Uzki bidezko ureztatzea

«Caca, culo, pedo» gaixa duda barik arrakasta gehixen dakana da (higienian artikulu sortan, atal horren ikusketak bestien laukotxa izan dira). Aste honetan Gaur8’rako idatzittakua be bide horretatik doianez, plazerrezkua izan deizuela!
https://abante.eus/wp-content/uploads/2012/04/Patadas_culo-220x300.jpg

Badira hamaika terapia eta erremedio zahar, mesedegarriak izanagatik baztertuta geratu eta ahaztu egiten direnak. Halako batean, norbaitek libururen baten aurkitu eta berreskuratu egiten ditu. Emaitzak onak izaten dira, noski (terapia tradizional gehienetan legez), eta askotan gertatzen da, izen bat asmatu, eta berri modura saltzen digutela; eta ez merke, gainera.

Terapia zaharren berraurkitze hauek ziklikoak izaten dira, eta modarekin zerikusi handia dute. Adibide asko ekarri ahal izango genituzke, baina gaurko honetan uzki bidezko ureztatzeari buruz arituko gara, alegia: labatiba, enema, kolon hidroterapia edo kolemei buruz, dena bat da-eta.

Uzki bidezko ureztatzea antzinako kulturetatik erabili izan da; Egipton eta Indian ezagutzen zuten. Hidroterapiaren oinarri bera du, hau da: uraren bitartez gorputza hoztea edo berotzea -premien arabera- eta honekin, osatze prozesuak piztu.

Hidroterapia arruntean azalean aplikatzen bada ere, ura heste lodian sartzean eragin sakonagoa lortzen dugu erraien gainean: zain nagusi, peritoneo, gibel, bare, are, giltzurrun, diafragma, birika eta bihotzean adibidez. Baita digestio tutuan ere, noski; baina hemen, tenperaturaz gain, uraren eragin mekanikoa sartzen da jokoan. Tenperaturarengatik, uzki bidezko ureztatzeak eragin handia du digestio aparatuan (idorreria), zirkulazioan (hanken edo sabelbehearen handitasuna), infekzio-sukar prozesuetan eta buruko minetan. Eragin mekanikoarengatik, ostera, labatibekin heste lodiaren hustuketa osoa lortzen da, eta hau oso garrantzitsua da.

Izan ere, jaiotzen garen unetik hiltzen garen arte, heste lodiak ez du atsedenik hartzen: digestiogaia beti dago heste itsuan sartzen edo ondestean pilatzen. Idorreria arazoak baditugu, gainera, gorotzak egunak egin ditzakete ondestean geldi. Gai ustelekin etengabeko kontaktuak hestearen hormen hondamena ekar dezake -polipoak, dibertikuloak, minbizia-; horretaz gain, gorotzen hondakinak odolera itzul daitezke, eta autointoxikazio prozesu baten sartu -inmunitate sistema ahulduz-. Halako kasuetan, laguntza handia izaten da baraualdi eta uzki bidezko ureztatzea; heste lodia zeharo husten baitugu, eta «atseden» hori berebizikoa izaten baita aipatutako arazoen osatze prozesua bultzatzeko.

Labatiba tradizionalak grabitatea baliatzen du hestea ureztatzeko. Litro bateko poltsa bat du, eskegitzeko modukoa; poltsatik gomazko tutu bat irteten da, giltzadun iturri baten amaitzen dena. Ondoren, gomazko madaria edo enema dago, kantitate gutxiago hartzen duenez, ume txikiendako egokia. Hauek edozein botikatan eros ditzakegu.

Praktika pixka batekin nork bere buruari egin diezaiokeen arren, hasieran errazagoa da labatiba laguntzaile batekin egitea. Horixe izango da hemen azalduko duguna. Pazientea albokera etzanda jarriko da, eskuineko aldearen gainean, fetu jarreran. Lehenengo, tutua haizez hustu behar dugu (giltza ireki eta urari irteten utzita). Iturria koipeztatu eta gero, uzkian sartuko dugu modu leunean. Posizio erosoa hartuta giltza poliki irekiko dugu, uraren sarketa erritmoa geldia izan dadin (honetan poltsa eskegita dagoen garaierak ere badu eraginik).
Urtebete bitarteko umeetan, litro laurdena sartzea nahikoa izaten da; sei urtekoetan, berriz, litro erdia; eta hamabi urtetik aurrera, litro bat erraz-erraz sartuko dugu. Behin guztia sartuta, iturria ateratzen dugu; pazienteak barruan eutsiko dio urari ahalik eta luzeen (hesteari itsatsita dagoen gorotza biguntzeko). Gutxi gorabehera, ordu laurden pasatu eta gero, komunean eseri, eta dena botako du. Prozesu hau bizpahiru bider errepikatu ahal izango dugu, hestea guztiz husteko beharrezkoa bada.

Hau da oinarrizko labatiba, baina badaude kontuan hartzeko elementu batzuk. Ur beroa (37º) erabiliko dugu idorreria espastikoetan (hestea erlaxatzeko) edo sukarra etortzear dagoenean (tenperatura igotzeko). Ur hotza, ostera, hobea izango da idorreria atonikoan (peristaltismoa bizkortzeko), sukarra altuegia denean (hura jaisteko), buruko kongestioetan (odola hesteetara erakartzeko).

Benetan penagarria da uzki bidezko ureztatzea hain baztertuta egotea gaur egun. Bere eragin terapeutikoa hamaika aldiz frogatua dagoen arren, inor gutxik du interesa terapia merke eta autogestionatuak bultzatzeko, hauekin ez baita inor aberasten.

Horretaz gain, oso progresistak izanda ere, paradoxikoki lehen baino gehiago lotsatzen gara gure gorputzaren ekoizpenez. Horregatik, azkenaldian, ponpaketa makinak asmatu dira (kolon hidroterapia); azken finean, tutu bikoitzen bitartez ura hestean sartu eta zurrupatu egiten duten sistemak dira, pazienteak ez dezan kakarik ikusi. Saioak klinika espezializatuetan egiten dira, eta jendeak dirutza ordaintzen du 45 minutuko saio baten truke.

Aberats lanpetua bazara, agian nahiago izango duzu azken aukera hau; pertsona normala bazara berriz, nahikoa izango duzu botikara joatea eta labatiba bat eskuratzea. Hainbesteko glamourrik ez du, baina tradiziozko terapia natural hau etxean bertan izango duzu bere onura guztiekin. Lau ogerlekotan, eta bizitza osorako.

Gaur8rako, 2008ko Apirilaren 04a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*