Poliki, baina ziur (Plinsinga 2015)

Formakuntzan etenaldi luzea egin ostean (udazken-negu honetan lanpetu xamarra ibili naiz, espeleologian zein kontsultan) neguko lasaitasuna aprobetxatzen dut sutondoan goxo-goxo handik eta hemendik iritsitako artikuluak dastatzeko. Berriro hasteko, utzitako puntua aukeratzea ez da txarra izaten; eta horretara, iaz Fisteuseko lagunei esker eskuratutako JOSPT-eko artikulu honi heldu diot:

  • PLINSINGA, Melanie L. BRINK, Michel S. VICENZINO, Bill. VAN WILGEN, C. Paul. 2015. Evidence of Nervous System Sensitization in Commonly Presenting and Persistent Painful Tendinopathies: A Systematic Review. J Orthop Sports Phys Ther 45(11):864-875.

Errebisio hau, informazio berri askorik eman ez badit ere, Arturo Suchekin ikasitako gauza garrantzitsuetako bat azpimarratzera dator: tendinopatia kasuekin batera, sarri, sentsibilizazio zentraleko prozesua martxan aurki dezakegula alegia. Hau identifikatzeak, fisioterapia aldetik erabilpen zuzenik ez badu ere, terapia mota batzuk edo besteak aukeratzerako balioko digu.

Hiperalgesia eta alodinia kontzeptuak ere bereizten ditu; ñabardura komenigarria inondik ere, batez ere eboluzioaren jarraipena fitxan idazterakoan, edo kontsulta arteko deribazioetarako.

Arazo bat ikusten dut: nola neurtzen da sensitizazio hori (hiperalgesia edo alodinia), zerekin konpara daiteke? Ezen, zentrala bada, menbru kontralaterala edo distantziako beste gorputz atalak ere ukituak egon daitezke. Eta kontroleko pazienteekin konparatzeak ere arazoak dakartza (pertsona desberdinen arteko minak nekez konpara daitezke). Autoreek ere seinalatzen dute alboratze metodologiko nabarmenak daudela errebisatutako artikuluetan: 18 ikerketetatik, 5 bakarrik itsutu ziren; ikerketa batek ere ez zuen seinalatu parte-hartze ezaren ratioa…

Ondorioen kalitate eskasa, halere, ez dator Plinsinga eta bere lagunen errebisioarengatik, baizik eta ondo eginiko ikerketen faltarengatik (gainera,

daudenak batez ere EESS-ei buruzkoak dira, eta emaitzak ezin dira EEII-etara besterik gabe estrapolatu). Hemen ere, nire ondorio faboritoa ateratzen dute autoreek: “further studies are needed”. Halere, konfirmazio formal eta metodologiko zuzena noiz etorriko zain, artikulu honetan baieztatzen da sensitizazio zentrala presente dagoela epe luzeko tendinopatietan. Beraz, faktore hau edozein tratamendutan aintzat hartu behar da, fokoa tendoira esklusiboki zuzendu beharrean.

Fisteus blogerako, 2017ko zezeillan 8xa.

 

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*