Osasuna poltsikoan

la_farolita's photo from 9/19/08
Irudixa: la farolita
Ondasun gehien duen pertsona ez dela aberatsena zioen jakintsuak, gutxien behar duena baizik. Krisi garairako aholku ona. Gure ekonomiaren txilinbuelta bihurrien eraginez, ostera, pertsona asko -gazteak, batez ere- Disneylandian bizitzera ohitu dira: eskiatzera txitean-pitean, oporretan ahal denik eta urrunen, etxeko berogailu guztiak topera… Pertsona nagusiak aho zabalik geratzen dira gazteak oporretara joan ahal izateko kredituak eskatzen ikustean, eta ez da gutxiagorako. Ez da denboran atzera luze egin behar eskasia garaiak gogoratzeko: lan gutxi eta gaizki ordaindua, zorrak kitatzeko izerdiak, etxean apopiloak, okela domeketan baino ez… Puspiloaren gainean eserita zerua ukitu dutenek ipurdiko galanta hartuko dute lurrera itzultzean; zaharrek, ez hainbestekoa.

Ekar dezagun goiko adibidea osasun arlora; izan ere, gauza jakina da askoz ere merkeagoa dela prebentzioa sendakuntza baino. Hala ere, jende askok azken momentura arte itxaroten du, eta mugitu ezinda dagoenean baino ez ditugu ikusten kontsultan. Zergatik? Horrela mina kentzea gaitzagoa izaten da, saio gehiago behar dute eta, beraz, diru gehiago gastatzen dute. Disneylandian hori ez zen arazoa ordea: eskua sakelara eraman, eta billete ugari. Ohatilan etzan, masaje gozoak jaso eta dirua mahai gainean jartzea baino ez zegoen mina kentzeko. Zertarako hartu zaintzeko lana? Zorioneko krisiak pentsaera oker hau aldatzeko balioko badu… ongi etorria.

Izan ere, burua argi samar duenak laster ulertzen du prebentzioa praktikan jartzeak osasunari eta poltsikoari batera egiten diela mesede. Modurik errazena gure bizitzan kirolari leku egitea da: astean bi edo hiru bider ariketak egiten hasiz gero, baietz urte osoa minik gabe pasatu? Kiroldegiko txartelari hautsa ken iezaiozu eta aida batean bertara, nerbioak eta koipea erretzera; gauza merkeagorik ez dago, eta gainera dutxa dohainik hartuko duzu. Lana dela-eta kirola egiteko denborarik ez baduzu, berriz -zoriontsua zu-, orduan fisioterapeuta batengana jo dezakezu: nahi barik ere beharlekuan tentsioak pilatzen dira, are gehiago geldirik egotera behartzen zaituen lanpostua bada. Tarteka-tarteka tentsio horiek askatuta, ez diogu minari gu harrapatzen utziko eta askoz ere hobeto mantenduko dugu osasuna; alde handia baitago zortzi ordu sufritzen egotetik, lana eroso eta min barik egitera.

Laburbilduz, kirola egitea izango litzateke onena, eta hori ezin bada, profesional baten kontsultara jotzea. Baina kasu batean nahiz bestean, oinarrizkoa den helburu bat dago: norbere burua zaintzen ikastea. Kontuan har dezagun, batzuek oraindik hala sinesten duten arren, minak ez dituela «haize batek» ekartzen. Pixkanakako tentsio pilaketa izaten da minaren jatorria, bilakaera luzekoa batzuetan; bat-bateko keinuak, zama jasotzeak… azkenengo tanta baino ez dira izaten. Hori guztia gure egunerokotasunean egiten dugun aktibitate fisikoarekin (edo aktibitate fisiko ezarekin) lotuta dago noski; eguneroko bizimodu horri erreparatu beharko diogu geure osasuna errotik zaintzeko. Posturak, ariketak, arnasa… zure burua zaintzen ikasi nahi baduzu, adi-adi entzun beharko dizkiozu kirol hezitzaileari kiroldegian, edo fisioterapeutari kontsultan, haiek emango baitizkizute zure puntu ahulak ezagutzeko eta hobetzeko gakoak. Hortik aurrera ezinbestekoa izango da zure kolaborazioa: hartzaile pasibo izatetik jagole aktibo izatera jauzi egingo duzu, eta minik gabeko denboraldi luzeak ezagutuko dituzu. Zulo horretatik behintzat ez zaizu dirurik joango.

Gaur8 rako, 2009ko lbeltzan 10a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*