Sagar ustelak Ondarroako Udalean

Irudixa: Steve Allen

LABURPENA

Ondarroako Udalak bidegabekeri administratibo larria burutu du Artibai Zaharren Egoitzan: tekniko batzu, politikariei dagokien erabaki-eskumena hartuta, fisioterapia zerbitzua ematen ziharduen enpresa arbitrarioki kanporatu dute. Motiboa: haien diru eskari irregularra onartu ez izana.

Portaera honen aurrean Udal Korporaziora jota, ez dugu inolako azalpenik jaso: ez gobernutik, ez oposiziotik. Babesgabetasun honen aurrean, auzia publiko egitea baino ez zaigu gelditzen, Ondarroako Udalari jokabide arbuiagarri hauek ekiditeko bideak jarri ditzan eskatzeko.

Ver traducción en castellano

 

1.     Arazuan deskribapena

(erantzuleak izen-abizenez identifikatzeko, jo 2. atalera)

 

1.1 Aurrekarixak

2004tik ibilli da AIXEBE Fisioterapia Zentrua, Ondarruko Artibai Egoitzan fisioterapia zerbitzua emoten. Lau urtetik behin zerbitzua lehiaketara etaratzen da, eta aurten arte, guri esleitu izan deskue. 12 urte izan dira gure aldetik biharra ahal danik eta onduen egitten; Udalan aldetik eragozpenik barik; gorabeheraren bat zeguan bakotxian, alkarrekin berba eginda konponduz; denpora honetan legezko fakturak egin doguz (osasun-zerbitzua danez, BEZ-etik salbuetsitta), hillero-hillero, kontuhartzailetzan aurkeztuz eta kobratuz.

 

1.2 Eziñezko eskari bat

Halako batian, 2015eko urrixan, 12 urte eta gero, Udal Kontuhartzaillian deixa jaso genduan: fakturak BEZ barik aurkezten genduzela, eta baldintza pleguan arabera (azkena, 2008kua) hórrek urte guztietako BEZ-a itzuli bihar gentsela. Harrittuta, gaizkiulertua izango zalakuan, Udal Idazkarixarekin elkartu giñanian (baldintza plegu horren egillia) eskarixa berretsi zeskuan: baietz, baldintza pleguan argi jartzen dabela BEZ-a aparte doiala.

 

1.3 Akatsez betetako plegua

Baiña… pleguak orokorrak dira  eta itxura guztien arabera ez dittuez enpresa bakotxan ezaugarrixetara egokitzen. Halan, 2008ko honi bistazo txiki bat emotia nahikua da akatsez jositta dagola ikusteko (gazteleraz “Servicio de Fisioterapia” esaten daben lekuan, euskeraz “Animazio Zerbitzua”… etabar etabar). Bere sasoian be, siñatzerako orduan, akatsok zerrendatu genduzen (ez guk bakarrik; esleipenera aurkeztu zan beste enpresa bat be konturatu zala kontau barri desku); akatson artian, BEZ-an aipu hau be zeguan; baiña Idazkarixak ez zetsan garrantzirik emon, “lasai, ez daka garrantzirik; korta-pegan ondoriozko erroriak dira (sic), eta ez doguz kontuan hartuko”. Bistan danez, emondako berbia jan dabe.

Ustezko BEZ-an kopuru hori itzultzian eskarixari onarteziña iritzitta, Udalakin bildu nahi izan giñan, txartoulertua berba egiñaz konpontzeko. Idazkarixakin egon giñan. Guk eurak 2008xan onartutako gure Proposamen Ekonomikua erakutsi gentsan (benetako balixo legala dakan dokumentua Proposamen Ekonomikua da, ez baldintza plegua). Han BEZ-ik ez genduala aittatu ikustian, arpegiko koloria be aldatu jakon: bere sasoian ez zebala irakorri ikusi genduan (“bestela ez gendukian onartuko!” esan zeskuan, literalki). Hau da: leihaketia dokumentaziñua ondo irakorri barik ebatzi zeben. Honen aurrian bere erantzuna txistekua izan zan: “Izan be, guk ez dogu dana irakortzen. Ene! Dana irakortzen hasi biharko bagiña…!”.

