Hileta joleei
Zortzi bat urte izango dira fisioterapia asoziatibotik guztiz aldenduta nagoela. Batetik Lekeition bizitzea (alde guztietatik urrun); bestetik larunbatero beste ikerketa mota batean aritzea (espeleologia); eta azkenik ume txiki biren aita izatea, ekarri dute azken urteetan zilborrari begira ibili izana.
Hala ere, joan den urtean ustekabean txalaparta-hotsa aditu dut. Lan kontuengatik sare sozialetan sartu, eta hara non nire aintzinako kezka batzu konpartitzen dituzten gazte batzuekin topo egin dudan. Denak ni baino dexente gazteagoak noski; nire belaunaldiko gehien-gehienak 1.0 munduko itsaso barean ibiliko direla uste dut, e-postaren konfigurazioarekin borrokan oraindik…
Oraindik kili-kili hutsa da: oraindik ez dut ezertan partehartu, zuzenean behintzat. Baina ahal dudan neurrian harreta pizten didaten gauzei adi nabil: ebidentzian oinarritutako fisioterapiaren asuntoa… euskararena… eta Elkargoetan parte hartze(ez)arekin kezkak. Lehenengo puntuari buruz ezer gutxi dakat esateko, bai ostera ikasteko; bigarren eta hirugarrenari buruz, berriz, zerbait esatera nator.
Deigarria da, inondik ere, honako hau: esango nuke, joan den 10 urteetan, graduatu diren euskal fisio askok euskaraz dakitela. Gehienek beharbada. Hala ere, EAE-ko Elkargoaren funtzionamendua (elkargokide euskaldun kopuru altuena duena aipatzearren) ia osorik gazteleraz da. Asmo txarra? Ez dut uste. Seguraski inertziaren erosotasun hutsa da, inork ez duela besterik bultzatzeko astirik edo gogorik izan. Gehiago esango dut: Elkargoetatik euskara hutsezko ekimenak sustatuko balira (ikastaroak, hitzaldiak, artikuluak, komunikazioak…) ez litzateke seguraski ezer gertatuko. Beti egongo litzateke konforme ez dagoen norbait, noski; baina hori orain ere gertatzen da (EAEko Elkargoa gaztelera hutsean aritzen da, batzu ez gaude horrekin gustora, eta ez da ezer gertatzen).
Sare sozialetako kolega batzu (bizkaitarrak, nafarrak, gipuzkoarrak… nik “los vascos” esaten diet, adarra jotzeko) erre xamarrak ikusi ditut euskararen asunto honekin. Elkargoek zerbait egin beharko luketela eta. Euskaldunon eskubideak, bla bla bla… Tira, honek hurrengo puntuarekin lotzeko aukera ematen dit.
Izan ere, Elkargoak ez dira gure gainetik dauden entitate inkorporeo zerutiarrak. Elkargoetan gu guztiok bezalako fisioak daude, gehienetan lanetik aparteko ordu libreetan aritzen direnak, eta haien dedikazioarekin duten ahalmena dute; ez gehiago. Esan nahi dut: elkargoko errutinazko lanak eramatea nahikoa lan da, eta horretaz gain ekimen berriztaileak aurrera ateratzeko… haien kargu egingo diren laguntzaileak behar dira. Baina gu famatuak gara eskatu, eskatu, eskatu… eta trukean ezer ez emateko espezialitatean (Hegoaldean behintzat bai; espainiar izaeraren eragina ote?).
Ñabardura bat egingo nuke: ni euskararen erabileraren alde nago. Baina mezurik gabeko euskararen aldarri hutsak gogaitu egiten nau. Nik ez nuke parte hartuko “Euskara Bultzatzeko Komisio” baten, esate baterako. Gai hori ez zait interesatzen. Gehiago esango dut: ongi merezita dugu Elkargoetan euskarak duen hutsaren hurrengo posizioa. Ez baitugu euskaraz funtzionatzen, materialak euskaraz ekoizten… Zertara bermatu euskararen presentzia minimo bat Elkargo Profesional batean, gure eguneroko lanean halakorik ez duenean? Gauza biak dira desiragarriak, baina kronologikoki alderantziz etorri behar dira. Beraz, ez diet nik kargu hartuko Elkargoei erdera hutsean aritzeagatik. Azken finean, haien kideen portaerari erantzun proportzional eta orekatua da hori.
Nik neuk aspaldi egin nuen aukera: euskaraz ekoiztea. Artikuluak; sare sozialetako mezuak; propaganda… nire interbentzioak euskaraz dira %95ean. Badakit nire komunikazioak ulertzen ez dituen publiko zati bat dagoela, baina.. ez dit ardura, ez direlako nire targeta, marketing arloan esaten den bezala. Badakit, baita ere, nire aukera hau erraza dela bizi naizen tokian (Lea-Artibai eskualdea, ia erabat euskalduna) eta beharbada bestelako jarrera hartuko nukeela eremu erdaldunean mugitu ezkero.
Ez naiz ni hasiko elkargokideek egin behar dutena esaten; hori egiteko eskubidea ez dudala uste dut, nire lanarekin laguntzen ez dudanez. Nire mezua euskararen gaiarekin hileta jotzen dutenendako da soil-soilik. Ez zaitezte inork zuen kezkari noiz erantzungo zain; sartu dena delako Elkargoan; har ezazue parte komisio eta bestelako organuetan; funtzionatu euskaraz. Horren atzetik modu naturalean etorriko da Elkargoa euskalduntzea.
Burutazio hauek idaztearen arrazoia Carlos Castaño lankideari irakurritako artikulu bat izan da («La culpa es de las organizaciones»). Asko gustatu zitzaidan, eta gure ingurura egokitu nahi izan dut.
PD: Fisteusblogaren inguruan dabiltzan lagunei gauza bat esan nahiko nieke. Jendeak ez du bloga irakurriko euskaraz delako. Alderantziz esango nuke: bloga euskaraz izan arren irakorriko du… baldin eta artikuluak interesgarriak badira. Hor jarri behar da indarra. Euskaraz dela? Hori aipatu beharrik ere ez dago. The medium is the message.
Fisteus blogerako, 2013ko urrixan 16xa.
Kaixo Oier!
Askotan oroitzen ditut hasieran izan genituen elkarrizketa haiek eta zuk idatzitako hitzek nire ikuspuntua aldatu zutela. Hitzetatik ekintzetara igaro behar nuela ikusi nuen hitz haiekin eta eskatzetik egitera pasa behar nintzela. Posdatan idatzitakoari denborak zuzen zaudela erakutsi dit: Fisteus blogak jende pilo batek irakurtzen du, euskeraz izan arren.
Besarkada handi bat eta ondo ibili!!
Iker
A, ez nekixan hori! Ba, pozten naiz distantzian bada be zeozetako balixo izan badot 😉