Ziatika

Irudixa: igotyaback.com

Nerbio sistema periferikoa irudikatuko bagenu, trikuaren antza hartuko luke gorputzak: garunaren eta ornomuinaren ardatzetik 86 nerbio irteten dira. Gero ezin konta ahala izpitan banatzen dira, hari fin-finak legez gorputzaren alde txikieneraino iritsiz. Printzipioz, nerbio eta azpinerbio horietatik guztietatik edozeinetan ager daitezke arazoak; sintomak, berriz, hondatutako nerbioak gobernatzen duen gorputz ataletan edo funtzioetan agertuko dira. Hala ere, arrisku bereziko lekuak daude; alegia, gorputzaren egiturarengatik nahiz eguneroko aktibitateengatik lesioak sarriago izaten dituzten guneak. Arrisku gune nagusietako batzuk bizkarrezurrean daude: ornomuineko nerbioek kanpora irteteko erabiltzen dituzten leihatiletan.

Berez estuak diren pasabideok gehiago estutu daitezke hainbat arazogatik (artrosia, herniak, erreuma…), bertatik pasatzen diren nerbioei kalte eginda. Gehiago zehaztuta, mota honetako lesio gehienak bizkarrezurraren barrenean gertatzen dira, gerriak eta sakroak bat egiten duten inguruan. Gune horren mugikortasun handiak, alde batetik, eta gorputzaren zama gehiena jasan beharrak, bestetik, bizkarrezurraren aparteko higadura ekartzen dute askotan.

Horiek horrela, jakin badakigu goian aipatutako 86 nerbioetatik lesioa izateko aukera gehien dutenak L4, L5, S1, S2 eta S3 izenekoak direla: gerriko azken bi nerbioak eta sakroko lehenengo hirurak. Bostak bizkarrezurreko leihatiletatik irteten dira, eta, besteak beste, nerbio lodikote ezagun bat osatzeko batzen dira: nerbio ziatikoa, hain zuzen ere. Nerbio ziatikoaren lesioaren ondorioz emandako sintoma multzoari esaten diogu ziatika. Kasutik kasura asko aldatzen da: gogora dezagun nerbio ziatikoa bost nerbio txikiagoz osatuta dagoela. Horietako zein lesionatu den, sintomak halakoak izango dira: mina gerrian, ipurdian edo hankan, azalaren sentsibilitate arazoak, muskuluen indar falta… Ulergarria denez, pazientearen kezka nagusia sintomok izaten dira; baina, aldiz, arazoari irtenbidea aurkitzeko ezinbestekoa da ziatikaren jatorria argitzea. Diagnostikoa, alegia. Izan ere, lehen esan moduan “ziatika” hitzak sintomak bakarrik izendatzen dituenez, ez baita diagnostiko legez onargarria.

Ziatika arazo oso desberdinen sintoma komuna izan daiteke: disko hernia, bizkar barruko kanalaren estutasuna, lotailuen gehiegizko luzaketa, muskuluen arazoa, postura desoreka, haurdunaldia, artrosia, traumatismoa… Minaren jatorria argitzeak konponbidearen zati handi bat suposatzen du, tratamendu egokiena ahalbidetuz: botikak, fisioterapia, kirurgia… Tratamenduon barruan, noski, aukera ugari daude. Geure lan eremuari lotuta, terapia fisikoekin nerbio sustraiaren hantura kontrola dezakegu (ultrasoinuak, teknika neurodinamikoak…), bizkarrezurreko leihatilen edo diskoaren degenerazioa arindu daiteke (trakzio teknikak, giltzadura txikien mugikortasuna…), nerbio ziatikoaren ibilbidean oztopo diren muskuluak trata ditzakegu (kizkurtze-erlaxatze metodoa, luzaketak, masajea…), postura zuzendu eta egokitzen ikas daiteke (ariketak, arnasa)…

Hala ere, betiko legez, pazienteak ezin du sendatzearen ardura guztia osagilearen gain laga. Ziatika ez da kasualitatez etorri, gure eguneroko aktibitateen ondorioz baino, eta, horrenbestez, gure ohiturak aztertzeko eta aldatzeko gai izan behar dugu.

Marrazkilaria bazara, esate baterako, egunero ordu asko emango dituzu aulki gainean eserita eta horrek gorputzean tentsioa sortuko du; kirola eta luzaketak egin beharko zenituzke tentsio hori arintzeko eta lanean mantentzen duzun postura malgutzeko. Bide horretan saiatuta, ziatika izateko aukera gutxiago izango dituzu.

Gaur8rako, 2013ko bagillan 1a.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. ¿Qué es y por qué se produce la ciática? | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*