Moda eta osasuna

Irudia: http://soyrichal.blogspot.com.es/2009/12/kinesio-tape.html
Moda eta osasuna ez dira, ez, nahaste ona. Gaur egungo fashion biktimen gizartean fribolitatea bizitzako arlo guztietara ailegatzen zaigu, eta osagileok ere gure lanean igartzen dugu. Tentazioa da, egia esan: modako terapiak eskaintzen dituenak diru asko faktura baitezake artaldearen gustu aldakorrei egokitzen asmatzen badu. Eta bai: tamalez jendeak asko begiratzen dio tratamenduaren eraginarekin zerikusirik ez duen hainbat gauzari.

Zorioneko bendaje neuromuskularrari begiratzea baino ez dago (koloretako xingola horiek, batzuetan kamisetaren mahuka azpitik edo kolkotik gora agerian geratzen direnak). Tira, zalantzarik ez dago terapia eraginkorra dela eta guk ere erabiltzen dugu; hala ere, bendaje funtzionalak aspalditik ezagutzen genituen fisioterapian. Zer gertatu da? Pertsona famatuak benda hauekin agertzea eta jendea terapia horren eske hastea dena bat izan dela. Egin kontu, batzuk «xingolak bistan gera daitezela» eskatzen dutela espresuki. Esan beharrik ere ez dago: gu halako jokoan ez gara sartzen (mozorrotu nahi duenak etxean egin dezake, fisioterapia zentro batera etorri barik), baina adibide honek gauzak nola dauden ikus dezazuen balioko dizue.

Antzeko zerbait gertatu da Joseph Hubertus Pilates jaunak garatutako terapia/kirol metodoarekin. Gizon honek bere osasun kaskarra hobetzeko teknika bat asmatu zuen gaztaroan, eta bizi osoan jardun zuen hezitzaile fisiko bezala; hala ere, bere zahartzaroan -1960ko hamarkadan- gimnasiora Hollywoodeko izar batzuk agertu zitzaizkion eta agurearen metodoa gustatu zitzaien nonbait. Haren ostekoa, 50 urtean zehar poliki-poliki handitutako elur bola baten historia izan da, orain dela gutxi Euskal Herrira ere iritsi zaiguna eta orain beheraka doana (moda, ez terapiaren eraginkortasuna). Tristea dela ez nuke esango (izatekotan barregarria), baina xelebrea behintzat bada: terapiak beti daude hor, eta haien eraginkortasuna beti bera da. Hala ere, «bezero» askok osasunaz aparteko faktoreei begiratzen diote haiek «kontsumitzea» erabakitzerakoan (nahita jarri ditut kakotxak, merkatal gizarte honetako hitzak erabiltzearren).

Esate baterako, osasun-etxe bati gerta dakiokeen gauzarik emankorrena kirolari edo aktore famatu bat tratatzea da: aurrerantzean Urlia Tratatzen Duen Zentroa izango baita, eta pazienteei txanda eman ezinda arituko baita. Antzeko zerbait gertatzen da medioetan ikusten dugun terapeuta batekin: telebistan agertzeak edo izparringian idazteak ez du esan nahi pazienteak hobeto osatzen dituenik, baina gezurra dirudi zelako garrantzia ematen dion jendeak halako gauzei. Orain dela urte batzuk ohikoa zen produktuen propagandan «Telebistan iragarria» ipintzea, eta ez kasualitatez.

Hauek guztiak etorri zaizkit burura urtearen amaiera honetan, zeinetan badirudien denok utzi behar ditugula atzean ohitura txarrak eta sinbolo zaharrak, hamabi hiletako bizimodua, asmo onez betetako proiektu berriei heltzeko. Beti gazte, beti berri, beti estreinako. Kaka zaharra.

Osasun aldetik, behintzat, urak beren bidetik. Zure muskuluek, giltzadurek, neuronek ez dute urtearen aldaketarekin reset automatikorik egingo. Zure lantokiko enkargatuak ez ditu irizpideak aldatuko. Zure umeek ez dute gerra gutxiago emango. Eta era berean, berdin du azken modako tratamendua jasotzera edo kirolik berritzaileena egitera apuntatzea, hiru hil pasatuta lagako baduzu. Kirol xumea eta luzaketa sinple batzuk, berriz, bizitza osorako osasun aseguru bikaina dituzu abenduan, urtarrilean, maiatzean nahiz irailean. Baina ai! Batere glamour-ik ez dute.

Gaur8rako, 2011ko Abenduaren 31an.

4 Trackbacks & Pingbacks

  1. Eskuarekin eta mekanikoki eginiko trakzio zerbikalen alderaketa (Bukhari 2016) | Fisteus
  2. Eskuarekin eta mekanikoki eginiko trakzio zerbikalen alderaketa (Bukhari 2016) | Aixebe & Abante Fisioterapia
  3. Diatermia sakona | Aixebe & Abante Fisioterapia
  4. Penduluaren legea fisioterapian | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*