Urrezko lau aholku

Irudixa: Josu Leokanne

 Eserita zaude, leihosarearen aurrean. Ez duzu beste zereginik itxarotea baino. Errutinazko gauza batzuen ondoren –paseoa, garbiketa, otorduak–, gaua helduko da eta haren atzetik eguna, gaurkoaren berdin-berdina. Zure gogoan zer dagoen jakin nahiko nuke. Beharbada zure zoria ermitau zoriontsuaren erara daramazu, edo koilaratxoa prest duzu jada zuloa egiten hasteko, edo apaizarekin ordua hartuta duzu dagoeneko… Horrela baldin bada, zoriontsua zu eta segi bide zuzenean. Baina, beharbada, zure gogoak behin eta berriro jotzen du horma, euliak kristala bezala; hala bada, gaur zuretako dira nire berbak.

Ez dakit zergatik zauden hor, eta ez dit ardura: zure ondora bueltatzen naiz behin eta berriro, zugana kateatuta nagoelako. Gaurkotasunaren joan-etorriak eta komenientzia politikoaren bihurgune hotzak direnak izanda ere, egunek 24 ordu izaten jarraitzen baitute; eta urteek 365 egun; eta mendeek 100 urte. Eta izparringiaren marmarraren gainetik bista altxatuta, zure porlanezko munduan ez baita ezer aldatzen.

Bakardade hotza hezurretaraino, lo erritmoen haustura, isiltasun ozena, barruko fantasmen etorrera, etorkizunaren bertigoa… Hamar segundotan irakurtzen diren berbok esanahi osoa hartzen dute porlanezko kaiolan; aldiz, kanpoan, ezin dira mila orrialdetan ere ulertarazi. Antzeko egoerari ihes egiteko bide asko daude kanpoko munduan: kalea, lagunak, komunikabideak… Zuk, berriz, aurrez aurre dituzu fantasmak. Ez duzu ihesbiderik: aurre egin edo gaixotu; gaizki eramandako estresak gorputza hondatzen baitu, poliki baina etengabe.

Urrezko lau aholku gogoratu nahi dizkizut, egoerarik latzenean ere zure buruaren jabetasuna mantentzeko laguntza emango dizutenak. Kolpeak ez dizute hainbesteko minik emango, eta inposatzen dizuten diziplinari etekina aterako diozu. Urdinen txistuan dantzatzera egina egoteak (otorduak, paseoak, garbiketa…) baduelako alde erabilgarririk: erritmo hori bera izango da zure osasuna hobetzeko baliatuko duzun tresna eraginkorra.

  1. Mens sana in corpore sano. Gorputza eta gogoak elkar laguntzen dute. Bakoitzak bere neurrian landu behar du gorputza; nagusiak eta gazteak, gaixoak edo osasuntsuak, bakoitzak bere mugak ditu eta lehenengoa horiek ezagutzea da. Horrek balioko digu eguneroko ariketei neurria jartzeko, baita helburuak ezartzeko ere.
  2. Hidroterapia. Euria, hezetasuna, hotza, tratu txarrak jasaten dituzunean inmunitate sistema sendoa behar duzu gaixotzea nahi ez baduzu. Kartzela barruko baliabideak urriak badira ere, defentsak sendotzeko sistema eraginkorrena eskura duzu: ariketa eta ur hotza. 1. Gorputza berotu (kirola); 2. Bero-bero zaudela, hoztu (dutxa hotza). Errepikatu ahal duzun beste bider, eta ahantz itzazu gaixotasunak.
  3.  Arnas abdominala. Arnasa sabelarekin hartuta, gure nerbio sistema orekan mantenduko dugu. Hobeto irakurri, idatzi edo pentsatu ahal izango dugu; eta arazoei zorrotzago eta lasaiago aurre egingo diegu.
  4.  Ez izan beldurrik isiltasunari. Gure arbasoek orduak pasa zitzaketen aulki baten eserita ezerezari begira. Arrantzaleak eta artzainak, lanbroak beren bazterrak ezkutatzen zizkienean hasten ziren beren baitan pizten ziren bazter miresgarriak ikusten. Eta fantasmak azaleratzen, eta krisiak pasatzen. Pasatu behar direlako. Pasatzen direnean arraberritua sentituko zarelako, aurrera indar gehiagoz egiteko.

Lau aholkuotatik, beharbada, azkena da zure egoerari atera diezaiokezun irakaspenik ederrena, bahitzaileen beraien eta kaletar gehienen gainetik eramango zaituena. Probak egin, bilatu eta deskubri ezazu paradisu txikiak edonon eta edonoiz eraiki daitezkeela.

Gaur8rako, 2008ko Zemendixan 14a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*