Zoriontsu naiz baina zerbait faltan dut

Arrantza-ontzian arrantzan.
GureGipuzkoa.net | Arrantza-ontzian arrantzan. © CC BY-ND: Koch Arruti, Sigfrido

Amama Isabel egunero joaten zen mezetara, eta San Antoniori laguntza erregutzen zion. Abuagako Txatalinek ere, XVI. mendean, gaur ezezagunak zaizkigun erritualak erabiltzen zituen etxekoen eta bere osasun ona mantentzeko. Sorginak modaz pasatuta daude eta honezkero badakigu Jaungoikorik ez dela, baina jendeak hutsune bat nabari du. New age usaineko edozein aldizkari begiratzea besterik ez dago, publikoaren egarri horren berri izateko: terapia exotiko eta naturaz gaindiko gauzen iragarkiz betetako dozenaka orrialde. Merkatariak aspaldi konturatu ziren jendea edozer ordaintzeko prest dagoela duen hutsunea betetzeko; horregatik, kurtso eta produktu ugari jartzen dituzte salgai, baita erlijio berriak ere.
Gizakiaren bizimoduak berezkoa du tentsioa: lana dela, harreman pertsonalak direla… bizirauteko zereginak nekatu eta higatu egiten gaituzte pixkaka. Horregatik, tarteka atsedena hartu beharra izaten dugu; gure gorputzak autosendakuntzarako eta indarberritzerako dituen errekurtsoak ongi erabiliz gero, denbora gutxira eguneroko bizimodura itzultzeko prest egongo gara. Gainera, atseden une horiek eguneroko gorabeheren gainean pentsatu, hausnartu eta ondorioak ateratzeko baliatzen ditugu; hartara, indarberritze prozesua osoa izaten da, fisikoa zein mentala.
Antzina lana gogorragoa zen orain baino. Gure arbasoak ez zuten eskolarik, ezta gauza hauetaz pentsatzeko aukera askorik ere. Hala ere, bizimodu hartan aukera gehiago egoten zen lasaitasunerako: ardiekin, itsasoan, zamariekin bidean… XV. mendetik aurrera, gainera, kristautasunak paper garrantzitsua hartu zuen herritarren bizitzan. Irrati, liburu edo telebista barik, zaharrak beren buruarekin hausnarrean egoteko aukera asko izaten zituzten. Horiek horrela, goian aipatutako reset edo indarberritzea naturalki gertatzen zen. Gaurko bizimoduan, ostera, teknologiak lanak bizkorrago burutzen laguntzen digu. Horrek denbora libre gehiago izaten lagundu beharko liguke teorikoki, baina “denbora libre” hori lan gehiago egiteko baliatzen dugu. Horrrez gain, ikasiak gara denok eta uneoro izperringia ez bada liburua, liburua ez bada irratia eta irratia ez bada telebista kontsumitzen egoten gara; hau da, gure burua etengabeko informazioaz elikatzen dugu, isiltasunerako aukerarik gabe. Gainera, ez gara elizara joaten progreak garelako. Horrenbestez, gure bizimodu zoroan, kontrolik gabeko lokomotora baten joatearen sentsazioa dugu, zer falta zaigun oso ondo ez dakigula…
Lasai: ez noa elizara bueltatzearen apologiarik egitera edo eliza beste antzeko sektekin ordezkatzeko deia egitera. Bai azalduko dizuet, ordea, zamaltzain bakartiak, tximinoietan dauden arrantzaleak, arrosarioa esaten duten atsoak, zuhaitzak besarkatzen dituzten hippyak… zergatik sentitzen diren hobeto etxera bueltatzen direnean. Lehen aipatu dugun modura, pertsona guztiok dugu eguneroko bizimoduaz deskonektatzeko beharra, hemen eta Australian. Ez hori bakarrik, kultura bakoitzak, bere bideak aurkitu ditu reset egiteko. Egia esan, indarberritze prozesu horretan badira oraindik ere ongi ezagutzen ez ditugun faktoreak, esate baterako lurrarekin kontaktua, uhin elektromagnetikoak, ioiak… Badirudi horiek guztiek osasunarekin zerikusi handia dutela, baina oraindik ez da zientifikoki deskribatu nola aldatzen duten gure zelulen fisiologia. Hala ere, horren garrantzia erlatiboa da. Izan ere, gu baino primitiboagotzat ditugun hainbat kulturek –Euskal Herrian Erdi Aroan, esate baterako– faktore horiek osasun helburuetarako erabili izan dituzte emaitza onak lortuz. Horregatik, ez genituzke ateak itxi behar, ez enpirikoki frogatu badaitezke behintzat. Gogoratu grabitatearen indarra: Newtonek formulatu baino lehen ere, bazen. Europako zientziarako ulertezinak izan arren, medikuntza txinatarra (akupuntura eta abar) eta erreflexoterapia ere de facto onartu behar izan ditugu beren emaitzengatik. Hala gertatzen zen gure arbasoekin ere: eraikuntzan indar telurikoak nolabait neurtu eta erabiltzen zituzten, gizakiarengan eragiten zuten eraginak saihestuz edo espresuki bilatuz –nahiz eta gaur egunean jakituria hori galduta egon–. Galduta dago ere “sorginen” jakituria, eta pentsatzekoa da eurak ere lurrera hurbiltzen gintuzten hainbeste ezagutzen jabe izango zirela, osasun mailan gehienbat. Eliza etorri berriak ez omen zuen konpetentziarik nahi arimak sendatzeko lanean…
Laburbiltzeko, aldizkari integralen ikastaro eta produktu kontsumitzaile konpultsibo bihurtu nahi ez baduzu, zure eguneroko bizitzan indarberritzerako tartetxo bat gorde beharko zenuke. Lurrean ondo sustraitu eta egunero-egunero hutsetik hasteko. Bakoitzak bere sinismen pertsonalei egokituta: erlaxazioa, gimnasia, baratzeko lana, otoitza, borroka-arteak… Lurrarekin eta eguraldiarekin harremana estututa, elikagai onak eta garbiak janda, telefono mugikorra sarriago itzalita; azken finean, Abiadura Handiko Bizimoduari balaztak jarrita.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*