http://martinserrano3.blogspot.com.es/2012/01/la-justicia.html
Madrilen nengoen iaz kurtso batean. Ikaskideak arrisku legal berriei buruz berriketan ari ginen, denok ezagutzen baitugu dagoeneko hiri-kondaira ezaguna; alegia, AEBetako osasun etxeen atarietan ateratzen diren paziente guztiei medikua salatzeko gonbidapena egin zain egoten diren abokatuen inguruko istorioa. Guztiok urruneko arazo bezala ikusten genuen, ostera. Batek izan ezik.
Hark, serio-serio, honakoa zioen: «Nik barne teknikak erabiltzeko beti baimen idatzia eskatzen diet emakumeei, edo bestela senarra gela barruan egotea» («barne teknikak» aluan edo uzkian erabiltzen dira, prostata, kokzix edo ginekologia arazoei aurre egiteko). Besteok adarra jotzen genion: «Pazienteentzat berez dira teknika desatseginak eta, zuk, gainera, burokraziarekin korapilatu behar!». Gehienok nahikoa genuen pazienteen ahozko oniritziarekin. Karabina bat tratamendu gelan sartzearekin ere ez geunden konforme, lana publikoarekin egitea desatsegina baita. Baina gure lagunak aurrera jarraitu zuen: «Ez hori bakarrik, bularretakoa kentzen baldin badute, berriz ere janzteko agintzen diet berehala. Izan ere, ez dut inolako arazorik izan nahi». Begiak zabal-zabalik begiratzen genion. «Mesedez!», erantzuten genion, «ulergarria da pertsona lotsatiak egotea, baina osagilearenean arropa eransteko konfiantza minimo bat ere ez badago… ». Barre artean imajinatzen genuen egoera. «Egun on, lepoko mina tratatzera nator». Eta jarraian, gure erantzuna: «Ados, baina, badaezpada, sina iezadazu lehendabizi paper hau atzamarra ipurtzulotik sartzeko baimena emanez». Umore onean bueltatu ginen Madriletik, lagun arduratsuaren kezkei jaramon handirik egin barik.
Baina, hara non, aste gutxira Madrileko laguna gogora ekartzeko aukera izan nuen nire bizitza profesional osoko unerik txarrenean. Nerabe bat etorri zen kontsultara, amarekin batera. Ez dut zehaztasunik emango, noski, baina esan dezadan bere arazoa guztiz arrunta zela. Amari kanpoan itxaroteko eskatu nion; izan ere, nerabeak oso lotsatiak dira eta ezer gutxi kontatzen dizute gurasoak aurrean direnean. Behin kontsulta barruan, miaketa eta tratamendurako teknika arruntak erabili genituen; barne teknikarik ez behintzat. Bigarrengoz ere ekarri zuten neska, eta hirugarren saio baterako ere geratu ginen. Baina bera etorri beharrean gurasoak agertu zitzaizkidan, bere alaba bortxatu omen nuelako kexa bat ipini nahi zutela esanez.
Ezin nuen sinetsi ere egin entzuten ari nintzena. Lehenengo pentsamendua iruzurgile profesionalen aurrean nengoela izan zen; hau da, xantaia egin nahi zidatela. Nahiz eta nire lan egiteko modua justifikatzeko adina argudio eta lekuko izan, banekien salaketa batek profesionalki akabatuko ninduela, “erruduntasun presuntzioa” gupidagabea izaten baita kalean. Gerora konturatu nintzen gertatutakoa sinpleagoa zela: nerabe lotsati baten erdizkako azalpena, ama arduratu baten irudimenarekin osatuta. Sekulan ez naiz momentu hartan bezain iraindua sentitu, eta denetik esan niela uste dut. Nire erreakzioan zerbait sumatuko zuten nonbait eta horrek alabarekin argiago mintzatzera bultzatuko zituen… kontua da, zorionez, hor geratu zela dena eta ez dudala ezer gehiago jakin.
Beharrik ere: izandako susto izugarria nahikoa izan zen nire lagun madrildarraren aholkua aintzat hartzeko. Ordutik aurrera, gure kontsultan sartzen den guztiak idazki bat irakurri eta sinatu behar du: segur aski arroparen bat kendu beharko duela, baina lotsarik badu ez kentzeko, berdin tratamenduren batekin deseroso badago, eta abar. Eta, nik, berriz, etsipenez ikusten dut pazienteak etsai potentzial modura hartu behar izate hau. Nik askoz ere nahiago nituen konfiantzan oinarritutako harremanak. Laster okinak berak ere papera sinaraziko digu, erosi dugun ogiak kalte egiten badigu bere burua babesteko. Lekutara goaz.
Deja un comentario.