 

1.4 Ipurdixa bistan

Hain begibistan geratu zan euren utzikerixia, eze, erantzun bat emotekotan geratu ziran arren, ez ziran kapazak izan guri deitzeko be (hankasartua onartzeko eta gauzak lehengo modura lagatzeko). Horren ordez, fakturak ordaintziari laga zetsen eta gurekin komunikaziñua eten zeben. De facto horixe izan zan erantzun bakarra.

Gu bitartian isil-isilik, gure bihargiñei eta Egoitzako lankide eta pazientiei ezer be esan barik, egunero-egunero biharrian etika profesionalak agintzen daben modura. Bost hillez, kontratuan azken egunerarte.

 

1.5 Abogauak salatzia gomendatu

Erantzun falta honen aurrian zer egin jakin barik, abogaua hartu genduan; honek Udala salatzia gomendatu zeskuan (malbertsaziño delitua, Kode Penalan eta Arlo Publikoko Kontratazioaren Legean arabera); halan be, guk berba egitteko borondatiari eutsi gentsan. Bost hillabetez saiatu arren, ez genduan iñokin biltzia lortu. Funtzionarixuak kaso egingo ez zeskuela konbentzidu giñanian, politikuekin billerak eskatzen hasi giñan. Hortan genbizela, otsaillan 22xan, zorretan zeguazen faktura guztiak batera ordaindu zeskuezen (guk gauza bixak lotu genduzen: politikoren bat funtzionariuen ustezko delituakin konturatu zalako edo). Hau inplizitoki arrazoia guri emotia zan; baiña, halan be, billeria eskatzen jarraittu genduan: hillabete gelditzen zan gure kontratua amaitzeko, eta ondiok ez genkixan Artibai Egoitzan biharrian jarraittu bihar genduan ala ez.

 

1.6 Zerbitzutik kanporatuta

Handik egun batzutara (martzuan 3a) idatzizko jakiñarazpen bat jaso genduan, hillian amaieran, kontratuakin batera, gure jarduna amaittuko zala iragarriz. Gure kanporaketian motibua, halan be, ez zan argitzen.

Kontratuak urtebete luzatzeko aukeria zekan (azken 12 urtietan egindako lez), baiña oinguan halakorik ez zan aittatzen. Jakiña: Udalak ez daka ezelako obligaziñorik gure kontratuakin jarraitzeko, eta legian arabera edozein hartu leike gure ordez. Guk, halan be, argi dakagu funtzionario batzuei aurre egin detsegula, eurak horrekin mindu egin dirala (ez dagoz ohittuta, antza) eta hau horren erantzuna izan dala.

 

1.7 Txaplatak jartzen

Gerora jakin dogu (hechos consumados) denbora gaiñian zeukela eta 6 hillabeteko presazko kontratua, hitzarmena edo batek daki zer egin detsela beste enpresa bati, lehiaketa barrixa gero denporaz prestatzeko.  Gauzak asko aldatzen ez badira, guk ez dakagu aurkezteko asmorik; Udal Administraziño honekin biharra egitteko gogua oso-osorik kendu jaku.

Eta hurrengo esleipena hartuko daben enpresiari mezua. Gure kasuak abisu modura balixo daizuela! Irakorrizuez ondo klausula guztiak, eta akatsak topatzen badozuez, ez fixau jente horrekin: siñatu aurretik, zuzenduarazi.

 

1.8 Corolario

Eguneraketa: irakortzen zabizen idazki hau 2016ko aprillian argitaratzeko prest genkan. Halan be, aurretik fidantzian asuntua argittu nahi genduan. Jakingo dozuenez, kontratak egittian, zerbitzuan arduria hartzen daben enpresiak diru bat laga bihar izaten dau berme modura, zeozer txarto egin ezkeriok harekin erantzun ahal izateko. Biharra amaitzen danian eta dana ondo badago, diru hori itzuli egitten jako enpresiari… eta halan egin dau Ondarruko Udalak juan dan 13 urtian be: esleipena amaitzen zan bakotxian, dirua itzuli.

Oinguan, baiña, Udal Idazkarixak ez desku diru hori itzuli nahi hamendik urtebete pasau arte. Gure eskarixari idazki luze eta argumentatu batekin erantzun detsa (bistan da denpora libre asko dakala, halako gauzetan gastatzeko), oiñ arteko arau berberak beste erara interpretauaz, lehen biharra amaittu eta segiduan itzultzen zana urtebetera bueltatzeko.

