Placebo motak zehaztuz (Benedetti 2003)

Aurreko egunean egindako iruzkinean, Iker Villanueva lankideak artikulu honen berri eman zidan:

  • BENEDETTI, Fabrizio et al. 2003. Conscious expectation and unconscious conditioning in analgesic, motor, and hormonal placebo/nocebo responses. The Journal of Neuroscience, May 15, 2003 • 23(10):4315– 4323

Gaiarekin guztiz lotuta dagoenez, aurreko irakurketaren jarraipen natural bezela hartu dut. Kasu honetan autoreek plazebo efektuak, analgesian duen paperaz gain, maila motorrean eta hormonalean duen eragina neurtzen saiatu dira; emaitza interesgarriekin, inondik ere.

Plazeboa efektu konplexua da, fenomeno desberdinak hartzen dituena. Ikerketa honetan, gai endogeno desberdinen sekrezioa -opioideak (analgesia) eta dopamina (Parkinson)- bi mekanismo bereizien eragina direla frogatu zuten: baldintzaketa (kondizioa), eta kognizioa (espektazioa). Hauek bereizteko hiru azpi-ikerketa erabili ziren:

  • Bolondres osasuntsuetan, min artifiziala eragitean izandako sentsazioa neurtuz.
  • Parkinson gaisoetan, mugimendua neurtuz.
  • Hormona sekrezioa neurtuz.

Mina aztertzeko azpi-ikerketan, 5 taldetan banatutako 60 pertsonek partehartu zuten. Besoan min iskemikoa eragin zitzaien tornikete-prozedura baten bidez, eta jasanezina bihurtu arteko denbora kontatu zen. Esperimentua egunero burutu zen, 4 egunez jarraian:

  • 1. taldea kontrolekoa izan zen, inolako interbentziorik gabe.
  • 2. taldeari injekzio inertea eman zitzaion 2. egunean, analgesiko indartsua zela esanaz. Minarekiko tolerantzia handitu egin zen.
  • 3. taldeari ere injekzio inertea 2.egunean, baina hiperalgesikoa zela esanaz. Minarekiko tolerantzia jeitsi egin zen.
  • 4. taldeari injekzio analgesikoak eman zitzaizkion 2 eta 3.egunetan, eta injekzio inertea 4.egunean, analgesikoa zela esanaz. Egun horretan, minarekiko tolerantzia gehiago handitu zen 2.taldean baino.
  • 5. taldeari ere injekzio analgesikoak 2 eta 3.egunetan, eta injekzio inertea 4.egunean, hiperalgesikoa zela esanaz. Minarekiko tolerantzia jeitsi egin zen.

Parkinson gaisoengan eginiko interbentzioan, berriz, 10 pazientek partehartu zuten. Gune subtalamikoan elektroestimulazio sistema bat ezarri zitzaien (hura martxan jartzean mugimenduak azkarrago burutu daitezke; Parkinson gaisotasunean erabili ohi den tratamendua da). Testa pazienteei eskubiko eskuko mugimendu bat egiteko eskatzea izan zen; haren abiadura bi bider neurtzen zen (azalpenak jaso aurretik, eta gero). Esperimentuaren aurretik, pazienteek testa aurretik hainbat bider praktikatzeko aukera izan zuten.

Entseguan, double blind prozedura erabili zen (ez pazienteek eta ez ikertzaileek ez zekiten elektrodo subtalamikoak martxan ari ziren edo ez). Paziente guztiekin hiru froga egin ziren, une eta orden desberdinetan. Emaitzak hauek izan ziren:

  • A – Elektroestimulazioa martxan, pazienteak mugimenduak burutzea osagileak ezer esan gabe. Mugitzeko ahalmena mantendu zen.
  • B – Pazienteari elektroestimulazioa itzaliko zela esan (baina martxan mantendu). Mugimenduaren abiadura modu nabarmenean jeitsi zen.
  • C – Pazienteari elektroestimulazioaren intentsitatea jasoko zela esan, mugimendua hobeto egin ahal izateko (baina intentsitatea jaso barik). Mugitzeko ahalmena mantendu zen.

