Bobath kontzeptua

Physiotherapist assisting a patient with exercise ball in clinic

Gizartea zahartu ahala, gero eta arruntagoak bihurtu zaizkigu garunetako odol hodietako arazoak. Horrela ezagutzen ditugu gaur, teknikoki, garai bateko «haize txar», «perlesia» eta «alboko mina»; azken finean, gure nerbio sistemaren elikadura ziurtatzen duen zirkulazio sistemaren hutsak. Gaixotasun multzo handi honen ikur diren iktusa eta haren ondoriozko hemiplegia duela pare bat urte azaldu genituen hementxe bertan; gaur orduantxe lagatako puntuan (tratamendua) helduko diogu gaiari.

Arazo neurologikoen tratamenduan, Bobath izena beste guztien gainean nagusitzen da: Berta eta Karel senar-emazte alemaniarren abizena, hain zuzen ere. Bata fisioterapeuta, neurologoa bestea. 1940ko hamarkadan espastizitatea zuten pazienteekin lanean hasi ziren, ordura arte erabiltzen ziren protokoloak aldatuz. Izan ere, teknikak baino, tratamenduaren kontzeptua izan zen haien berrikuntza nagusia: pazienteen bilakaerari erreparatuz, postura bereziekin lanean hasi ziren muskuluen tonuaren inhibizioa lortzeko. Gero gauzak korapilatzen hasi ziren; osasun zientzia gehienetan bezala, teoriek eta errealitateak talka egiten baitute askotan. Horretara, hasieran erabilitako zenbait teknika baztertuz joan ziren, eta geroztik garatutako beste prozedura batzuk (haurraren garapenaren fase teorikoen jarraipena, oreka erantzun automatikoen erabilpena…) kontzeptu zabalago batean integratu ziren, tratamendu dinamiko, zabal eta eklektiko samarra osatuz. Hain zuzen ere, beste metodo neurologikoen jarraitzaileen aldetik, Bobath metodoari «dena» irensten duen zurrunbiloa izatea egotzi izan zaio, Bobath kontzeptua bera zer den argi ez uzteraino. Baina hau joera naturala ere badela esan genezake: izen eta abizendun (hots, copyrightdun) tekniken limitazioak ezinbestean ailegatzen baitira haien arteko mugak hautsi beharreko puntu batera: pertsonen osasuna berdina da hemen eta Txinan, nahiz eta gizakiok hura ulertzeko eta sendatzeko bide desberdinak erabili.

Gaur egunean, Bobath kontzeptua (edo «neurogarapen tratamendua», AEBetan esaten zaion legez) mugimenduen kontrola berreskuratzeko helburua duen teknika multzoa da, nagusiki keinuak egoera desberdinetan egiteko ahalmena berrikasiz lan egiten duena. Diziplina arteko lana da: fisioterapeutekin batera, terapeuta okupazionalak eta logopedak ere aritzen dira; baina Bobath senar-emazteek sortutako enborrari adar asko sortu zaizkio. Kontzeptuak hasierako zenbait oinarri gordetzen baditu ere (oreka lantzea, adibidez), haien oinordekoek etengabeko garapena eraman dute. Halere, heterogeneotasunaren erakusgarri, zenbait unibertsitatetan gainditutzat ematen diren teoriak erakusten jarraitzen dira, hala nola muskuluen inhibizio posturak eta haurraren garapen faseetan oinarritutako tratamendua. Bestalde, gaur egunean, ebidentzian oinarritutako medikuntzaren (EOM) kanonetara hurbildu beharrak neurozientziarekiko harreman are estuago batera bideratu du. Beste hainbat terapia historikoren modura, Bobath kontzeptua horren arabera eguneratzen saiatzen ari da, batez ere arrazoiketa klinikoan eta erabilitako tekniken eraginkortasuna objektiboki neurtzerako orduan. Dena den, 2009an eginiko ikerketa handi batek (ausazko entsegu kontrolatuen errebisioa) ondorioztatu zuenez, Bobathek bere horretan ez du erakutsi beste zenbait alternatiba terapeutikok baino eraginkortasun handiagorik; horregatik, fisioterapia neurologikoan aritzen diren terapeutei beren jarduna ebidentzian oinarritzea gomendatu izan zaie, izen konkretudun teknika-multzo itxietara lotu barik.

***********
Gaur8rako, 2021eko ilbeltzan 16xa

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*