Zelan ulertzen da hau? Gure ustez, argi dago: “Gu izorratzen ibilli zarie… ba hamen dakaze erantzuna. Oin zuek izorrau!”. Ze funtzionario klase diraz hónek??

Gaixa aztertu eta gero, abogauak esan desku reklamau ezkeriok seguraski irabaziko gendukela, eta bermia itzuliko leskiguela. Baiña… horrek dakarren molestia, epaitegira juan-etorri eta guztietaz gain, ez dakigu epaixa noizko izango litzaken, eta ez litzake arrarua izango urtebete baiño geruago izatia. Beraz, ez deskuala merezi; tamalez, geuk ez dakagu (Udal Idazkari eta Kontuhartzaillia legez) denporarik sobran halako pultsu absurduetan gastatzeko.

Itxaingo dogu, ba, urtebeteko epe hori fidantza hori barriro eskatu arte. Baiña bittartian, azken eztenkada hau be gehittuko detsagu oiñ arte egindako irregulartasunen zerrenda luziari.

 

2.     Erantzukizunak

Bidegabekerixa kate hau Udaleko teknikuen ekimena izan da; politikuak, funtzionariuak hartutako erabagixok onestera mugatu dira. Lan egitteko forma hau onarteziña da Udal Administraziño batian; imajinau daigun zer gertatu leikian kasu hau (diru partida txiki bat, azken fiñian) kontrataziño haundixetara estrapolau ezkero.

Tamalez, gu EH Bildukuak edo EAJ-kuak ez garanez, ez dakagu “aittabitxirik” Ondarruko Udalian; horretara, eziñezkua jaku gai hau Pleno batera eruatia. Oposiziñokuekin bildu nahi izan dogu, kasua azaltzeko, baiña ignorau egin gaittue (nahitta, seguraski); Gobernukuak, barriz, asuntua publiko egin dogunian bakarrik deittu gaittue billera batera.

Billera hori  (5 hillian lehelengua, eta gaur arte bakarra) aprillan 4an izan zan.  Bertan Zunbeltz Bedialauneta (Alkatia), Rakel Elu (Gizarte Ongizate Zinegotzixa) eta ni neu (Oier Gorosabel) egotekuak giñan; azken momentuan Josebe Arauko (Udal Kontuhartzaillia) be agertu zan. Billeratik ondorixo honekin urten nintzan: funtzionarixuak ikutueziñak sentitzen dira, eta Udal Korporaziñuak ez daka euren hankasartuengaittik kargu hartzeko asmorik.

Horretara, abuso honen aurrian guztiz babesgabe sentitzen gara eta salaketa publikuan bidia baiño ez jaku geratzen. Zentzu horretan, eskerrak emon nahi detsuet gure mezua zabaltzen ibilli zarenoi.

Erantzukizunak banatzerakuan, ez dago argi gu kanporatzeko erabagixa zeiñek hartu daben. Hasieran uste neban asunto hau kontuhartzaillian eta idazkarixan erantzukizun ixa esklusibua zala. Billera honen ostian ikusi dot, ostera, negligentzia-kate baten biktimak izan garala. Aztertu daigun bakotxan papela.

 

2.1 Garaine Ajuria, Udal Idazkarixa

Ajuria idazkarixana negligentzia kasu argixa da: gure kontra erabillittako klausula okerrak berak idatzittako baldintza plegutik datoz. Lehen esandako lez, baldintza plegu hori akatsez beteta dago, eta berak onartu dau testu txatalak beste plegu batetik kopiau zittuala, eta dokumentaziñua ez zebala osorik irakorri.

Ajuriak gaiñera, konforme ez genguazela ikusitta, hankasartua onartu eta atzera egin biharrian, dirua itzultzeko eskari irregularra babestu eta mantendu dau, txartoulertua argitzeko billera eskarixei kasorik egin barik.

