Sorbaldako errotatzaileen tendinitisa

Irudia: http://www.traumazamora.org/infopaciente/hombrodolo/hombrodolo.htm
Zalantzarik gabe, beso eta eskuen mugikortasuna demaseko abantaila ebolutiboa da. Horri esker adarrak har ditzakegu, gugana jaitsi, fruituak eskuarekin hartu eta ahora eraman… Lau hanketakoek ezin dute horrelakorik egin, aurreko hanketako giltzadurek ez dietelako aukerarik ematen. Bi hanketakook, ostera, aurreko menbruen giltzadurak eraldatu ditugu besoari buelta eman eta goraka jasotzeko aukera irabazita; nahi izanez gero, bizkarra ere uki dezakegu. Zenbat emango luke behi gaixoak bizkarrean hazka egitearren! Aldiz, enbor edo harriekin igurtzi behar…

Besoetako mugikortasun handia sorbaldari zor diogu nagusiki. Sorbaldak besoa ia esferaren erradio osoan proiektatzeko ahalmena ematen digu, eta horri ukalondo eta eskumuturraren graduak gehitzen badizkiogu, eskua ia edonon koka dezakegula ikusiko dugu. Ederra aldea, txakur baten eskuarekin! Sorbaldak mugitzeko duen ahalmen handi horren arrazoia bere egitura konplexutik dator. Izan ere, bere mugikortasunaren %70 humeroaren eta eskapula hezurraren arteko giltzadurak ematen badu ere, badira sorbaldaren mugimendu askatasuna biderkatzen duten beste bi artikulazio txikiago ere: esternoklabikularra eta akromioklabikularra.

Hainbat autorek beste bi gehitzen dituzte: eskapularen eta saihetsen arteko plano irristakorra eta bizkarrezurra. Izan ere, nekez helduko gara eskuineko eskuarekin gorengo punturaino bizkarra ezkerrera okertzen ez badugu. Ikusten duzuen bezala, giltzadura txikiek talde lana egiten dute sagarra arbolatik hartu ahal izan dezagun.

Biomekanika mailan, ostera -tailerreko mekanikan bezala-, mugikortasuna eta segurtasuna kontzeptu kontrajarriak izaten dira. Halabeharrez, mugikortasun handia duten egituren higadura ere handiagoa da, eta, ondorioz, babes gutxiago izaten dute istripuen aurrean. Hala gertatzen da sorbaldarekin ere; besoak asko erabiltzen dituzten behargin edo kirolariek ondo dakite, beraien artean sorbaldako lesio ugari izaten baitira. Lehen aipatutako bost egitura elkartuen jokoan badira hainbat puntu sentikor, baina gaur bakarra aipatuko dugu: sorbaldako kanpoko errotazioa egiten duten muskuluen tendoia (manguito ospetsua).

Eskapularen adarrak akromion du izena, «sorbalda gaina» grekoz. Puntu horretantxe akromiona klabikularekin lotzen da, artikulazio eskapulohumeralaren gainean halako teilatutxoa osatuta, eta bere funtzioa gainetik edota kanpoaldetik hel daitezkeen kolpeengandik babestea da. Hartara, akromionak ez du berez humero buruarekin artikulatzen; bien artean milimetro batzuetako hutsunea dago. Tarte subakromiala eskapulatik sorburura doazen tendoiek erabiltzen dute txirrika antzean, eta, ondorioz, libre egon behar du sorbaldako errotazio mugimenduak egin ahal izateko.

Arrazoi ugari tarteko, akromionaren eta sorburuaren arteko tartea mehetu egin daiteke. Kolpeek, muskuluen desorekek, akromionaren eta klabikularen arteko artrosiak… bertatik pasatzen diren tendoien lana oztopa dezakete. Halakoetan hantura eta mina sortuko dira, batez ere sorbaldako errotazioa eskatzen duten mugimenduak saiatzean: bularretakoa lotu, ilea orraztu…

Fisioterapia aldetik, momentuko mina baretzeko hanturaren aurkako neurriak erabiltzen ditugu gehienbat. Hortaz aparte, arazoaren jatorria bilatzea ere ona izaten da, arazoa sustraitik konpondu ahal izateko.

Betiko legez, lehenbailehen tratatzea gomendatzen dugu: sasoiz hartuz gero arazoa konpontzeko aukera askoz gehiago daude. Eboluzio luzeko kasu gehienetan, berriz, soluzio kirurgikoa ezinbestekoa bihurtzen da.

Gaur8rako, 2010ko Abuztuaren 06a

2 Trackbacks & Pingbacks

  1. Tendinitis del manguito de los rotadores | Aixebe & Abante Fisioterapia
  2. Sorbaldako luxazioak | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*