Sabelean korapilorik?

Zuetako zenbatek izaten du ezinegona, sabelean korapilo sentsazioa, lorik egin ezina, azaleko arazoak, bihotzeko taupadak, haserre erreza… edo dena batera? Adi ezazue bada, zuentzat izango baita gaurko artikulua.
Norbere osasuna zaintzen ikasteko prozesuan, ezinbestekoa da gure nerbio sistemaren funtzionamenduaren ideia orokor bat egitea. Oro har, urduritasun mota bi daudela esan dezakegu: motiboduna eta motibo gabekoa. Lehenengo kasua “stress” izenez definitzen dugu; bigarrena berriz, “antsietate” legez izenda dezakegu. Stress egoera batean, argi dago urduri jartzen gaituen faktorea: lagunarekin haserrealdia, lantokian arazoak, senide batekin ezinikusia… Kasu honetan lasaitasuna, arazo hori konponduta etorriko da (beharbada ez da gauza erreza izango, baina hori beste gai bat da…). Urduritasun bigarren motak ardura digu gaur: antsietatea alegia.
Antsietatearen ezaugarri nagusia urduri egoteko motibo falta da. Batzutan lanean, familian, lagunartean… ez dugu arazo berezirik baina hala ere urduri gaude. Zergaitik ote? Pertsona bakoitza mundu bat da jakina, eta ezin eman denentzat baliogarria izango den erantzuna. Baina trabes egingo nuke antsietatea duzuen hamarretik bederatzik, arnasa bularrarekin hartzen duzuela. Izan ere, arnas motak eta nerbio sistemaren alerta/atseden faseak oso lotuta daude, eta hau ulertzeko gure korputzeko fisiologian pixka bat gehiago sakondu beharko dugu (ulertzea errazte aldera “osasun-fikzio” pixka bat egin beharko dugu; barka bezate adituak).
Arnasa sabelarekin hartzea da gizakiak berezko duena: haizea sartzean sabela puztu, botatzean hustu… Ume txikiei erreparatzen badiozue, hauxe da eurek darabilten arnas mota. Gaitasun asko ditu arnas abdominal honek: lasai mantentzen gaitu, eta luzaroan eta gogor lan egiteko adina indar ematen digu (8 ordu burdinola batean, adibidez).
Oinarrizko arnas honetatik aparte, badaude beste arnas mota asko, bakoitza bere gaitasunekin. Hauen artean, bularreko arnasa dago. Bularreko arnasak nerbio sistema alertan jartzeko gaitasuna du, eta indar oso handiak egitea ahalbidetzen digu, denbora motzean halere (armairu bat mugitzea, adibidez).
Arrazoia ez dago argi, baina hazten joan ahala, jende gehienak arnasa sabelarekin hartzeko ohitura galdu eta bularrarekin hartzeko joera erakusten du. Militarren eredua guk uste duguna baino barneratuago dugulako izango ote da? (“Fir… mes!”). Ez dakigu, baina berezko eskema naturala galtzeak osasunarengan ondorio nabarmenak ditu: arnasa bularrarekin hartzen duen pertsona beti dago urduri, eta ez daki zergaitik; era berean, etengabeko alerta egoerak energia handia kontsumitzen du eta luzaroan mantenduz gero, gure gorputz/gogoak higadura handia izaten du. Normalean, lehenengo sintomak liseri aparatukoak izaten dira (bihotzerrea, korapilo sentsazioa…) eta ez dira arraroak izaten azalekoak (psoriasis, dermatitis…), eta jakina nerbio sistemakoak (depresioa, agresibitatea, loaren arazoak…). Eta dena, ume txikiaren eredua ahaztu eta militarrarena jarraitzearren. Baztertu militarraren eredua! Kasu egin umetxoari…! Harek badaki. Eta zuek ere bazenekiten, ahaztu aurretik: aintzinako ezagupen hori berreskuratzea baino ez dugu egin beharko.
Jakina, bizitza osoan arnasa bularrarekin hartzen pasatu baduzu, zaila egingo zaizu ohitura hori aldatzea. Nahikoa burugogor jarri beharko zara, behin eta berriro zure buruari erreparatuta, sabel arnasa galdu duzula konturatzean berriro hasita, ohitura batzuk aldatuta… Ustez biderik “zailena” da (lana eskatzen duelako), baina lortuko dituzun emaitzak sakonen eta iraunkorrenak izango dira. Lan handia iruditzen zaizula? Ongi, badago bide “errezago” bat: botika psikiatrikoak. Sedazio artifizialarekin ez duzu ezer aldatu beharko: jarraitu arnasa bularrarekin hartzen, zure ohitura txar guztiak mantentzen. Berdin dio eze, drogaren eraginez zure gorputz/gogoaren higaduraz ez zara konturatu ere egingo…
Zer orduan? Nahiago bide “erraza”? Zure osasuna zer edo zer estimatzen baduzu, erantzuna ezezkoa izango dela espero dut. Bide “erraz” horrek desabantaila ugari ditu, besteren artean, gorputzaren hondatze prozesua ez dela gelditzen, edo botika psikiatrikoen efektu sekundarioak oso gogorrak direla. Horren ordez, irakurle hori, zure antsietate hori konpontzeko gaur egunean dagoen biderik zuzenen, sakonen eta eragingarrienera bultzatu nahi zaitugu: arnas abdominala berreskuratzea.
Lehenengo, bakardade momentuak aprobetxatuko ditugu; lasaitasunean, gure buruari erreparatu arnasa nola egiten dugun ikusteko. Errazena da etzanda egitea: esku bat bularrean, bestea tripan. Arnas egitean, bietatik zein mugitzen da gehiago? Haizea hartzean, sabelak gora egin behar du; botatzean, bere onera etorri. Horrela pasatuko ditugu minutu atsegin batzuk, ordu laurden inguru, eta arnas bakoitzarekin igerriko dugun erlaxazioaz gozatuko dugu. Hau da antsietatea gainditzeko oinarrizko ikasgaia, garrantzitsuena. Hau ondo egin gabe, alferrik da aholku gehiago ematea. Datozen asteetarako etxeko lana hauxe duzue: egunero, arestian deskribatutako arnas ariketa egitea. Animo eta ekin lanari. Erraza, eraginkorra eta merkea da! (horregaitik ez du batere maite industria farmazeutikoak). Aste bi barru ikasgaia hartuko dizuet.

Gaur8, 2007ko Martxoaren 23a

1 Comentario en Sabelean korapilorik?

  1. Milla esker, Oier.

    Militarrik ez, umiak bai!

    Sabela bai, bularrik ez!

    Jarraittuko detsagu aholkuari.

    Eta kantatzia? Entzunda neukan oso ona zala, benetan, ez da adarjotzia.

    ondo segi

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*