 

2.2 Josebe Arauko, Udal Kontuhartzaillia

Kontuhartzailian kasuan, negligentzia baiño exceso de celo kontua izan dala dirudi. Udalari gastuak aurreztiarren, Araukok Ajuriaren baldintza-pleguko akats bati literalki heldu detsa: zerbitzuengaittiko fakturak “BEZ barne” dirala esaten daben epigrafiari, hain zuzen be. Akatsa begibistakua bada be (osasun zerbitzuak BEZ-etik salbuetsita gagoz!), Kontuhartzailliak honako hau inposatu nahi izan desku: dagokiguna baiño %21 gehixago kobratzen ibilli garala argumentatuz, aurrerantzeko fakturetan kopuru hori deskontatzia eta azken urtietan sobran jasotako dirua itzultzia.

Halan, Araukok (bakarrik ala Ajuriakin batera, hori argitzeko dago) enpresa txiki bat hondoratzeko puntuan ipiñi dau; ordainketak bost hillebetez blokeau dittu; gure kanporatzian detonante papela jokatu dau; eta langille baten despidua eragin dau.

Billera honetan, Araukon jarreria harrua eta desafiantia izan da, lanpostuan ziur sentitzen dan pertsonian prepotentziakin. Berba oso gogorrak trukatu doguz. Bera ez zeguan billerara gonbidatuta; beraz, argudio teknikuak emoten hasi danian moztu egin dot (berari erantzuteko ezagutza dakan gure lankidia ez dalako etorri).

Funtsian, billeran Araukok bere burua justifikatzen jardun dau:

  • Ordainketen atzerapenik ez dala egon, Administraziñuan manejatzen dirazen epe normalei buruz luze eta zabal jardunda.
  • BEZ-a kentzeko proposamena be zentzunezkua izan dala, plieguan akatsei garrantzixa kenduz; eta berandako be huts egitteko eskubidia (¡!) aldarrikatuz.

Lehelengo argudixua, baiña, ez da balekua: batetik Udalandako biharra egin dogun 13 urtian ez dogu sekulan izan horrenbesteko atzerapenik; bestetik, sektore publikoko kontratuak arautzen daben legian arabera, Udalak 30 eguneko epia dakalako ordaintzeko; eta gainera “interes de demora” reklamau dogu eta onartu egin deskue, atzerapena egon, egon dala onartuta. Bigarren argudixuakin, barriz, zeozer txarto egin dabela onartzen dau, ziharka bada be.

Argudixo teknikuei buruz berba egitteko, ostera, ni ez naiz pertsona egokixa. Araukok hori diskutidu nahi badau gure Gerentiakin izan biharko da, aparteko billeran, edo tribunal baten aurrian.

 

2.3 Rakel Elu, Gizarte Ongizate Zinegotzixa

Billeran Elu kejau egin jata: gauzak publiko egitten hasi baiño lehen, berakin egon bihar giñala; bera beti egoten dala berba egitteko prest; billera hau lehenago egin izan bagendu, ez giñala gaiztotze-puntu honetara allegauko…

Ez da holan. Billeran ez nekan berari erantzuteko informaziñorik, baiña gure artxibuan billaka ibilli naiz hurrengo kronologia osatzeko. Bertan ikusi leikian modura, gu bai saiatu gara Elukin biltzen; behiñ baiño gehixagotan gaiñera. Bera izan da, gaur arte, gure eskarixei entzungor egin detsana.

 

Kronologia

Aurrekarixak:

