Sukarra, gure burkidea

Zapatu gaueko sukarra.

Modak pisu handia du gaur egungo gizartean. Horretara, betiko gaixotasunak sendatzeko ere ez digute balio sendabide tradizionalek; arroparekin bezala, zenbat eta garesti eta exotikoagoa izan, orduan eta estimazio handiagoa. Oheko mantapeko egonaldi bakoitzeko 100 euro kobratzen hasiko bagina, ziur jendea ilaran jarriko litzatekeela sukarraren onura terapeutikoak frogatu nahian. Izan ere, horrelako inuzenteak gara.

Hala ere, beharbada zu, irakurle, ez zara hain inuzentea eta sukarra erabiltzen ikasi nahiko duzu. Jakizu bada XX. mendetik hona onartuta dagoela medikuntza ofizial nahiz alternatiboan sukarrak infekzioetan duen garrantzia; ez dago horretan eztabaidarik. Hala ere, paradoxikoki, sukarra agertu orduko hura jaisteko botikak ematen hasteko joera dago egun, baita mediko askoren partetik ere. Antipiretikoak ematearen alde erabilitako arrazoia, 40 gradutatik gora garunean gerta daitezkeen kalteak omen dira; gainera, pazientea ahultzea ekidin nahi da (gorputzak sukar altuetan energia asko xahutzen du). Baina beldur larregi zaio sukarrari; arrisku horiek presente izan behar ditugun arren, konplikazioak oso arraroak eta erraz ekiditekoak dira. Horretara, ez dago justifikatuta autosendakuntzarako hain eraginkorra den baliabide hau baztertzea.

Zer da sukarra berez? Gure gorputzaren prozesu metabolikoek beroa sortzen dute, motorrek bezala. Osasunez ongi eta egoera normal batean egonda, 37 bat graduko tenperatura izaten dugu. Gorputzak infekzio bati aurre egin behar dionean, ordea, tenperatura hori igo egiten da metabolismoren azkartzearen ondorioz. Baina ez horregatik bakarrik: tenperatura altu batean, gure zelulek hobeto burutzen dituzte garbitze eta defentsa prozesuak.

Sukarraren neurria, pazientearen indarren araberakoa izaten da. Kalenturak bizkorrago sendatzeko balio badigu ere, egia da egoera horretan energia asko kontsumitzen dela. Horregatik, pertsona sendoek eta umeek sukar altuagoak izan ditzakete –42 gradutara erraz helduta-. Indarrak dauden bitartean, kalentura goian mantenduko da; aldiz, indarrak agortu aurretik, tenperatura berez jaitsiko da tarteka, gorputzari “atseden” emanaz. Indarberritutakoan, berriz, sukarra atzera igoko da. Natura uste duguna baino jakintsuagoa da, eta ez du uzten gorputzaren energia guztiz ahitzen. Pertsona nagusi edo oso ahulek, ordea, ez dute halako intermitentzia nabarmenik eta gradu gutxiagoko kalentura egonkorragoak izaten dituzte, luzaroago.

Laburbilduz, sukarrari lan egiten uzten badiogu bizkorrago sendatuko garela esan dezakegu. Artifizialki jaisten badugu, berriz, garbitze eta defentsa prozesuei oztopoak jartzen arituko gara; horrenbestez, denbora gehiago beharko dugu kanpoko erasotzaileen kontrako “gudua” irabazteko.

Zergatik ematen dira hainbeste antipiretiko, orduan? Ni ez naiz zehaztasunez erantzuteko gai. Izan daiteke gaur egun ez garelako gai buruko min eta gorputz txarrez egoteko, eta bost minutu pasatu baino lehen botiketara jotzen dugulako. Izan daiteke, baita, gure bizimodu moderno-estresatuan jendearentzat luxu bat delako ohean mantapean lasai geratzea ondo sendatu arte. Izan daiteke industria farmazeutikoek oso marketing sail onak dituztelako. Izan daiteke, bai. Baina horrek, guri, bost axola digu gaur; izan ere, ados gaude sukarra gure aliatua dela, eta ez borrokatu beharreko etsaia.

Interesgarria da sukarraren zantzu goiztiarrak ezagutzen ikastea: tenperaturak hamarren gutxi batzuk igotzean, hotzikarak sentitzen ditugu. Horrez gain, azala eta giharrak hipersentikor daudela igar dezakegu; hau da, min leun batekin bezala. Buruko kongestioa edo begiak biratzean mina dugula ere igar dezakegu. Horrelako sintomek sukarra etortzear dagoela esaten digute eta, beraz, abantailaz joka dezakegu: alegia, gaixotu aurretik senda gaitezke. Horrelakoetan, bizkorrena sukarrari laguntzea izaten da: ohean goizago sartu eta manta bikoitza jarri, “sukar artifiziala” sortuz. Infekzioak indarra hartu baino lehen kontraerasoa eginda, biharamunean ondo jaikiko gara.

Batzutan ostera, zezenak harrapatu eta konturatu orduko gaixorik egongo gara, 38-39ko tenperaturaz. Zer egin orduan? Kasu horretan ere, bide zuzenena sukarrari laguntzea izango da: ohea, mantak, izerdia eta ur botila. Aldatuko den bakarra, denbora da: zomorrotxoak gure gorputzaren jabe egin direnez, “guduak” luzaroago joko du.

Tenperatura ere, kontrolatuta mantenduko dugu. Lehen azaldu dugunez, pertsona sendo eta ahulek sukar mota desberdinak izaten dituzte eta hori kontuan hartu beharko dugu termometroaren emaitzak interpretatzerako orduan. Gorputzak berez eskatuko digun baraua, urarekin, isiltasunarekin eta iluntasunarekin lagunduta, nahikoa eta sobran izango da hamarretik bederatzitan infekzioa gainditzeko. Eta inolako botikarik hartu gabe: ez naturalik, ez artifizialik. Naturaren oparia da, gozatu zure sukarra!

Gaur8 astekarirako, 2008ko Kataillan 1a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*