Txinatar medikuntzia – Chi Kung

Ez dira Txinakuak, Japonekuak baiño; baiña asko gustatzen jataz "Edo Aroko" irudi anatomikuak.

Gaurkoan azaltzeko aukeratu dogun gai hau ulertzeko, arazo bat izango dogu: gure mentalidade mendebaldarra. Horregaittik, gaixan sartu baino lehenago sarrera filosofiko bat egin bihar izango dogu. Bai, izan be, Euskalherrixa Europan dago, eta Europako beste auzokidiekin batera, mentalidade analitiko, kartesiar eta judeokristaua garatu dogu. Hau ez da txarra berez: baina beste kultura, edo musika, edo errelijiñuak ulertzerako unian oztopo bat izaten da. Bardin-bardin gertatzen da, noski, alderantzizko kasuan: “Papalagittarrak“ liburu bikaiña irakorri dabenak ondo daki zelako shocka izan zan XX mende hasierako Polinesiako gizon harendako New York hirira egindako bisittia.
Tiavea ugartetik etorrittako Tuiavii’k ezin zeban ulertu, adibidez, zergaittik bizi ziran Iparramerikarrak jangoiko tiraniko baten mendian: harek markatzen zeban New Yorkeko biztanlien bizitziaren une guztiak, jente guztia bere zerbitzuan bizi zan, eta gainera jangoiko horrek bere mobimendu guztiak kontrolatzen zittuan momentuero, biztanle bakoitzak eskumuturrian lotuta zeroian aparatu txiki baten bittartez.

Txinatar Medikuntzara hurbiltzen garanian be, oso gatxa egitten jaku bertan takian-potian erabiltzen dirazen hainbeste konzeptu ulertzia: meridianuak, energixa jarixua… eta gure lehenengo joeria eszeptikua izatia da. Normala, noski: gauzak probatu arte ezin siñistu.

Esandako moduan, jentiaren lehenengo pentsamentua “sorginkerixia edo sektaren bat“ izaten da. Baina laster ulertuko dogunez, hau sinplifikaziño haundi bat baino ez da, Europan gaur egunian nagusi dan mentalidade sinple eta izaera deserrotuaren beste adibide bat. Deserrotua diñot, bai: baina ez da holan izan beti.

Europako bertako aintziñako kulturak (“Amandre Zurixa“ren adoratzailliak, esan dagigun) naturiari atxikittutakuak ziran, eta harekin harmonixaz eta errespetuz jokatzen zeben. Aintzinako Grezixa, Zelten zibilizaziñua edo Euskal kulturia bera adibide izan leikez. Helenismua eta siñiskera judu-kristau patriarkalak nagusittu arte, arruntak ziran Europan lurraren eta ortzixaren zikluei lotutako kultura eta errelijiñuak, normalian matriarkalak ziranak. Adibide konkretuaguak jartziarren: lurraren eta pertsonen ernaltze erritualak (garai bateko orgia grekuak, edo euskal akelarriak), purifikaziñuak (ekaiñeko solstizixua), lurraren magnetismuaren neurketia eta erabilpena (radiestesixia, eraikuntzarako nahiz ura topatzeko)… etabar etabar etabar. Helenismua eta siñiskera judu-kristau hauek ez ziran bapatian hedatu baina, eta mende askoren zihar Amandre Zurixaren adoratzaillien kulturak atzeraka juan izan dira zibilizaziño barrixen aurrian. Azken arrastuak mendixetan eta mundu erruralian ezagutu izan doguz, baitta gaur egunian be.

Ez gara orain hasiko, baina, Europako kultura arkaikua aztertzen. Esan gura dotena zera da, gurian be Txinatar Medikuntziak erabiltzen daben moduko kontzeptuak erabilli izan dirala. Baina… jakitturixa klase horren azken zaindarixak orain dala 500 urte sutan erre genduzen.

EUROPAR BATI ZELAN AZALDU EKIALDEKO ARTE-DISZIPLINAK

Europar peto-peto bati chi-kung’a zer dan zeozelan azaldu biharko bagentza, zera esango gentzake: korputzarekin egindako gimnasixa arin bat dala, arnas egoki batekin lagunduta, konzentraziño mentalarekin batera.

Kanpotik begiratuta, noski, ikusle batek korputzaren mobimenduak ikusiko dittu bakarrik. Dana dala, biharbada hori da chi-kung’etik garrantzi gitxien daukan partia: lanik garrantzitsu eta eraginkorrena arnasa eta jarrera mentaletik etorriko dalako.