  • 2015 urrixa: Araukok deittu ginttuan, BEZ-ana azaltzen.
  • 2015 azarua-abendua: Ajuriakin eta Araukokin azken kontaktua; fakturen blokeua; guk fakturak idatziz erreklamatzia; gure abogauan denuntziatzeko aholkua; guk gauzak berba egiñaz konpontzen tematzia; funtzionariuak bidia oztopatzen dabizela konturatzia; politikuen atzetik ..
  • Urt 29, Arrizabalaga alkatiakin billeria eskatu genduan; hillabetez bere atzetik ibilli eta gero, bere dimisiñuan barri izan genduan. Beraz…
  • Ots 16, Elu zinegotzixakin billeria eskatu genduan. Hau egin eta gero ordaindu zeskuezen atzeratutako fakturak (ots 22), guk interpretau genduan Eluren eragiñez izan zala (delitu posibliakin konturatuta edo).
  • Fakturena konponduta, kontratuan iraungipenana argitzia falta zan (ez genkixan Egoitzan jarraittuko genduan ala ez). Beraz, Elun erantzunan billa jarraittu genduan, idatzizko billera eskarixa berretsiz; erantzunan faltan, ots 29xan Eluren telefonua eskatu gentsan idatziz alkatian idazkarixari. Erantzunik ez.
  • Mar 2xan edo, telefonoz deittu gentsan alkatian idazkarixari. Honek berretsi zeban gure emailla Eluri pasau zetsala, eta harrittuta agertu zan ondiokan ez zalako gurekin harremanetan jarri. Hori ikusitta, Elun telefono zuzena eskatu gentsan. Bere erantzuna: ez dakala telefono pertsonalik emoteko baimenik. Horren ordez, Elun Mankomunidadeko lankide baten telefonua emon zeskuan. Behin bakarrik deittu genduan eta ez genduan erantzunik lortu; agendan apuntauta genkan insistitzeko, baiña bittarte horretan…
  • Mar 3 fetxaz, Bedialauneta alkatiak jakiñarazpena bialdu zeskuan gure esleipena mar 31ian iraungitzen zala esanaz. Puntu honetan, billerak eskatziari lagatzia erabagi genduan, aurrerantzerako lanak banatuta: gure gerentia auzixan alde tekniko/ekonomikuaz enkargauko zan, eta zuzendarixa (ni neu) erantzukizun politikuak eskatziaz.
  • Mar 10 fetxaz, idazkixa bialdu netsen Bedialauneta alkate, Elu Gizarte Ongizateko zinegotzi, Arkotxa Lanarigo zinegotzi, Artaetxebarria Egoitzako zuzendari, Ajuria idazkari eta Arauko kontuhartzailliari. Eskarixa hau zan: gu zerbitzutik kanporatzeko motibua argitzia. Astebeteko epia emon gentsen, erantzunik jaso ezian, asuntua publiko egingo genduala esanaz (ordurarte iñok ez zekixan ezer eta).
  • Hurrengo astian, Rakel Elun telefono deixa jaso genduan (ordezkari politiko batengandik jasotako lehelengua). Gurekin biltzeko prest zeguala, eta deittuko zeskuala.

 

Kamiñaldeko lurrena etabar

Esan biharrik ez dago Ondarruko Udalak izan daben annus horribilis hau be kontuan hartu dogula (alkatian dimisiñua, Kamiñaldekua, portuko leherketia…); horregaittik ez genduan asuntua publikatu esadako epian (mar 17). Halan be, kontuan hartu bihar da salatzen gabizen hankasartuak desastriak hasi baiño zatixa lehenagokuak dirazela. Fetxak gogoratu daiguzen:

  • Mar 2: lehelengo lur-jauzixak.
  • Mar 3: lehelengo azterketa teknikua; kalia zirkulaziñorako ixtia.
  • Mar 4: Udalan lehelengo billeria auzotarrekin.
  • Mar 8-9: lehelengo 84 etxebizitzen desalojua.
  • Mar 10-11: hurrengo 92 etxebizitzen desalojua.

Eta halan allegau giñan martixan 30era, gure azken bihar-eguneko bezperara. Ondiok ez genkixan zein etorriko zan gure partez Egoitzako fisioterapia zerbitzua betetzera. Halan, inguruko fisioterapeutekin berbetan hasi giñan, gure ordezkuak lokalizau arte; eurekin bixamonian geratu eta alkarrekin koordinau giñan Egoitzako biharra ganoraz traspasatzeko. Egun horretan bertan ohar bat banatu genduan egoitzako lankidiak eta egoiliarren senidiak informatzeko (ordurarte asunto guztia isilpian mantentzen genbizen eta), eta gero blogian esegi genduan. Hortik aurrerakuak ezagunak dira.

 

2.4 Zunbeltz Bedialauneta, Alkatia

Argi dago berau dala asunto honetan parte gitxien dakana; alkatetzia hartu eta segiduan tokau jakozen arazuak ez dira makalak, eta nere elkartasuna daka alde horretatik. Halan be, gauza batek ez dau bestia kentzen eta, udal burua dan neurrixan, aurreko alkatiak, zinegotzixak eta teknikuak egindakuen hankasartuengaittik erantzutia tokatzen jako.

Erantzun hori, batez be, kuestiño honetan laburbiltzen da: juan dan 13 urtian (fisioterapia zerbitzua hasi zanetik), urte bittik behiñ, esleipena barrizteko aukeria emon jaku. Zein izan da oinguan hala ez egitteko motibua?

