Osteopatia, modetatik harantzago
Artikulu hau beste honen laburtutako bertsiñua da.
Gaur egun denon ahotan dabilen terapia da osteopatia. «Bizkarreko krakadekin» jende asko txundituta geratzen da, ondo erabiliz gero emaitza paregabeak ematen baititu. Hala ere, osteopatia bisturia bezalakoa da: zirujau trebeak mirakuluak egingo ditu berarekin, baina ezjakinaren eskuetan dagoenean… hobe paretik kentzea.
Bizkarreko manipulazioak dira, beharbada, disziplina honen alderdirik harrigarriena. Hala ere, gorputzeko beste giltzadura guztiak ere manipula daitezke, oinetik hasi eta garezurreraino. Izenak adierazten duenaren kontra (izen okerra, oso errotua baldin badago ere) osteopatian ez dira hezurrak eta giltzadurak bakarrik tratatzen. Giharreek osatutako kateak eta beren aukera guztiak ere tratatzen dira; sabeleko eta bularreko organoak ere bai, etorkizuneko patologiak ekiditeko (bihotzekoak, gibelekoak, sabelekoak…). Osteopatia kraneo-sakralean, berriz, garun eta ornomuinaren zuntz-estalkiak tratatzen dira, nerbio sistema osoan eraginez. Hau ez denez leku egokia azalpen teknikoekin luzatzeko, zera esanda laburbildu dezagun: metodo globala dela, eta gaixotasunen sustraia bilatzeko helburua duela.
Osteopatia modan egoteak, ostera, arazoak ekartzen ditu. Terapia fisikoen munduan asko igartzen ditugu modak: 1990. urte inguruan, kontsultan mikrouhin aparaturik gabe jai genuen; gaur egun, ordea, inor gutxi gogoratzen da 3.000 euroko tramankulu haiekin, eta bestelako termoterapia teknikak erabiltzen ditugu. Ariketa terapeutikoei buruz, RPGa baino hoberik ez zegoen garai batean; gaur egun, Pilates da leku guztietan falta ezin den teknika. Esku terapietan, orain dela hogei urte Cyriax masajea crack bat izan bazen ere, gaur osteopatia teknikak daude punta-puntan. Haiek gabe, terapeuta fisikoak mainguak gara ia, antza denez…
Ironiaz nabil, noski: ez da horrela. Osteopatia, Pilates eta infragorriak ez dira hobeak Cyriax, RPG eta mikrouhinak baino. Teknika guztiek dituzte abantailak eta gabeziak, eta ez dago panazearik (balego, berau izango litzateke munduko terapia bakarra). Ez du zentzu handirik osasun arloan modari jarraitzeak. Lehengo eta oraingo gizakiak berdinak gara, eta, beraz, terapien eraginkortasuna ez da aldatzen denboraldi batetik bestera; hori argi geratu behar da. Bakoitzak ibili beharreko bidea da terapiak frogatzea, norbere gorputza zaintzen ikastea eta konstantea izatea. Horretarako, alferregia denak ez du gauza onik: modarik moda saltoka ibiltzera kondenatuta egongo da, Hamelingo terapeutak azken denboraldian jotako doinuarekin dantzan.
Gauza bakoitza bere lekuan jarri eta gero, eman ditzagun gaurko osteopatiari buruz argibide batzuk. Izan ere, osteopatia kontsultak perretxikoen modura loratu dira azkenaldian, eta haien artean prestakuntza egokirik ez duen jendea dago. Hain zuzen ere, horixe da hegoaldeko osteopatak dugun arazo nagusia: Espainian oraindik ikasketa ofizialik ez dagoenez, askok nahi diote osteopatiaren modari etekina atera. Gaur egun, edozeinek diploma bat inpresoratik atera eta osteopatia kontsulta ipin dezake: ez dago inolako kontrolik.
Europan honezkero Osteopatia unibertsitatean sartuta dago; gutxienez zortzi herrialdek aitortzen dute Osasun Zientzietako lanbide independentetzat. Honekin esan nahi da ikasketak homologatuta daudela eta osteopata guztiek oinarrizko formakuntza bera dutela; hau da, gutxieneko kalitate bat bermatuta. Espainian ez da horrela gertatzen oraindik, eta, beraz, hegoaldean anabasa da nagusi: badira sei urteko programa duten eskolak, baita osteopatia urtebetean «irakasten» duten akademiak ere, edo hilabetean, edo asteburu pare batean. Bada, era berean, hori egin gabe ere osteopatatzat iragartzen denik.
Hori ez da beti horrela izango, noski. Halako batean, Espainian ikasketa hauek arautu egingo dira eta lanbide ofizial bihurtu. Orduan helduko zaigu kana ateburura lehendik osteopata lanetan aritu garenoi. Bakoitzaren ikasketak txantiloi ofizialarekin alderatuko dira: batzuek bahea igaroko dute, eta beste batzuek ez. Ordutik aurrera, jende askok kendu beharko du «Osteopatia» txarteltxoa kontsultatik, salaketarik jaso nahi ez badu.
Eskola batzuek aspalditik dakite hori, eta bere formakuntza Europako estandarretara moldatua dute. Batetik, fisioterapeutak bakarrik onartzen dituzte ikasletzat –esku terapietan espezialistak haiek direlako– eta, bestetik, 4.200 orduko gutxieneko curriculuma bermatzen dute. MadrilekoOsteopatia Eskolan (EOM), adibidez, ikerkuntzari garrantzi handia ematen zaio eta seigarren urtean tesi bat burutu behar izaten dugu Europako D.O. titulua jasotzeko. Nahiz eta gaur egun hau guztia legez beharrezkoa ez den, osteopatia ikasi nahi duten guztiek hartu beharko lukete kontuan ikasketak aukeratzerako orduan; ez baita gozoa dirua alferrik gastatzea.
Pazienteen ikuspegitik, ondorioa argia da. Ikasketak legeztatu arte, tratamendu hau frogatu nahi duenak osteopataren curriculuma aztertu beharko luke gutxieneko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko: Fisioterapian Diplomatua izatea eta bere Osteopatiako trebakuntzaren ezaugarriak (zer erakundetan ikasi duen eta ordu kopurua).
Gaur8 -rako, 2008-08-23.
PD: 10 urte geruago, gauzak nahikotxo aldatu dira.
Deja un comentario.