostera, osasun aseguruek ez dute hain zerbitzu ona ematen. Minak eboluzio luze baten ondorio dira, zenbat eta zaharragoak, orduan eta sakabanatuagoak. «Gorputz osoko mina» izaten duten ohiko pazienteak dira: bizkarra, belaun bat, gibela, arnas arazoak, buruko minak, urduritasuna, bihotz taupaden azkartzea… arazo ugari ager ditzake pazienteak. Lesio kronikoetan ezinbestekoa izaten da azterketa lasai eta sakon egitea, galdeketa egoki batekin lagunduta. Helburua pertsona horrek dituen arazoen arteko erlazioa bilatu eta azterketa fisiko on bat egitea izango da, ahal denik eta diagnostiko osoena egiteko. Ulergarria den bezala, tratamendua ere lesio akutuetan baino konplikatuagoa izaten da; gorputzaren eta gogoaren plano desberdinak integratzea ez da lan erraza. Saioak luzeagoak izaten dira -eta garestiagoak noski-; halere, tratamendua bizpahiru astetik behin izaten denez, ez da hainbesterako izaten.

Bi lesio mota hauek osasunaren ikuspegi sintomatiko eta holistikoarekin harreman zuzena dute. Arazo akutuak tratamendu lokala behar izaten dute, sintomatikoa, mina dagoen lekuan; arazo kronikoak konpontzeko tratamendu globala behar izaten da, holistikoa, mindutako gorputz atalez gain arazoaren iturburuari ere heldu beharko diona. Osasun aseguruentzat hau, tamalez, zientzia-fikzioa da.

Izan ere, batzuetan egoera absurdoak gertatzen dira. 45 urteko pazientea, bizkarreko eta eskuineko besoko aponeurosien desoreka, diafragma eta digestio aparatua jota, hernia diskala gerrian, sakro eta pelbiseko disfuntzioak, ezkerreko belaun eta oinak blokeatuta, antsietadea. Aseguruko bolantea ematen digu, eta… «sorbaldako tendinitis» baten tratamendua bakarrik baimentzen digute. Jakina, paziente hau ez da sekula osatuko tratamendu hori jasota. Horra hor arazoa: aseguruak ematen duena eta pazienteak behar duena bat ez datozenean. Egoera zentzugabe hau askotan gertatzen da aseguruekin lan egiten duten fisioterapia zentroetan: tratamenduak ez dira sekula amaitzen, eta amaitzen direnean pazientea ez dago sendatuta; sorbalda tratatzen egon, eta belauneko minez hasi; belauneko mina tratatzen hasi, eta gerriko mina etorri… Ezagutzen duzue farola azpian giltzen bila ari den mozkorraren ipuina? Bada, antzera gerta daiteke arazo orokor bat modu sintomatikoan tratatzen saiatzen bagara.

Ni ere, gaztea eta ezjakina nintzela, makina bat bider geratu nintzen joko absurdo horretan harrapatuta. Orain berriz (zaharra eta eskarmentu handikoa?) pazienteren bat egoera horretan ikusten badut gauzak argi azaltzen dizkiot: «Aseguruko tratamenduak ez du konponduko arazoaren sustraia; etor zaitez egun batean zeure kontura, saio holistiko bat egitera». Horrela, tratamendu sintomatikoa jarraituta ere, tarteka-tarteka modu globalean aztertu eta tratatzen dugu gorputza. Horrek eragin zuzena izan du gure zentroak dituen emaitzetan: batetik, aseguruko tratamenduak laburtu egiten direlako -lehenago osatzen dira- eta bestetik, behin osatuta luzaroagoan irauten dute min barik -sustraiak konpondu ditugulako-. Profesionalki ere, lan egiteko modu honek dakigun guztia erabiltzeko aukera ematen digu eta esan beharrik ez dago gustora egindako lana hobeto egiten dela.

Horregatik, artikulu honen hasierara bueltatuta, amaitzeko esango dut osasun aseguruekin lan egiteak, duda barik, fisioterapia tratamenduaren kalitatea hobetzen duela. Kudeatzen ikasi behar.

Gaur8rako, 2008ko Maiatzaren 30a

1 Comentario en Osasun aseguroak eta holistika

  1. Tema muy duro.
    Yo al tema de cronico o acidente añadiria: seguros y empresa.
    Es cierto que los fisios realican una labor muy buena:recuperacion y tratamiento.
    Cuando un tema es cronico esige la visita cada cierto tiempo con su devido coste unas veces inalcanzable.
    Cuando es un acidente, ustedes realizan bien su funcion el problema viene cunado uno esta de baja y no tiene esa posiblidad economica de acudir a un buen profesional, las mutuas y osakidetza dejan mucho que desear, y si una persona esta mal fisicamente y no cobra en seguro hasta el final de esa recuperacion como pago yo a un profesional, sus servicios no son caros ,si a mi me cura una lesion cronica o el tipico tiron pago por sesion50, 60 o 100 y si es necesario sigo un tratamiento.
    No es lo mismo un trato personal que a 20 personas en una mutua.
    Las premisas cambien el servicio, prisas y prisas y al ultimo curar si pero mal.
    En persona , trate los dos sentidos, pero cada persona es un mundo.
    Como dice Usted cuando es joven no se sabe bien,pero con la edad uno se escarmienta, por eso de que de raiz no se solucione el problema y esas sesiones personales, dentro del orden, permitir ese tratamiento (cada persona es un mundo)
    Si pueden permitir la mejoria del paciente.
    Un mundo muy duro la recuperacion de la salud.

2 Trackbacks & Pingbacks

  1. Osasun aseguruak eta «txurriterapia» | Aixebe & Abante Fisioterapia
  2. Osasun aseguruekin lan egiten dugu | Aixebe & Abante

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*