Koltxonetari hautsa kentzen (Daenen 2014)

Joan den hileetan tendinopatiei buruzko monografikoa ustiatzen egon eta gero, pozik geratu naiz; benetan erabilgarriak dira haiekin ikasitakoak. Oraingoan, beti ziberlankideengandik ikasteko gogoz, haiek seinalatutako bideari ekin nahiko nioke. Erronka xumea da: fisioterapeuta bihurtu nintzenean nagusi zen bideari berriro heltzea, kinesiterapiari bere zentzu literalean. Mugimenduaren balio terapeutikoa. Azken urteetan, alferguraz edo lamia desberdinen kantuekin despistaturik, fisioterapeuta askok bazterrean utzia genuena. Eta, zentzu horretan, Goretti Aranburu lankidearen bitartez eskuratutako artikulu honetatik hasi naiz.

Hasteko nabarmendu beharko genuke hau ez dela errezeta liburu bat, ez bada ezen, min kroniko kasuetan analgesia endogenoak (AE) izaten duen paperaren (eta arazoen) aurkezpen orokorra.

Artikuluaren lehenengo zatian buruko minean zentratzen da, aktibitate fisikoaren aurrean izaten duen erantzuna aztertuz. Zehatzago esanda, ariketa submaximoarekin hobetzen dela dirudi, batez ere analgesia endogenoa eta egoera psikikoaren hobekuntza sustatzen duelako (hori migrainaren kasuan; zefalea tentsionalean gutxiago ikertu baita).

Halere, migrainadun pazienteen %44ean ariketa fisikoa… migrainen desenkadenantea da; migraina presente dagoenean ere, ariketa fisikoa mina areagotzen duen faktorea da (paradoxa bitxia; baina aurrerago ikusiko den bezala, berau kudeatzean dago gakoa). Horregatik, ariketa fisikoa atakeen artean erabiltzea proposatzen da. Gainera, efektu desenkadenantea pazientea ariketetara ohitu ahala gutxitzen da (buruko min guztietan, zefalea tentsionalean barne); beraz, ariketak ekidin baino, haietara progresiboki ohitzea proposatzen da.

Artikuluaren bigarren zatian muskulo-eskeletuko min kronikoari buruz dihardu, batez ere. Ariketa motari buruz: erresistentziako ariketen aldean, intentsitate altuko ariketa aerobikoak AE modu esanguratsuagoan pizten duela ikusi da. Halere, fenomeno honen neurofisiologiari buruzko ebidentzia ahula da oraindik (erantzun disfuntzionala barne).

Izan ere, min kronikodun pazienteen multzo batean AE disfuntzionala da. Itxuraz sentsibilizazio zentralarekin lotuta dagoen erantzuna da, eta minaren perzepzioaz gain Nerbio Sistema Zentralean estresaren aurreko erantzun anomaloak ere errejistratu dira.

Gorputzeko zein atal lantzeari buruz: muskulo-eskeletuko min kronikoan, mingarriak ez diren muskuluen kontrakzioek AE aktibatzen dute; baina muskulu mingarrien kontrakzio lokalak ere bai, eta neurri berean (ez gehiago).

Praktikotasunera etorrita, artikuluan AE disfuntzionala duten pazienteetan ariketa fisikoa erabiltzeko gako batzuk ematen dira:

  • Ariketa aerobikoa lehenetsi (oinez, bizikleta…), ariketa exzentriko edo isometrikoaren aldean.
  • Mingarriak ez diren gorputz ataletako ariketak lehenetsi.
  • Lehen egunetan ager daitezkeen erantzun mingarriak gainditze aldera, ariketa programa gutxienez bi astez mantendu.
  • “Fibromialgia” motako kuadroetan, ariketen intentsitatea baxua mantendu.
  • Nerbio Sistema Zentralean eragina duten farmakoekin konbinatu.
  • Ariketa / errekuperazio faseen arteko oreka zorrozki eraman.

Azken atal honi (estresaren errekuperazio fasea, estres fisikoa barne) arreta berezia eskaintzen zaio artikuluan. Horri buruz:

  • Errekuperazio periodoak (egunean zeharko atsedenak, asteburuak, oporrak) eta aisialdia (kirola, gizarte harremanak, loa, irakurketa) hartzen dira aintzat, homeostasia kontzeptuaren inguruan.
  • Estres egoerak ez dira kaltegarriak, baldin eta haien osteko errekuperazio fasea egokia bada.
  • Honen arabera, estres maila handitzen bada, errekuperazio fasea handitu beharko litzateke. Hau ez bada posible (denbora faltarengatik, adibidez) gurpil zoro batean sartzen gara: estresa > errekuperazio denborarik eza > estres gehiago (gainkarga, burn out sindromea…).
  • Gauza beretsua gertatuko litzateke oztopoek (molestiak, etenak, zaratak…) errekuperazio fasearen kalitatea gutxitzen badute.
  • Errekuperazio aukera sorta zabala izatea gomendatzen da (ariketa fisikoa, afizioak, harreman sozialak…) bakoitzaren zaletasunen arabera. Adibidez: pertsona baten errekuperatzeko sistema footing egitea bada, agian batzutan ezingo du erabili (hegazkin bidai luze bat egin ostean, adibidez); kasu horretarako, errekuperatzeko aukera gehiago izatea ondo etorriko da.

Benetan interesgarria da fisioterapiaren erroetara itzultzea, oraingoan ebidentzia zientifikoan oinarrituta. Pertsonalki, pozez hartu dut artikulu honetako hainbat erreferentzia; besteak beste, atzo bertan n-garren biderrez paziente bati azaldutako hau zientifikoki azaltzen duena.

Ohatila baztertu gabe, koltxonetari hautsa kentzeko garaia ailegatu zait niri ere. Ongi etorria!

***

Fisteus blogerako, 2017ko jorraillan 28xa

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*