Seguraski ezagunagua egingo jatzue tai-chi’xa. Igual ikusi dozue inoiz parkeren baten inor halako mobimendu geldi eta zabalak egitten; biharbada zuen herriko kiroldegixan be tai chi klasiak emoten diraz, aerobik eta spinning’arekin batera. Tai-chi’xa eta chi-kung’a familia bereko artiak dira, eta hala esanda Europar peto-petuak hobeto ulertuko dau chi-kung’a antzerakua dala, baina ez bardina. Izan be, tai-chi’xa chi-kung’etik eratorrittako arte sinpliago bat da; chi-kung’a zaharragua da, sakonagua eta biharbada arriskutsuagua.

Dana esan biharra dago: Ekialdeko arte edo disziplina batzu (yogia, edo tai chi’xa bera) Mendebaldera ekarri diran arren, askotan bere funtsa galdu dabe Europa-Iparramerikako gustura egokitziarren. Kontizu: judeokristauoi ez jaku interesatu izan Indixa edo Txina moduko herri pobrietako siñiskerixak, eta ariketa fisiko huts legez hartu izan doguz disziplina hauek.

Ez dogu kontuan asko hartu 3º munduko herrialde hoietako Medikuntzia guria baino 5.000 urte zaharragua dala. Europako prehistorixan alkarri harrika genbixen bittartian, Txinan eta Indixan mailla goreneko kultura, zientzixa eta artia garatzen zeguazela.

Kiroldegi askotan funtsik gabeko yoga edo tai-chi’xa egittian bere alderik garrantzitsuenak ahazten gabiz: alde filosofiko, energetiko, espiritualak. Gauza xelebria benetan, kontuan hartzen badogu jentia zergaittik hasten dan tai-chi edo yoga egin nahixan: lasaitzeko, eguneroko arazuak ahazteko, hutsune existentzialak betetzeko… Jendiaren bihar hauek asetzeko bihar-biharrezkua da aittatutako alde filosofiko, energetiko, espiritualak kontuan hartzia; kontrakua egarririk kentzen ez daben ura eratia legez da.

ERRELIJIÑUA ETA TXINAKO MEDIKUNTZIA

Esandako moduan, Ekialdeko jakitturixiarekin kontaktatzian, Europarraren lehenengo pentsamendua “errelijiño kontuak“ dirala izaten da. Eta bai, batzutan hala da: baina ez beti.

Europan be, filosofixa eta etika kontuak errelijiñuarekin nahastatuta emon izan jakuz beti. Kristautasunak adibidez, alkarri laguntzia emotia edo zaharrenganako errespetua aldarrikatzen dittu: baina horregaittik ez dogu pentsatzen alkartasuna “errelijiño kontua“ danik.

Ekialdeko filosofixa eta medikuntzan sakondu ezkero, takian potian topatuko doguz taoismo eta budismoko kontzeptuak, “arraruak“ gure gusturako: “shen“ (izpiritua) eta “xin“ (psikia), adibidez. Baina barriro diñogu: medikuntza txinatarra ez da iñundik iñora errelijiño bat. Europar batendako Txinatar hizkuntzia guztiz desberdiña da, eta oso aberatsa: gurian literalki itzuli ezin leikezen hainbeste kontzeptu dagoz, eta irudi figuratibuak erabiltzen dira askotan. ¿Zertarako erabiliko dogu esaldi luze bat kontzeptu bat azaltzeko, berba sinboliko batekin azaldu bageinke?. Horra hor ekialdeko medikuntzan berba filosofiko asko agertziaren arrazoia.

ENERGIXIA

Unibertso guztia fisikako legien arabera mobitzen dala diñogu, bai, baina ez gu ezagutzen doguzen legien araberan. Gaur egungo Europako zibilizaziñuak irizpide hau dauka: guk ezagutzen ez doguna, ez da existitzen. Eta bardin Mendebaldeko medikuntzia, noski: ba dago Grezia Klasikotik heredatutako medikuntza eredu bat, nun korputza aparatu jakin batzuetan banatzen dan (dijestibua, zirkulatorixua, muskuloeskeletikua…) eta bere ikerketia anatomikoki egitten dan: bisturixarekin ebagi edo mikroskopixuarekin ikusi leikezen gauzak baino ez dira existitzen. Zeozer ezin ba da neurtu, pisatu, ikusi… ez dago.

Baina… imajinatu “zeozer“ hori, “energixia“ adibidez, izan bá dala, baina gu ez doguzela ondiok bera neurtzeko aparatu egokirik garatu.

