Begietako fisioterapia

«Tipo honek ez al du gauza normalez idatziko?«, esango du norbaitek. Gerriko mina, ukalondo tendinitisak, orkatila bihurdurak… fisioterapeutak halakoak osatzen ikustera eginda gauden arren, nekez irudikatzen ditugu ginekologia, digestio aparatua edo bihotza moduko organoak tratatzen. Baina, gure lanaren alderdi ezezagunenak nabarmentzea merezi duelakoan nago: uste baino gehiago dira terapia fisikoarekin hobetu daitezkeen osasun arazoak. Ea, zuetako zenbatek zenekiten begietako fisioterapia ere egin daitekeela?


Azken urteetan, fisioterapia klasikoari ate berriak zabaldu zaizkio, zati handi batean, osteopatia izenez ezagutzen dugun teknika multzoari esker. Nahiz eta osteopatian erabiltzen diren test eta tratamendu asko oraindik baliozkotze zientifikoaren zain dauden, ikerketa eremu interesgarriak daude. Gorputzaren barruko erraiak tratatzeko aukera nabarmenduko nuke nik; hor kokatu behar dugu ikusmenaren eta begien euren tratamendua.

Begiak orbita izeneko zuloen barruan daude. Orbita bakoitza zazpi hezur desberdinek osatzen dute: zygomaticum, lacrimale, maxilla, ethmoidale, frontale, palatinum eta sphenoidale. Haien arteko pasabide eta zirrikituetan begiaren osagarri eta lotura nagusiak antolatzen dira: muskuluak, odol hodiak, nerbioak eta haien tarteko ehun betegarriak. Hori begi globo osoaren mugikortasunari dagokionez; begi globoaren barrualdean ikusmenaren organoak baititugu: lente legez jokatzen duten egiturak, horien errefrakzio ahalmena moldatzeko muskuluak, eta likido desberdinez betetako ganberak. Hamar estalkik biltzen dituzte barruko organo horiek, bata bestearen gainean: haietako bat erretina da.

Begien egitura gainetik azalduta ere, erraz ikusten da elementu asko direla eta, beraz, arazo oftalmologikoak izateko aukerak ere ez direla gutxi. Lehenengo beharra, jakina, arazo nagusia non dagoen identifikatzea izango da. Ez da beti erraza izango, baina diagnostikoa zenbat eta zehatzagoa izan, orduan eta aukera gehiago izango ditugu begietako tratamendu eraginkorra egiteko: ezinbestekoa izango da mediku oftalmologoarekin elkarlanean jardutea.

Fisioterapiaren aldetik lor dezakegun eragin nagusietako bat begietako egituren odoleztatzea hobetzea da. Batetik, arterien odol ekarpena ezinbestekoa da sendatze prozesuei laguntzeko; bestetik, zainek prozesu horietan sortutako hondakinak eramaten dituzte, eta hantura kasuetan, drainatze bide nagusia dira. Hori guztia oso lagungarria da erretinaren arazo baskularretan edo glaukometan.

Beste lesio puntu garrantzitsu bat nerbio bideak dira: alde batetik, garunetik begietara doazen sei nerbioak, hango egitura guztien gobernurako; bestetik, ikusmen seinaleak begietatik garunera daramatzaten bi nerbioak. Nerbio bideen transmisio arazo batzuk fisioterapiarekin hobe daitezke: kranio hezurren arteko desorekei, nerbio sistemaren estalkien tentsioari edo lehen aipatutako odolaren dinamikari dagozkienak. Arazo horiek ematen dituzten sintomen artean, egokitzapenaren arazoak aipa daitezke (miopia, hipermetropia), baita astigmatismoa, ambliopia (begi alferra), begietako paralisia eta estrabismoa ere.

Azkenik, gogoratu begi globoek espazioan mugitzeko eta errefrakzio egiturak egokitzeko balio digutela. Bada, beste edozer muskulorekin legez, horiekin ere ariketak egin ditzakegu arazoa konpontze aldera (indar gutxikoak, hori bai, muskulu txikiak baitira).

Behin arazo mota eta haren intentsitatea ezagututa, norbere etxean egiteko moduko ariketa sorta prestatu ahal izango dugu.

Gaur8rako, 2012-II-2

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*