Akilesen tendinopatia

Akiles tendoiaren luzaketa.

Orpazurdaren, edo Akilesen tendoiaren arazoak arrunt xamarrak dira fisioterapia kontsulta batean, gorputzeko tendoirik indartsuena den honek tentsio handiak jasan behar izaten dituelako. Tendoi honek egitura berezia du, beste muskuluen aldean: batetik, lau muskulu ezberdinek partekatzen dute (“4 músculos mueve mi niña al andar: los gemelos, el sóleo y el delgadito plantar”); eta bestetik, tendoiaren eta muskuluen zuntzak nahasiak daude. Hurrengoan, zopa egiteko txankarra egosi ostean, xehatu ezazue eskuekin: horrela ikusiko duzue egitura berezi hori. Dena den, nahasmen gune hau muskuluaren goiko aldean bakarrik aurkituko dugu, berna atzeko “bola” osatzen den gunean, alegia. Beherantz muskuluen multzoa argalduz joaten da eta, 15 bat zentimetro orpoaren gainetik, tendoi-zuntzak bakarrik gelditzen dira, kizkurtzeko ahalmenik gabekoak. Horixe da orpazurda, gaur aipagai ditugun tendinopatiak gertatzen diren lekua.

Akilesen tendoia handia da, beraz (gorputzeko handiena), eta horrek esan gura du lesioak eremu zabal batean gerta daitezkeela. Ohikoenak hiru gune izaten dira: tendoia kanpotik biltzen duen estalkia, tendoiak orpo-hezurrarekin bat egiten duen puntua eta tendoiaren erdigunea. Normalean, lesioaren arrazoiak orpazurdak jasaten duen kargarekin zerikusia izaten du, kilo askotakoa delako edo mugimenduak behin eta berriro egin behar izaten direlako. Dena den, arrazoi metabolikoak erlatiboki sarri ikusten dira; hau da, gorputzaren barne-prozesuetan sortutako gaiek eraginiko kalteak. Haien artean ezagunenak xantoma izenekoak dira: koipearen ekoizpen eta pilaketarekin lotutako ahulguneak, hori kolorekoak. Bistan denez, arazoaren jatorria ezagutzea hura konpontzerakoan mesederako izaten da; baina hau ez da beti posible izaten.

Tendinopatia” terminoa erabili dut izenburuan; handik-hemendik bilaketak egiten badituzue, ostera, “tendinitis” hitzarekin izendatuta ikusiko duzue, bai orpazurdaren arazoa, baita beste tendoiena ere. Kontua da, tendinitis guztiak tendinopatiak direla (tendino + patia = tendoien arazoa), baina tendinopatia guztiak ez direla tendinitisak. Alegia: “-itis” atzizkiak hantura edo inflamazioa dagoela esan gura du; baina lesionatutako tendoietan egiten diren analisi histologikoetan, askotan, ez da aldaketa inflamatoriorik aurkitzen. Horretara, egokiagoa da “tendinopatiez” hitz egitea. Akilesen tendoiaren kasuan ere, batzuetan tendinitisak aurkituko ditugu, non arazoa inflamazioa izango den; baina baita tendinosiak (zuntzen gogortasuna edo malgutasun falta), endekapenak (zuntzen suntsipena), eten traumatikoak, edo lehen aipatutako arazo metabolikoak ere.

Fisioterapia kontsultan, segun eta arazoa zein den, tratamendu teknika ezberdinak erabiliko ditugu noski; baina haien artean, bada bat ia beti errepikatuko duguna: ariketa terapeutikoa. Izan mugimendua egokiro egiten erakutsi behar delako (lanpostuan, kirolean…), izan zuntz berrien sorkuntza bultzatu nahi dugulako, kontuan hartu behar dugu tendoi batek, bere osatze prozesua behar bezala burutzeko, gauza bat duela ezinbestekoa: karga.

Gaur8rako, 2023ko zezeillan 24a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*