Musikarien distoniak (Rosset-Llobet et al, 2005)

Erreferentzia:

80. hamarkadan musikari, dantzari, kantari eta antzezleen patologietan espezializatutako zentroak agertu ziren, distoniak jotako pianojole famatu pare baten kasuren ostean. Harrezkero, zentro hauetan arte eszenikoetan aritzen den jendearen arazoen ezaugarri bereziak lantzen dira (psikologikoak barne, imajinatzen dut). Itxuraz -testuan ez da ondo azaltzen- artikulu hau horrelako zentru batean eginikoa da; bertan, han artatutako pazienteen kasu-serie bat aurkezten da. Horretara, ondoriozta dezakegu emaitzek ebidentziaren maila oso baxua dutela, kasu-serieetan ohikoa den bezala alboraketa handiak daudelako (itsutasunik ez, kontrolik ez, ausazkotasunik ez, aukeraketa-sesgoa…). Interesen gatazka deklarazioa ere faltan bota dut, aurkeztutako datuak kontsideratzerako orduan garrantzitsua izaten baita jakitea zer nolako lan-harremana duten autoreek ikertutako populazioarekin. Baina beno! Haltzak bihotzik ez duen bezala, ez diogu kasu-serie bati entsegu klinikoen emaitzak eskatuko.

Distoniaren intzidentzia ez da handia: autoreek 200-500 musikotatik bati gertatzen zaizkiola aipatzen dute. Diagnostiko horren azpian hainbat arazo desberdin sartu dira, hala nola mugimenduen kontrol falta, digitazio abiadura motela, tentsioa, ahulezia, dardara, mina edo hatzamarren independentzia falta. Sintoma hauek oso mugimendu eta une zehatzetan agertzen dira (askotan, mugimendu bera beste testuinguruan edo airean eginez ez da agertzen); horregatik onena arazoa instrumentuaren gainean aztertzea izaten da. Bestalde, kasu gehienetan ikusi da distoniak ez daudela musika piezaren zailtasunarekin lotuta (partitura errazetan berdintsu ematen dira) eta beste instrumenturen bat jotzean ere agertzen direla.

Kasu-seriea aztertzerako orduan, pazienteak lau taldetan banatu dituzte: piano, gitarra, arrabita eta «beste» instrumentu joleak. Ikusi denez, distonia kasuak batez ere gitarrajoleen artean agertu dira; zehatzago esanda, sokak mastaren kontra zanpatzeko mugimenduetan nagusiki; eta 4 ordutik gora jotzen duten musikarietan.

Deigarria egin zaidan detaile bat, osasunarekin zerikusirik ez duena: ikerlan hau egiteko, autoreek 1999 eta 2003 artean zentru konkretu batera joan ziren 768 pazienteen historia klinikoak aztertu zituzten. Gaur egun ez dut uste hori posible izango litzatekeenik, indarrean dauden datu-babes legeekin.

Ikergaira itzuliz: distonia arazoekin lotuta egon daitezkeen zenbait faktore seinalatzen dira artikuluan: min aurrekariak, traumatismoak, erresorte-hatzak, neuro/radikulopatiak eta estres psikologikoa.

Tratamenduari buruz, kontuan hartu beharreko datu bat: ikerlari hauek artatu baino lehen, pazienteak bataz beste 2,3 osagileren kontsultatik pasatuak ziren (gaur egunean «ikurrin horia» ezarriko genieke). Eta zentru honetan, itxura denez, tratamendua Sensory Motor Returning (SMR) izeneko neuroerrehabilitazio teknikan oinarritu da.

Ondorioen artean:

  • Distonia duten pazienteen artean baldintza batzuek ematen dira: mugimendu errepikakorrak, prezisio handikoak, ordu askoan.
  • Halere, badira baldintza horietan aritzen dituzten musikoak, baina distoniarik izaten ez dutenak. Horregatik, autoreek zenbait faktore predisponente ere seinalatzen dituzte: sexua (gizonen artean askoz ere sarriago agertzen da, baina agian arrazoiak sozialak dira), instrumentua, jotzeko estiloa, patologia sentsitibo/nerbiosoa, eta denen gainetik, gainerabilpena.
  • Fisiopatologiari buruz, autoreek distonia zirkuito neuronalen hiperexzitabilitatearekin lotzen dute, eta honen ondorioz garunean ematen den erantzun-kate konplexuarekin. Honen arabera, bide terapeutiko egokiena ere haiek aldatzeari deritzote (keinuak «berrikasiz»). SMR teknikarekin bilatzen dutena, alegia.

Esan beharra dago autoreak konsziente direla aurkezten duten kasu-seriearen ebidentzia maila baxuaz. Adibidez, beste ikerketekin alderatuz emaitzen desberdintasun handia atera zaie; hori selekzio-alboraketari egozten diote (zentrura oso profil konkretuko pazienteak etortzen zaizkielako).

Bere limitazio eta guzti, artikulua interesgarria da, kolektibo konkretu baten problematika aurkezten digulako. Hori bai: kasu honetan musikoak dira, baina ondorioak seguraski balekoak izango litzazke antzerako mugimenduak eta posturak erabiltzen dituzten beste edozein espezialistarendako (jostunak edo akabatzaileak, esate baterako).

***

Oier Gorosabel Larrañaga

Fisteus blogerako, 2019ko azillan 15a.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Musikarien lesioak | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*