Osasun aseguruak eta «txurriterapia»

Ordaintzen digutenarekin, gero eta gaitzagoa da tratamendu pertsonalizatua egitea. Argazkia: JM Lostau

Lehenago idatzi izan dut hemen osasun aseguruei buruz. Berriki argitaratutako erreportaje batek agerian utzi du espainiar Estatuko fisioterapeutok horiekin dugun arazo larria. Mutuaren baten bitartez terapia fisikoa egiten duzun pazientea bazara, hau zuretako ere interes handiko gaia da, zure tratamenduaren kalitateari bete-betean eragiten baitio.

Funtsean, arazoa honetan datza: osasun aseguruek gero eta gutxiago ordaintzen digute guri, zure tratamendua egiteagatik. Gure lanaren bokazio kutsuagatik-edo, enpresa hauek badakite osagileok, gutxi zein asko kobratu, jendea ahal denik eta ongien artatzen saiatzen garela. Hori dela eta, torlojua estutzen dabiltza aspaldi, batzuk zakarki (tarifak zuzenean jaitsiz) eta beste batzuk leunki (tarifak igo gabe). Urteak daramatzagu zenbakiekin malabarismoak egiten. Gure fisioterapia zentrora, esate baterako, denetik etortzen zaigu: aseguruetako pazienteak zein beren kontura datozenak. Orain arte, beti saiatu izan gara paziente mota guztiak ongi hartzen; nahiz eta mutuatik datozen pazienteengatik askoz ere gutxiago kobratu (kasu batzuetan partikularrek baino bost bider gutxiago, tratamendu berberagatik), horientzat ere gutxieneko kalitatea ziurtatu izan dugu. Hamar bat urtean, baina, sistema honen ondorioz aseguruetako irabaziak ia desagertu egin zaizkigu; eta beheranzko progresioak etenik ez duenez, azken urteetan galerak izaten ere hasi gara: askotan, paziente horiekin diru gehiago gastatzen dugu aseguruak ordaintzen diguna baino. Eta, bokazioak bokazio, osagileok ere etxeko gastuak ordaindu behar izaten ditugunez, bi alternatiba ditugu: paziente gehiago hartzen hastea (orduero 5-6, gutxienez) edo aseguruekin lan egiteari uztea.

Guk bigarren aukera hartu dugu. Zorionez, beren kontura datozen paziente asko ditugu, eta honek bakarrik aseguruekin lan egiteak dakarren mendekotasunetik libre uzten gaitu. Hori dela eta, azken hiru urteetatik hona hainbat mutuarekin genituen hitzarmenak eten ditugu, eta ez dira azkenak izango: itxura guztien arabera, gure eskualdeko kooperatiben osasun aseguru ezagun baten txanda ere laster etorriko da, gauzak asko aldatzen ez badira behintzat. Asko sentitzen dugu gure pazienteengatik, baina tamalez, gaur egun errentagarriagoa zaigu kontsulta ixtea eta estudiatzen gelditzea, mutua hauetako  paziente bat hartzea baino. Ez gara bakarrak: gero eta gehiago dira soluzio hau hartzera derrigortutako fisioterapia zentroak.

Osasun Publikoak eskaintzen duen fisioterapia ere hutsaren hurrengoa denez, praktikan gurea luxuzko produktu bihurtzen ari da. Horrela jarraituz gero, ordain dezaketenek bakarrik eskuratuko dute tratamendu ona; besteek, berriz, hilabeteetako itxaron zerrendetan sartuko dira edo «txurriterapia» saioetara kondenatuak izango dira (pazienteak txurroak bezala tratatzera, jo-eta-pasa, denak berdin), edo ikasketa ofizialik gabeko masajisten erruleta errusiarrean sartu beharko dira…

Barkatu apokaliptiko jarri izana, baina ez diot egoerari irtenbide erraza ikusten. Profesionalon aldetik gauza gutxi egin dezakegu: Konpetentziaren Defentsarako Legea dela eta, Espainian ezin gara prezio horiengatik publikoki kexatu. Pazienteok, berriz, aseguruei fisioterapia tratamendu duina exijitzeko aukera duzue, zuek ordaintzen duzuen diruaren zati handia bitartekariek hartzen baitute, fisioterapeutarengana ailegatu barik. Zentzu horretan, Frantzian indarrean dagoen sistema askoz ere zuzenagoa da, profesional estimatuak gara eta pazienteek errazagoa dute fisioterapeuta edo kinesioterapeutaren zerbitzuak lortzea.

Gaur8rako, 2016ko agorrillan 14a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*