Hau ez litzake zientzixan estrainekotz gertatuko. Zientzixiaren historixa osuan topatu geinkez teorixa apurtzaille barrixen adibidiak: gaur egungo “atomuen“ deskripziño teorikua Grezia Klasikuan eta Aintzinako Txinan egin zan adibidez, baina pasa dan menderarte ezin izan zan zientifikoki frogatu.

Beste datu interesgarri bat: fisika atomikuan apur bat sakondu ezkero, aintzinako kulturekin gogoratzen gara. Txinako jakintsuak aspaldi esanda: “dana da energixia, eta ez dago mugarik gure korputza eta unibertsuaren artian“. Halan, fisiko nuklear batek atomo baten nukleua ikertzen dabenian ez da partikula solidorik agertzen: protoiak, neutroiak eta elektroiak kanpo elektromagnetikuak dira, izatez. Beraz aintzinako medikuen esanak ez dira hain figuratibuak: mailla subatomikuan, gure korputza eta bere inguruak ez dauke uste dogun besain muga hermetikua, eta inguru horrekin eten bako hartuemon elektromagnetikua (energetikua) egon, bá dago.

Gure lanean, osasun profesional legez, askotan topatzen doguz korputzaren erantzun xelebriak, gaur eguneko Europako zientzixa ofizialak ezin dittuanak azaldu. Adibidez:

  • Paziente jakin batzu tratatu eta gero, izugarri nekatuta geratzen gara (beste batzuekin ez jaku gertatzen, beti pertsona bardinekin).
  • Korputzeko parte batzuetan eskua leun-leun jarri ezkero, tejiduak espontaneoki mobitzen dira, edo pazientiak erantzun emozional bortitzak daukaz (negarrez hasi, antsiedade krisixak…).
  • Tratamenduaren momentu jakin batzutan, terapeutiak nahiz pazientiak korputzetik “zirrara“ arraro bat zirkulatzen sentitzia, eskuetan edo oinetan bereziki.

Beste hamaika adibide emon ahal izango gendukez. Kontua da, gaur eguneko zientzixa ofizialak ontzat eta frogatutzat emoten daben medikuntza tekniketara mugatu ezkero, gure terapeuta ahalmenak nabarmen mugatuta daukaguzela. Baina ikerketako betiko kontua da: enpirismua lehenengo doia, eta atzetik –ahal ba da- metodo zientifikuaren bittartez frogatzia.

Eta enpirikoki, argi eta garbi dago gaur egunian frogatu ezin geinkezen “zereko zera“ bat dagoala korputzian, batetik bestera zirkulatzen dabena. Txinatarrak “chi“ izendatu izan zeben orain dala millaka urte, eta Europa aldian oraintsu hasi gara “energixa“ arraro horretaz berbetan.

Eta euskaldunak aspaldi dakigun moduan: “izenik duen guztia, ba da“.

TXINATAR MEDIKUNTZIAREN AZALPEN OROKORRA


Txinatar medikuntziaren oinarrixetako bat “orekia“ da. Zorixonera heltzeko bidia moderaziñua edo erdiko bidia dala aldarrikatzen da, bizitzaren arlo guztietan; eta beraz pertsoniaren osasun fisiko eta psikikua berreskuratzeko momentuan be, oreka horren billa ibilliko gara.

Txinatar medikuntziarendako, “tristuraz“ gaixotu leike adibidez (depresiñua, gure berbetan); baina hori besain txarra da “pozez“ gaixotzia (euforixia, fase maniakua, antsiedadia azken finian). Danok ulertzen dogu depresiño-zuluan egotia txarra dala, baina ¿ez ete da egixa ez dala ona egun guztian txapligu bat legez ibiltzia, Joseina Etxeberria baten modura? Horra, erdibidiaren garrantzixa.

Antsiedade/depresiño bikotiaz berba egitten dogun modura, korputz eta goguaren beste funtziñuetan be dikotomia hau arkitzen dogu. “Yin“ eta “yang“ kontzeptuak dira, hainbestetan entzun arren, ulertzeko hain gatxak egitten jakuzenak.

Puntu honetan zera gogoratu biharko dogu, Europar medikuntziak ba daukala filosofixa bat, baina ba dagozela munduan beste ikuspegi mediko asko, Europarra baino askoz be zaharraguak izatez(egipzixua, grekua, arabiarra, hindua… baitta txinatarra noski), eta mende askuan zihar bere herrittarren osasuna modu egokixan zaintzeko balixo izan dabienak.

