Placebo efektuaren alde

Aspaldi idatzittakuak barriztatzen nabillen honetan, Patxi Lurra lagunak gaurko gaixakin zerikusi haundixa dakan kasua aittatu dau berian: Mari Carmenena.

400.Iñaki.Peña.GOIENA (id: 1487802)
Iñaki Peña sendagillia (aka Patxi Lurra)
Osasun arloko profesionalon arteko berriketa informaletan, tratamendu bat gutxietsi nahi denean,«placebo hutsa» dela esan ohi dugu. Berba erromaniko horren esanahia «pazienteak atsegin duena» da, eta antzinatik ezagutzen den fenomenoa deskribatzen du: gaixo bat badugu, eta jasotzen ari den tratamenduaren eraginkortasunean bete-betean sinesten badu, bere sintomek hobera egin ohi dute.

Placebo efektuak ez du zerikusirik tratamenduarekin berarekin: pazientearen jarrera soila da erabakigarria. Horregatik, esperimentuak terapia «faltsuekin» egiten dira: paziente talde batek fisiko-kimikoki eraginik ez duen tratamendu bat jasotzen du (azukrezko pilulak, berariazko ez diren masajeak…) eta beste batek berriz, «benetako» tratamendua (botikak, esku terapia berariazkoak…). Era honetan neur dezakegu pazientearen osasunaren hobekuntzaren arrazoia zein den, tratamendua ala placebo efektu hori.

Zientzialariek antzinatik dute placebo efektuaren berri. Hala ere, berorren aurrean, jarrera bat baino gehiago har dezakegu. Aurretik esan dudan legez, osasun arloko profesional gehienek gutxiespena aukeratzen dute: placeboak bigarren mailako tratamenduak ei dira gaur eguneko teknologia eta terapia aurreratuen aldean; pazientearen jarrerak ez du aintzat hartzeko moduko eraginik tratamenduaren arrakasta edo porrotean, eta eraginik izatekotan, gaixotasuna asmatutakoa izan dela ondorioztatzen dute askotan.

Sasi-profesionalen aldetik, alderantzizko egoera aurkitzen dugu. Osasungintzaren anabasari etekina atera nahian aurpegihandi asko dabil, beraien prestakuntza zientifikorik eza lotsagabekeriaz konpentsatzeko lanean maisu. Hartara, petrikilo, masajista eta bestelako terapeuta intuitiboen artean oso ugariak dira placebo efektuan oinarritutako tratamenduak. Eta lehen aipatutako moduan, placebo efektuak eragina izan baduenez, askotan emaitzak onak izaten dira. Hori zilegi ote den, ez den? Gure ustez, placebo efektuari berea kendu barik, ez dugu uste norberaren prestakuntza falta ordezkatzeko erabiltzea inondik ere etikoa denik.

Pazientearen ikuspegitik begiratuta, placebo efektuaren planteamendua aldatu egiten da, eta, hala ere, garrantzi handia izango du. Hau hobeto ulertze aldera, pertsona estereotipo bi deskribatuko ditugu; mutur batetik besterako adibideak dira, gehienetan bietatik hartzen baitu pazienteak, hein batean edo bestean. Alde batetik, kolaboratzaile optimista daukagu: lehenbailehen osatzeko gogoa du, osagileon aholku guztiak aditzen eta betetzen ditu, bere aldetik ahal duen gehiena ematen du, umore onik ez du galtzen, laguntza eskertu egiten du, eta lesionatutako bere gorputz atala maitasunez begiratzen du.

Beste aldetik, eszeptiko pesimista dugu: ez du osatzeko motibaziorik, tratamenduaren eraginkortasunean ez du sinesten, osagileoi ez digu jaramonik egiten, tratamendua pasibotasunez hartzen du, eta umore txarrez, bere gorputz gaixoa dela-eta madarikazioka ari da etengabe. Demagun pertsona bi hauek adin berberekoak direla, lesio bera egin dutela, gorputz atal berean, aldi berean, eta tratamendu berdina jasotzen ari direla. Bada, osasun arloko edozein profesionalek esango dizu (eguneroko lanean mila bider frogatuta baitugu), lehenengoa bizkorrago sendatuko dela, eta ez hori bakarrik: baita hobeto sendatu ere. Hezur bat hautsi badu, hobeto eta sendoago batuko zaio; nerbio-zuntzen baten ebakia badu, arinago birsortuko zaizkio; lokailuren bat bihurritu badu, lehenago jaitsiko da hantura… eta zeresanik ez, tartean ariketak egin beharra badago. Baina hori beste gai bat da.

Gaurkoan nabarmendu nahi dugun gauza bakarra da, placebo efektuak (bestela esanda: pertsona batek osatzeko duen gogo biziak) eragin organikoa duela. Minari dagokionez, neurotransmisioa eta sentikortasuna eraldatu egiten da eta, nahiz eta lesioa hor egon, garunak ez du hainbeste minik hartzen.

Hormonen ekoizpena aldatu egiten da, eta honek eragin zuzena du lesioaren hanturan. Motibazio eta bizi-gogo handia duen pertsonaren odolaren biokimika ere aldatu egiten da: osatzeko behar diren gaiak ugaritu, eta hondakinak bizkorrago jaurtitzen dira. Funtsean esan nahi duguna zera da, placebo efektuaren eragina ez dela ilusiozkoa, organikoa eta neurgarria baino. Neurofisiologoentzat oso ikerketa eremu interesgarria den arren, ez dut uste ikerketak finantzatzeko dirurik aurkitzea lan erraza izango denik, betiko arazoarengatik: lan hauek botika gutxiago saltzeko balioko lukete, eta industriari hori ez zaio komeni…

Ikusten duzuen moduan, placebo efektua interesgarria da osasun kontuetan eta ezin dugu beste barik gutxietsi eta ahaztu. Betiere, modu etikoan erabili behar dela argi utzita (hau da: inondik ere ez jakinduriarik eza konpentsatzeko), osasun arloko profesionalok gure tratamenduetan modu naturalean integratu beharko genuke. Pazientearen aldetik, berriz, gogo-jarrerak, autosugestioak, norbere osasunean duen eragin sendoa ulertzea eta erabiltzen ikastea oso lagungarria izan daiteke.

Gaur8rako, 2008-VII-29 

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*