Ikusten denez, elektroestimulazioa konstantea izan zen, espektazioei buruzko azalpenak bakarrik aldatu zirelarik. Artikulu egileek azpimarratzen dutenez, B kasua da pazienteekin jarraitzen den ohizko tratamendu prozedura (nozeboa, beraz).

Baldintzaketa prozedimentua aintzinatik ezaguna da (Pavlov). Erantzun hormonala neurtzeko taldean, botikak erabiliz aktibatu zen: 1º biologikoki aktiboa den farmakoa emanez; 2º lehengoaren itxura duen placeboa emanez, farmakoar efektua mimetizatzen den ikusteko. 95 paziente errekrutatu ziren, 9 taldetan banatuta. Interbentzioaren aurretik GH eta kortisol hormonen konzentrazio normala neurtu zitzaien, (egoera eta ordu desberdinen artean bataz bestekoa). Interbentzioan, 1 taldea kontrolekoa izan zen; 2,3,4 eta 5 taldekoekin GH hormona estudiatu zen; 6,7,8 eta 9koekin, berriz, kortisola; entseguan sumatriptan erabili zen, GH hormonaren maila igotzearekin batera kortisolarena jaisten duen farmakoa. Hauek izan ziren interbentzioak eta emaitzak:

  • 1. taldeari ez zieten farmako edo plazeborik sartu.
  • 2. taldeari injekzio inertea eman zitzaion, GH hormona igoko zitzaiola sinestaraziz. Ez zen aldaketarik egon.
  • 3. taldeari ere injekzio inertea, baina GH jeitsiko zitzaiola sinestaraziz. Ez zen aldaketarik egon.
  • 4. taldeak 2.taldearen interbentzio eta azalpen bera jaso zituen, baina aurreko egunetan sumatriptan dosiak jasoak zituzten baldintzaketa moduan. GH hormonaren maila modu nabarmenean igo zen.
  • 5. taldekoei ere 4.taldearen baldintzaketa bera egin zitzaion aurreko egunetan, eta entsegua egiterakoan 3.taldearen interbentzio eta azalpen bera eman zitzaien (GH jeitsiko zitzaiola). Halere, GH hormonaren maila modu beretsuan igo zen.
  • 6. taldekoei injekzio inertea eman zitzaien, kortisol maila jeitsiko zitzaiola sinestaraziz. Kortisol maila ez zen aldatu.
  • 7. taldekoei ere injekzio inertea, baina kortisola igoko zitzaiola sinestaraziz. Kortisol maila ez zen aldatu.
  • 8. taldekoei 6.taldearen interbentzio eta azalpen bera eman zitzaien, baina aurreko egunetan sumatriptan farmakoa baldintzaketa moduan jaso eta gero. Kortisol maila modu nabarmenean jeitsi zen.
  • 9. taldekoei ere 8.taldearen baldintzaketa bera egin zitzaion aurreko egunetan, eta entsegua egiterakoan 7.taldearen interbentzio eta azalpen bera eman zitzaien (kortisola igoko zitzaiola). Halere, kortisol maila modu beretsuan jeitsi zen.

Ondorioen artean, beraz, autoreek bi aurkikuntza azpimarratzen dituzte:

  1. Espektazio-plazeboak minaren perzepzioa eta mugikortasuna eralda ditzake; ez, ostera, hormona sekrezioa.
  2. Baldintzaketa-plazeboak hormona sekrezioa eralda dezake.

Lehenengo ondorio hau aurreikustekoa bazen ere, bigarrena harrigarriagoa da niretako. Izan ere (espekulazioen mundu elastikoan sartuta), honek nerbio sistema autonomoa ere “engainatzerik” badagoela adierazten digu, terapeutikoki oso interesgarriak diren bideetan sakontzeko aukera zabalduz. Pavlovek txakurrekin testatu zuen nerbio-zirkuito korapilotsu hori ondo ezagutzea lortuko al dugu inoiz? Benedettik eta bere lagunek, artikulu amaieran, teoria neurofisiologiko pare bat aurkezten dituzte, egunerokotasunarekin lotutako adibideekin (kafeinadun eta kafeinagabeko kafearena adibidez).

Komentatu beldurrik gabe! Zuen kritikak pozik hartuko ditut nik.

Fisteus blogerako, 2015ko gabonillan 18xa.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Terapia eraginkorren ahalmena indartzen (Testa 2016) | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*