Bakoitzak bere kontzeptu berezixak izan zittuan; eta arabiar hizkuntzia aztertzeko euskeriaren arau gramatikalak erabilli ezin geinkian moduan, ezin dira Europar medikuntziaren kontzeptuak erabilli txinatar medikuntziaren oinarrixak ulertzeko. Beraz, ez dauka zentzurik txinatar mediku bati galdetzia ia zelan osatuko leukian garunetako minbizi batek eragindako buruko mina. Hain zuzen be, Europar mediku bati “bere buruko barruko maillan su larregi izatiaren ondorengo yin gabezixa sintomak“ daukazen paziente bat zelan tratatuko leukian galdetzia besain zentzubakua izango litzake.


Yin eta yang kontzeptuak errealidadiaren muturreko alde bixak azaltzen dabez. Adibidez, txinatar medikuendako, korputzaren defentsa sistema guztiak yin dira, eta gaitzen eragilliak yang dira. Gure inguruan milloika organismo patogeno egon arren, ez gara gaixorik jartzen gure defentsa sistemak bere lana betetzen dabielako. Yin eta yang orekatuta dagoz beraz. Baina gure defentsak ahuldu ezkero (arduratuta edo nekatuta gagozelako, adibidez) gaisotu egingo gara, nahiz eta kanpoko organismo patogeno kopurua bardina izan. Desoreka hau yin gitxiegi dagoalako izango litzake.

Bestalde, gaixotu geinke bebai gure defentsak ondo egon arren, kanpoko mikroorganismuak ugaldu diralako edo euren kutsatzeko ahalmena igo dalako (adibidez zauri bat azalian, edo kutsatutako jatekua jan dogulako). Yang larregi dago hamen.

Txinatar filosofixan, sustantzixia yin da eta funtziñua yang. Zure arazua sabelak zuku gastriko larregi ekoizten dabela bada, yang larregiko arazo bat dala esango dogu; baina sabela ondo egon arren, arazua jan dozun jateko kopurua edo kalidadia ba da, yin larregirengaittik gaixotuko zara. Kaso baten nahiz bestian, yin eta yang’aren arteko orekia berreskuratuz etorriko da konponbidia.

“Sua“ termino sinbolikua erabiltzia ohizkua da txinatar medikuntzan. Fisiologixa maillan, korputzaren prozesu metabolikuekin lotzen da. Bestalde, oinarrizko bost prozesuetatik bat da (metala, ura, egurra, sua eta lurra). Korputzian organo eta prozesu desberdin asko dagoz, baina mediku eta filosofo txinatarren arabera, guzti-guztiak klasifikatu geinkez bost arketipo hauetan, euren funtzionatzeko moduaren araberan.

Adibidez, gibela “egurra“ da eta bihotza “sua“, euren funtzionamendu tipikuak egurra eta suaren antza daukelako. Pertsona bat beti hasarre badago, gibela eta bihotza izorratzen dirala konturatu ziran txinatar medikuak. Egoera hau era figuratibuan formulatu zeben aintzinako jakittunak, “egur larregi su larregi dakarrela“ esanaz.

Txinatar medikuendako, gaitzak azalian, muskuluetan, hazurretan, meridianuetan edo organuetan egon leikez. Deskribatzerako orduan, azalekua, erdi maillakua ala sakona dala esaten dabe. Guretako bitxiak diran beste konzeptu batzuk “gaitz solidua“ eta “gaitz huekua“ dira. Gaitz soliduak jatorri argixa daukenak dira: birusak, frakturak… eta gaitz huekuak jatorri illunagokuak dira: hormona desorekak, arazo metabolikuak…
Guretako hain arrotzak diran kontzeptuak aditzian, sigur nago zuetako asko txinatar medikuntzaren serixotasuna kolokan jarriko dozuela. Jakizue baina, Europan antibiotikuak zer ziran deskubridu baino askoz be lehenago, Txinan gaitz kutsagarrixak osatzen zirala; Europako medikuntziaren neurririk aurreratuenak sangrixak eta bentosak ziran sasoyian, Txinan operaziño kirurgikuak egitten zirala; Europan espiritu gaiztuen eraginez zirala uste zan denporetan, Txinan arazo emozional eta psikiatrikuak osatzen zirala.

Energixia edo txi’xaren zirkulaziñuaren bide edo meridianuen ezagupena be, txinatar medikuntziaren oinarrixan dago.

