Sorbaldako luxazioak
Inoiz aipatu dugu, ebolutiboki, primateondako nolako abantaila den sorbaldean garatu dugun mugikortasun handia. Horri esker, ordenu honetako espezieok eskua gorputzeko edozein lekutara eraman dezakegu, eta hori oso lagungarria da janaria eskuratzeko, borrokatzeko edo beste funtzio basiko askotarako. Mugikortasun handi horrek, ostera, badu bere prezioa: beste artikulu batean tendoietako arazoak azaldu genituen; eta gaurkoan, hausturekin batera muskulu-eskeletu sisteman arruntenak diran arazo traumatologikoetaz arituko gara: luxazioak.
Giltzadurak, oro har, hezur bi edo gehiagoren arteko loturak dira: kapsula batean bilduta daude, eta lotailuek egonkortasuna ematen diete; egitura hauek malguak dira eta, neurri handiagoan edo txikiagoan, giltzadurari mugitzeko aukera uzten diote, tope batzuen artean. Tope hauek gainditzen badira (mugimendu gogor edo kolpe baten ondorioz, eskuarki) luxazio bat gertatu dela esaten dugu.
Bistan denez, asko erabiltzen diren eta mugikortasun handia duten artikulazioek dute luxazio bat sufritzeko aukera gehien; hauetako bat da sorbalda. Sorbaldeko luxazio gehienetan lotailuen euste-ahalmena gainditzen da, baina kapsula ez da hondatzen. Kasu batzuetan, giltzadura berez itzultzen da postura normalera (hezurrak berriro «bere lekuan sartuz»), baina beste batzuetan ez: horrelakoetan, pazienteak ezin izaten du besoa erabili, eta min handia du. Horretara, lehentasuna luxazioa erreduzitzea izaten da. Ostean, analgesia (lehen momentu hauetan lotailu eta kapsuletan inflamazio mingarria baita nagusi) eta immobilizazioa; horrekin, lesionatutako egiturak bere luzera normalera itzultzea bilatzen da, batez ere gehiegi luzatutako lotailuek.
Immobilizazio fasearen ostean, pazienteak sorbalda gogortuta izan ohi du. Mugikortasuna berreskuratzeko kinesiterapia eta ariketak erabiltzen ditugu, betiere tope normalak gainditu barik. Hau garrantzitsua da, lotailuak oraindik ez baitira gai sorbaldeko mugimenduei eusteko, eta topeak gainditu ezkero luxazioa berriz gerta daiteke. Oro har, falta den mugikortasuna berreskuratzeko ez da denbora askorik behar izaten; eta, segituan, hain zuzen ere, helburua gehiegizko mugikortasuna ekiditea izango da. Hori muskuluak indartuz lortuko dugu: muskulu indartsuek nolabait artikulazioari falta zaion egonkortasuna emango diote, eta euskarri horrekin babestuta, epe ertainera lotailuei bere sendotasuna berreskuratzen lagunduko diete.
Luxazioa izan duten pazienteen arazo nagusia epeak dira. Izan ere, behin lehen faseak gaindituta, pazienteak ez du minik eta ustez ondo aurkitzen da. Bere egoeraz jabetzen ez bada, oso erraza da sorbalda behartzea eta, lotailuak duten ahuleziarengatik, sorbalda berriz ateratzea. Hau gertatzen denean, giltzaduraren lotailuak berriro luzatzen dira gehiegi, baina alde batekin: lehen derrigorrez luzatutako egiturak, orain egitura laxoak dira. Laxotasun hau betikotzen bada (behin eta berriro luxatuz), sorbaldaren ezegonkortasuna kroniko bihur daiteke, eta honek dakarren arazoez gain (edozein momentuan sorbaldak huts egin ahal izateak), lekuz kanpoko mugimenduok giltzadura inguruko beste egiturak honda ditzakete, hala nola omoplatoko zulo inguruko kartilagoa, edo humeroaren buruko kartilagoa bera. Horregatik, luxazioen berrabiltzeko prozesuak sorbaldeko beste lesioek baino diziplina handiagoa behar du. Osatzea ez da bereziki gaitza (fin ibili ezkero emaitzak onak izaten dira), bai ordea pazienteari ulertaraztea, minik ez izan arren, sorbalda indartzen eta egonkortzen jarraitu beharko duela.
******
Gaur8rako, 2019ko bagillan 15a.
Deja un comentario.