Pubiseko osteopatia dinamikoa

 Lesio hau oso ezaguna egin da azken urteotan, futbolaren gorakadarekin. Ezagut dezagun gure gladiadore berrien zoritxarreko arazo hau, gutxienez taberna giroko eztabaidetan hobeto aritzeko. Bai: pilotaren atzetik antxintxika aritzeak tentsio handiak sortzen ditu pelbis inguruan, baina hori kirol gehienetan gertatzen dela esan dezakegu. Futbolean, baina, hortaz gain ostikada indartsuak ematen dira, tentsioa areagotuz. Gorputzeko alde horretan muskulu indartsuenak elkarlanean aritzen dira, eta sokatira jokoarekin konpara dezakegu: indarrak parekatuta badaude, erdigunea (pubisa) orekan egoten da; baina batek gehiegi (edo besteak gutxiegi) tiratzen badu, tiralari guztiak hankaz gora doaz.
Argitu ditzagun izenak lehenengo eta behin: pelbisa, pubisa… Izan ere, nahastea sor dezaketen izenak dira, batez ere taberna giroan. Pelbisa hiru hezurrez osatutako unitateari esaten zaio, kaleko hizkeran ipurdia, aldakak eta izterrondoak. Hiru hezur horien izenak iliakoak eta sakroa dira. Iliakoak bi dira: eskuinean eta ezkerrean kokatuta daude, belarrien itxuran; eta sakroa haien atzealdean galtzatuta dago, goitik behera letorkeen gezi-puntaren antzera. Aurretik, berriz, iliakoen artean ez dago tarteko piezarik: zuzenean elkar ukitzen daude, pubiseko artikulazioa osatuz.
Hiru hezur horiek osatzen duten hezurrezko eraztuna ezagutu eta gero, jakin dezagun muskuluei buruzko zerbait. Pelbisean muskulu asko daude, jakina, funtzio asko betetzen dituztenak: bizkarrarekin lotura sendoak, bi aldaken inguruko egiturak… Baina guk, gure futbolari gaixoen penak ezagutze aldera, leku txiki bakarrean jarriko dugu begirada: pubiseko artikulazioan, hau da, lehen esan bezala muskulu talde sendo bi elkarren arteko sokatiran ditugun lekuan. Muskulu abdominalek goraka tiratzen dute (egia esanda, norabide desberdinetan lan egiten duten zortzi muskulu dira, baina pubisetik gora tiratzen duen bektore bakarrean laburbil daitezke). Bi dira abdominalen antagonistak: femurraren flexore eta aduktoreak, hau da, izterra aurrera eta barrura daramaten muskuluak. Bai, hori da: baloiari ostiko emateko mugimenduaren arduradunak!
Honezkero hasiko zineten arazoari traza hartzen. Izan ere, sabel eta izterreko muskulu indartsuon tira-eta-laga jokoaren emaitza zero izan behar da beti: pubisa ez da ez gora ez behera mugitu behar. Gure gorputza naturalki orekatuta dator: modu sinplean esan dezakegu izter bateko flexore eta aduktoreek muskulu abdominalen indarraren erdia dutela, eta, beraz, beste izterreko muskuluekin parra eginda pubisa orekan geratzen dela. Hiru elementuon oreka hori hainbat faktorek hauts dezakete; futbolarien kasuan, arazo nagusia izterreko muskuluak gehiegi indartzea da, edo, hobeto esanda, entrenamenduetan muskuluak proportzio egokian indartu ez izana (gogoratu abdominalek izterreko muskuluek baino indar gehiago beharko luketela). Gainera, normalean gainindartze hori are nabarmenagoa izaten da bi hanketako batean; horretara, indar gehien duen izterrak zizailaren efektua eragiten du pubiseko artikulazioan. Egoera horrek artikulazioaren eta inguruko lotailuen hantura eta mina dakartza, eta oso gaitza izaten da arazoari buelta ematea. Tratamendua, mina kentzeaz gain, entrenamenduak moldatzean datza, desorekatutako muskuluek indar proportzio egokia har dezaten, baina, behin puntu honetara ailegatuta, kirolaria erretiroan pentsatzen hasi behar da: aurrerantzean arazoak arazoen gainean izango ditu-eta.
Izan ere, pubis osteopatia urte askoan txarto eramandako entrenamenduen ondorioa baino ez da. Astakeriak egitea eta gero masajeak hartzea gauza atsegina da, baina horrekin ez da funtsezko arazoa konpontzen. Laburbilduz: masaje gutxiago, eta prestatzaile fisikoari kasu gehiago

Gaur8rako, 2013ko jorraillan 6xa. 

Tratamenduari buruzko informazio gehiago solofisio.com webgunean.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Osteopatía dinámica del pubis | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*