Miguel Servetek edo William Harveyek XVII mendian odolaren zirkulaziñua “deskubritzia“ medikuntza Europarrarendako aurrerapauso itzala izan zan, bai. Baina zientzilari hauek ez zekixen Txinan 2500 urte lehenago deskribatu zala zirkulaziño hori. “Nei Jing“ liburu klasikuan, adibidez, odol illuna eta odol dizdiratsua, yin eta yang odolak, bereizten dira. Baina ez odolaren zirkulaziño korapillotsua bakarrik; Txinako medikuntza liburu klasikuetan beste sare baten deskribapena dago, ondiok konplikatuagua: korputzian txi edo energixiak zirkulatzeko daukazen bidiena.

Lagaidazue orain galdera gaizto bat egitten: ¿beste 2500 urte biharko ete doguz Europako jakittunok, energixiaren zirkulaziñuaren gai hau zientifikoki berresteko?

Txinatarren arabera, energixia meridiano izeneko bide batzutatik dabil gure korputzaren zihar. Meridiano nagusi batzu dagoz, eta bigarren maillako beste meridiano batzu gero. Meridiano nagusixak 12 dira, eta esan dagigun bakoitza organo nagusi batzu lotzen dittuan marra bat dala, korputz, hanka eta besuetatik zihar luzatzen diran bidiak. Txi edo energixia bide hoietatik dabil, eta punto batzutan trinkotu egitten da. Punto hoiek dira akupunturakuak. Gaitzak osatzeko erabiltzen dira, baitta arte martzialetan arerixuari kolpiak bertan emoteko.Modu sinple baten esateko, Osasuna, meridiano hauetatik txi edo energixia libre dabillenian daukagu. Zirkulaziño libre hori oztopatuta dagoenian, Gaixotasuna dator. Eta txinatar medikuntziaren helburua (chi kung, akupuntura… ) txi horren zirkulaziñua berrorekatzia izango da.

HAUSNARKETIA

Hausnarketa edo meditaziñua txinatar medikuntziarena bakarrik ez dan arren, aparteko txatal baten aittatzia eta apur bat azaltzia merezi dau. Bai arte martzialetan baitta pertsonaren osasunian be, berebiziko garrantzixa dauka ekialdeko kulturetan.

Kultura guztietan erabiltzen da hausnarketa edo meditaziñua. Gizakixak, ondo funtzionatzeko, batzutan bere aktibidadia geratu eta zentratu egin bihar dau. “¿Zein gara gu, zer nahi dogu benetan…?” Danok egitten detzagu holako galderak gure buruari tarteka, eta halako galderak erantzuteko denpora lasai bat hartzia baino ez da, hausnarketia. Danok hausnartu edo meditatzen dogu beraz, nahiz eta izen hori erabilli ez.

Hausnarketia berez gauza naturala da, arnasa hartzia edo hazkuria daukagunian hazka egittia besain normala; baina errelijiño ikuspegittik hartu izan da gehixenetan, arlo psikikuaren esferako gauza guztien modura. Halan, kristau asko heldu izan dira extasis egoerara bere otoitzetan (“egoera contemplativoa“); musulmanak be ba dauke hausnarketia egitteko ohitturia (“muraqaba“); hinduak be hain ezaguna dan “meditaziñua“ erabiltzen dabe… errelijiñozalien esanetan, Jaungoikuarekin eta Unibertsuarekin bat izatiaren kontszientzixia hartzen dabe une sakon horretan.

Fisika nuklearrak oraintsu frogatu daben batasun poetiko horren izendapena aldatu egitten da kulturatik kulturara, eta hizkuntzen araberan Errealidade Gorena, Izaki Absolutua, Gogo Unibertsala, Brahma, Tao, Tathagata, Jaungoikua… etabar esan izan jako. Baina fisika purua da, azken finian; nahiz eta oraindiok ez oso ezaguna.

Ekialdeko arte martzial nahiz mediko askorek hausnarketa egoera hori dauke ariketetako abiapuntutzat. Hain zuzen be, Euskalherriko polikiroldegixetan egitten diran talde askori falta jaken abiapuntu bera. Chi-kung’a egitteko orduan be, egoera meditativo hori izango da gure oinarrixa.

CHI KUNGAREN AZALPEN KONKRETUA

Kanpoko begirale batendako, chi-kung’a dantza leun moduko bat da. Baina ez da hori, askoz be gauza sakonagoa baino. Eta oso konplikatua da, baina ez jente gehixena pentsatzen daben arrazoi teknikuengaittik; oso konplikatua izatiaren arrazoia, hain zuzen be, bere sinpletasun haundixa da.

