Etxekoandre zaharrena

Etxekoandrea sutondoan, Nafarroan.
GureGipuzkoa.net | Etxekoandrea sutondoan, Nafarroan. © CC BY-ND: Koch Arruti, Sigfrido

Lehenagoko bizimoduaren balioak gogoratzen ditut sarri: zaharren patxada, elikagai naturalak, kutsadura elektromagnetiko eza… halakoak goresten ditudanean, segituan entzun behar izaten dut ea aurrehistoriara itzuli nahiko ote nukeen, eta halakoak. Ez da hori: gure aiton-amonen bizimoduan gose eta eskasiak bazeuden, baina baita gauza on asko ere, gaur egun erabiltzeko modukoak. Besteak beste, osasunaren autogestio maila altua; eta horri buruz berba egitea, etxekoandreez berba egitea da.
Historikoki instituzio garrantzitsua izan da etxekoandrea. Berak zuen teilatupean gertatzen zen guztiaren ardura: sukaldea gobernatu, ortua zaindu, ura ekarri, lixiba egin, umeak eta nagusiak jagon, ogia egin, logelak atondu, abereak elikatu, harilkatu, ehundu, arropak josi, esnea jaitzi, otoitz egin, familiaren hilobia zaindu… Horiek izan dira etxekoandre arrunt baten eguneroko zenbait lan, gizaldi eta gizaldietan, orain urte gutxi arte. Lan monumental horretan kokatu behar dugu etxekoen osasuna zaintzea. Goseak irudimena azkartzen duela gogoratu: familia pobre baten kasuan –eta Euskal herriko gehienak halakoak ziren-, osasuna mantentzea hil ala biziko kontua zen: zulora joateko infekzio txiki bat nahikoa zenean, garrantzitsua zen eguneroko bizimodu gogorreko osasun gorabeherak kudeatzen ikastea.
Kontuan har dezagun, gaur edozein herri txikitan dugula medikuren bat hurbil. Orain dela gutxi,berriz, urruneko baserri batean inor gaixorik jartzen bazen, bost edo sei orduko bidea egon zitekeen sendagilearenera eta beste horrenbeste bueltan; zerbait larria bazen, atera kontuak. Hori gure amonen garaian, baina berrehun urte lehenago, medikuak kapitale handietan bakarrik, herri txikietan zer zenik ere ez zekiten… Gaur egun, umea eztulka hasi orduko, medikuarenean gaude ate-joka. Gure arbasoek, ordea, milaka urte daramate hemen … nola arraio bizi ote ziren anbulategirik gabe?
Aintzinako etxekoandreek, eskura zituen erreminta guztiei etekinik handiena ateratzen  zioten, are gehiago pobreak baziren. Lehenik, eskura zituzten terapia fisiko sinpleak erabiliko zituzten (beroa, hotza, ura…) gaixoak bere defentsak piztu eta germenei aurre egin ahal ziezaion. Garrantzi berezia hartuko zuen sukarra erabiltzen ikasteak. Izan ere, defentsak hobeto lan egiten dute gorputzaren tenperatura igoz gero, eta funtzio hori du sukarrak. Ohean sartu eta ondo estaliko zuten izerdia atera arte, sukarrari laguntzeko (ez gaur bezala hura moztuz). Liburuak ez bezala, ongi jakingo zuten gorputzaren zeinuak irakurtzen: goserik ez bazegoen, gaixoa baraurik mantendu; eguneroko lan neketsuak alde batera utzi; isiltasunean utzi (noiz dugu gaur isiltasuna?). Eibarko mediku zaharrarena ere, asko erabiliko zuten aintzinako etxekoandreak: “Arrateko haiziak eta Errotapeko baiñuak”. Haize freskoa eta ur hotza, gorputzaren pizgarri bikaina. Gure amonek ba zekiten horiek guztiak erabilita, eguneroko min txikiak konpondu eta gaixotasun larriagoak ekidingo zituztela. Eta errepara ezazue, orain arte ez dudala botikarik aipatu, ez naturalik ez artifizialik.
Horrez gain, gaixotasun larriagoak, kolpeak edo zauriak suertatzean botikak edo bestelako erremedioak erabiltzen zituzten, belargile, sorgin, zirujau eta petrikilloek emandakoak. Horiek, baina, azken errekurtsoa izango ziren; sendagile bati ordaintzeko dirurik ez dagoenean, osatzeko modurik onena ez gaixotzea baita. Elikadura garbia, ariketa gogorra, naturarekin kontaktua, behar den moduko atsedena… antzinako nekazariaren bizimoduak bazuen horretatik asko. Arto-barazki asko, eta okela tamainan; iluntzean lo, eta oilarrarekin esnatu; aitzurra eta segarekin gimnasia faltarik ez; eskolara 5 kilometro oinez eta euripean… ez zen bizimodu erosoa horraitio! Baina gorputza zaildu eta defentsak sendotzen zituen. Hala ere, ez dezagun pentsa antzina denak Arkadia zoriontsuan bizi zirenik: meatzariek, arrantzaleek, baserrietako morroiek, olagizonek… oso baldintza kaskarretan lan egin eta osasuna gazterik galtzen baitzuten. Puntu honetan hasierakoa gogoratu behar dugu, baina: ez dugu nahi Erdi Arora bueltatu, baizik eta gure arbasoen ohitura onak –horiek bakarrik- ezagutu eta berreskuratu. Hain aurreratuta bagaude, horrenbesterako adimena eta irizpidea izango ahal dugu!
Osasun ona edo txarra gure bizimoduaren ondorioa da. Etxekoandre zaharrek bazekiten hori, eta gainera ez zuten medikua pagatzeko dirurik. Gu, ordea, aberastu egin gara, ohitura txarrak hartu ditugu –gaisotzen gaituzten ohiturak- eta gero sendagilearenera joaten gara “pilula miragarriaren” bila. Baina osasuna pazientearen ardura da; guk aholkuak eman eta ahal den neurrian lagundu egiten diogu, baina lagundu bakarrik; sendatu, pazientea bera sendatu behar da, bere zelulak dira hondatutako parteak aldatu eta berreraikitzen dituztenak. Bizimodu osasungarria da zure asegurua; elikadura orekatua, botikarik onena.
Gure Unibertsitate, jakituria eta guztiarekin ere, asko dugu ikasteko oraindik eskolarik gabeko amonengandik.
Gaur8 astekarirako (Gara), 2007ko Urrixa

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*