Gure ustez, funtzionario batzuen jauntxokerixia izan da. Eta horrek Udalan aldetik erantzun bat bihar dau.

 

3.     Funtzionariuak ikutueziñak dira?

 

Kontuan hartu daigun, Udal batian, politikuak juan-etorrixan ibiltzen dirala: hauteskundien emaitza okerrak, eskandaluak, dimisiñuak… urte gitxittan arduradun politiko guztiak begibistatik desagertzen dira. Baiña funtzionariuak hor dagoz beti.

Izan be, Udal baten martxa egokirako, teknikuak papel garrantzitsua betetzen dabe: espezialistak dira, ezagupen haundixa dake, politikuak baiño zatixa gehixago. Kasu honetan, Ajuriak urte gitxiago daroiaz, baiña Arauko, billeran txarto ulertu ez baneban, 1985tik hona dago Udalian (Felix Aranbarrin lehelengo alkatetzatik hona izan diran gobernu guztietan, beraz).

Funtzionariuak pisu haundixa dake eta gauza asko dakixe; ondo egin dirazenak, eta ez dirazenak. Ikusi dotenangaittik EH Bilduko gobernu hau (nahiz eta Udalan gardentasuna takian-potian aldarrikatu) ez da ausartzen eurei errixetan egittera; gitxiago administratiboki zigortzera. Azken fiñian guk asunto honekin amaitzen dogunian be, eurak alkarrekin egunero biharrian jarraittu biharko dabe; ez dabe rollo txarrik nahi. Ez dirudi EAJ-kuen jarreria desbardiña danik; hau da, izatekotan EH Bildukuei erasotzeko prest egongo dira, baiña Idazkarixa eta Kontuhartzaillia ikutu barik (aurretik eurekin biharra egin izan daben modura, hurrengo hauteskundiak irabazi ezkero be lankide izango dittuez).

Funtzionariuen ikutuezinttasun hau guztiz iraingarrixa da bihargin “normalondako”, eta Ondarruko EAJ-k eta EH Bilduk kontuan hartu biharko leukie, herrixan dauken irudi publikua kaltetzen jarraittu nahi ez badabe behintzat.

 

4.     Gure eskari eguneratua

Esandakuak esanda, gure eskarixa eguneratu biharrian gagoz. Martixan 4ra arte, egindakuan arduradunak identifikatzia eta zigortzia eskatzen genduan. Oiñ barriz, erantzukizuna sakabanatuta dagola ikusi dogunez, zera eskatzen dogu:

  • Udalak publikoki adieraztia hankia sartu dabela. Hau da: Udalak egindako akats administratibo batzungaittik, Aixebe enpresia Artibai Egoitzako fisioterapia zerbitzutik bidegabeki baztartua izan dala.
  • Adierazpen honetan, arduradunak izen-abizenez identifikatzia:
    • Ajurian aldetik, akatsez betetako baldintza plegu bat erredaktau izana, eta bidegabeko eskari bat mantendu izana.
    • Araukon aldetik, akatsotako bati heltzia, bidegabeko eskari bat mantendu izana, eta ordainketak blokeatu izana.
    • Elun aldetik, arazua konpontzeko egindako billera eskarixei kaso ez egin izana.
    • Bedialaunetan aldetik, alkatetzak hónek ekintzok onetsi izana.

Horrekin konformauko gara. Ez dogu eskatzen ez funtzionariuei espedientia zabaltzerik, ez lanpostuz aldatzerik, ez politikuen dimisiñorik.

Zer eskaintzen detsagun Udalari horren truke? Txarto egindakua aitortzen badabe, aitorpen hori hamen argitaratzia. Ez da gitxi: horrekin, okerrak zuzentzeko kapazak dirazen funtzionario fiñez eta politikari ausartez osatutako Udala dakagula agerixan geratuko litzake. Ez alkarren zuluak tapatzen ibiltzen dan goodfella kuadrillia.

 

Oier Gorosabel Larrañaga

Aixebe Fisioterapia Zentruko Zuzendarixa

Ondarroa, 2016ko uztaillan 31ª

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Manzanas podridas en el Ayuntamiento de Ondarroa | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*