Ba dira bai, ariketa leun eta dantza modukuak chi-kung’ian; baina biharbada horixe da garrantzi gitxien dakan elementua. Chi-kung’ian hiru elemento dira:

  • Formia.
  • Energixia.
  • Latiñezko “mens“, gu “gogua“ izendatuko doguna.


Esandako moduan, formia kanpotik ikusten dana da. Batzutan ariketa ikusgarri eta dotoriak dira, izen sujerentiekin (“zerua jasotzia“, “iratargixa eustia”…). Bestetan aldiz, arnas abdominalean zentratzeko erabiltzen dogun postura estatikua da, edo txi’xaren jarixua suspertziarren gure buruari emoten detzagun masaje leunak. Formia garrantzitsua da duda barik: maisu zaharrak mendietan zihar desarrollatutakua da eta zaindu egin bihar dogu, chi-kung’ak bere mesedia osoki egin degixan. Baina formetan geratzen bagara, parterik balixotsuena galduko dogu.

Bigarrengo elementua energixia da: chi, txineraz. Energixa klase asko dagozen arren, erreparatu degixogun klase biri: gure barruko energixia, eta energixa kosmikua. Arnasia hartzen dogunian, gure korputz barruko chi zirkulaziñua kanpoko energixiarekin jartzen da hartuemonian. Minutuko 15 bidar, bizitza osuan egitten dogu hartuemon basiko hau gure bizitzarako ezinbestekua da. Meridianuetako chi’xaren zirkulaziñua oztopatuta edo ahulduta dagoenian, arnasiaren bittartez hartu ahal izango dogu gure ingurutik falta jakun chi garbixa.

Hirugarrengo elementua gogua da, duda barik garrantzitsuena. Modu egokixan enfokatuko dogu, formia eta energixiarekin batasun bat sortuz. Batasun hori lortzeko, errelajaziñua eta burua hustia ezinbestekua izango da: hausnarketa estadu baten murgilduko gara, beraz.

Hiru elementu hauen orekia era askotara lortu leikez, eta horregaittik chi-kung forma asko dagoz. Zeozelan banatziarren, lau talde egin geinkez:

  • Dinamikua. – Espontaneoki sortutako mobimenduena. – Arnasarena. – Hausnarketiarena.

Laurak forma, energixa eta gogua lantzen dittuezen arren, bakoitzak gehixago jorratzen dau arlo bat. Chi-kung dinamikuak ariketa konkretuak erabiltzen dittu helburu konkretuak lortzeko: gaixotasunak sendatu, bizitzia luzatu…

Espontaneoki sortutako mobimenduaren chi-kung’a, aldiz, chi’xaren zirkulaziñua suspertzen dau eta gero energixia bera da korputza berez mobitzen dabena.

Arnasaren chi-kung’ian formia estatikua da, eta lan guztia norbere barruan gertatzen da.

Azkenik hausnarketiaren chi-kung’ian goguak dauka garrantzixa. Arlo psikikua jorratzen da nagusiki.

Azken bi taldiak, arnasa eta hausnarketiaren chi-kung’ena, maillarik aurreratu eta eraginkorrenak dira. Zelakuak diran gauzak: mobimendu polit eta espektakularrak alde batera laga, eta ¿geldi-geldi egotia eraginkorrena? Ba bai, etara kontuak: chi-kung hauek lantzen dabien pertsonak dira bere energixia modu egokixan bideratzen ikasiko dabienak, 10 ladrillo batera esku hutsez hausteko, edo norbere buruari minbizixa osatzeko adibidez (Europar zientzixarendako teknikoki «ezinezkuak» diran gauza bi esatiarren).

Euskal Herrixan asko daukagu lantzeko mailla hoietara heltzeko, bai. Momentuz, chi-kung egitteko gogua daukanak lehenengo forma bixak egitten dittuezen taldiak topatuko dittu bakarrik. Nahikua eta sobran, arte honen bidietan sartzen hasteko, eta gero ikasten juan ahala sakontzeko.

Ez gara hamen hasiko chi-kung’eko ariketak azaltzen, gure helburua gaira hurreratzia baino ez dalako. Gaixa gustokua badozue, sakontzera gonbidatzen zaittuagu: irakorri, inbestigatu… eta serixuan hartzia nahi badozu, maisu on bat topatu. Gu ez dogu irakasten, baina interesa izan ezkero, jarri gurekin hartuemonetan eta pasatuko detzugu kontakturen bat.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*