Lepoko mina, neuropatia zantzuak eta hiperalgesia orokorra (Lopez de Uralde 2016)

Paziente gutxi ditudanean, oso atsegina zait lagunen bidez eskuratutako paperak irakurtzea. Musika entzuten ari naizen bitartean oharrak hartuz, Fisteusen argitaratuko dudala jakiteak ulermena zorrozten didala esango nuke, eta horri esker etekin handiagoa ateratzen diodala irakurritakoari. Ariketa gomendatzen dizuet!

Oraingo artikulu hau Raul Ferrer lankidearen aipu baten haritik eskuratu nuen, eta Mercedes Sosa handiaren diskografia errepasatzen ari naizela “ustiatu” dut. Hona erreferentzia:

  • LOPEZ DE URALDE, Ibai. BELTRAN, Héctor. FERNÁNDEZ, Josué. KINDELAN, Paula. LA TOUCHE, Roy. 2016. Widespread pressure pain hyperalgesia in chronic nonspecific neck pain with neuropathic features: a descriptive cross-sectional study. Pain Physician 2016; 19:77-87. Hemen deskarga daiteke: http://www.painphysicianjournal.com/current/pdf?article=MjUyMw%3D%3D

Artikulu honengatik nuen interesaren arrazoia bikoitza zen: batetik, lepoko min inespezifikoa gure kontsultan ia egunero ikusten dugun arazoa dela; eta bestetik, neurketa egiteko algometroa erabili zutela, bereziki estimatzen dudan baliabidea.

Ikerketa honetan 160 kasuren ezaugarriak aztertu ziren, 3 taldetan banatuta: 53 pazientek lepoko min kroniko inespezifikoa neuropatiarekin zuten; 54 pazientek, berriz, lepoko min kroniko inespezifiko hutsa; azkenik kontrol modura lepoko minik gabeko 53 pertsona aztertu ziren.

Lepoko min kronikoa zuten pazienteen barruan, neuropatia zutenak eta ez zutenak bereizteko, Self-completed Leeds Assessment of Neuropathic Symptoms and Signs (S-LANSS) izeneko testa pasatu zitzaien. 12ko emaitzatik gora atera zutenek, min neuropatikoa zutela kontsideratu zen.

Beraz, ikerketa honetan ez zen inolako tratamendurik egin; hiru taldeetako pertsonen egoera aztertu eta deskribatu egin zen bakarrik. Horretarako parametro bi neurtu ziren (Presio Mingarriaren Ataria, PMA, eta mugikortasun zerbikala) eta pazienteei test bateria bat pasatu zitzaien.

Presio Mingarriaren Ataria (PMA) algometroaren bitartez neurtu zen:

  • Lau gune desberdinetan: muskulu subokzipitalak, trapezio gorena (akromiona eta C7 arteko erdibidea), epikondilua, tibialis anterior muskulua (muskulu-gorputzaren heren proximala). Neurketa puntuak ez dira gehiago zehazten.
  • Neurketa alde bietan egin zen, leku bakoitzean hiru bider, 30 segundutako tartea lagata.
  • Neurtzaileek formakuntza saioa jaso zuten aurretik, intra- eta inter-neurtzaileen aldaerak gutxitze aldera.

Mugikortasun zerbikala, berriz, hiru dimentsiotan neurtu zen goniometroen bidez. PMA-ren kasuan lehez, protokoloa estandarizatu egin zen, alboraketak ekiditeko, eta parametro bakoitza 3 bider neurtu zen, 30 segundutako tartea lagata.

Testak hauek izan ziren:

Emaitzetan:

  • PMAri buruz, mina+neuropatia zutenen taldean hiperalgesia 4 puntuetan aurkitu zen. Min hutsa zutenen taldean, ostera, hiperalgesia puntu zerbikaletan baino ez zen agertzen (eta mina+neuropatia taldekoen balio beretsuan); epikondiloan eta tibial anteriorrean, berriz, min hutsa zutenek ez zuten desberdintasun esanguratsurik kontrol taldearen aldean.
  • Mugikortasunean, lepoko mina zuten talde biek ez zuten alde esanguratsurik. Kontrol taldearekin alderatuta, berriz, bai: biek neurri beretsuan murriztua zuten.
  • Test bateriari dagokionez, lepoko mina zuten talde biek test guztietan alde esanguratsua erakutsi zuten kontrol taldearekin konparatuz. Mina+neuropatia eta min hutsa zutenen taldeen artean, berriz, aldea EBA eta LDI testetan aurkitu zen; kinesiofobia eta katastrofismo eskaletan emaitzak berdinak izan ziren.
  • Autoreen ondorioa (eta hauxe da ikerketa honek dakarren datu berritzaile nagusia), neuropatiaren presentziak sentsibilizazio periferikoa iraunarazi dezakeela da; hau izango litzateke hiperalgesia orokorraren zergatia.

Egunero ikusten ditugun pazienteak aurrera ateratzeko lehen pausua haien arazoa hobeto ezagutzea da; ikerlan honek bide horretan laguntzen gaitu. Niretzat gainera, pozgarria izan da Ibai Lopez de Uralderen berri modu honetan izatea; jarraitzeko moduko lankidea, horregatik!

Fisteus blogerako, 2016ko zezeillan 9xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*