Behar ez deneko medikalizazioa
Askotan zeharka aipatu dugun gauza bat izanik ere, kontsultan duela gutxi izan dudan kasu batek pentsarazi dit gai honek artikulu propio bat merezi duela. Izan ere, guk bultzatu nahi izaten dugun osasunaren autogestioaren baitan, askotan erabakiak hartu beharra egoten da. Eta bidegurutze horretan gaudenean, gaur azaldu nahi dugun honek gure arazoa konponbidean jartzearen edo kronifikazioaren gurpil zoroan betikotzearen artean erabaki dezake.
Izaskun dei diezaiogun. Mokorretako arazo batekin bidali zidaten, trokanteritis diagnostiko ez oso zehatzarekin (esan nahi dut, esplorazio klinikoan arazo horrekin bat ez datozen zeinuak ikusi genituen). Tratatzen hasita zertxobait hobetu bazen ere, emaitzak ez ziren oso esanguratsuak. Ostera, hitz egiterakoan –fisioterapeuton abantaila da hori; gure lanaren ezaugarriak direla-eta, pazienteekin asko hitz egiteko aukera izaten dugu– konturatu ginen tratatzen ari ginen ustezko trokanteritis hori ez zela emakume honek zuen arazo bakarra. Kokotean errektifikazio nabarmena zuen (lepoko muskuluen tentsio jarraituaren eraginez). Gerriko minak ere sarri izana zen, eta guregana etorri baino bost hilabete lehenago hasia zen mokorretako minarekin; hiru hilabete geroago, oin azpietako mina hasi zitzaion, eta guregana etorri zenean podologoarekin tratamenduan zegoen. Esan beharra dago, honek guzti honek langabezia egoera batekin kointziditzen zuela; eta, pazienteak berak aitortua, horrek eragiten zion estresa handia zela (lanean zegoenean, ez zuen «astirik izaten gauza hauetan pentsatzeko»). Halere, emakumea ez zegoen geldi, eta familia kontuak zirela, edo ekintza soziala zela, agenda estu xamarra izaten zuen; batzuetan, ezin izaten zen ezta fisioterapia saioetara iritsi ere. Aurremenopausia fasean ere bazegoen, horrek eragiten dituen gorputz aldaera nabarmenekin. Azkenik, eguneroko zereginetatik aparte ez zuen inolako kirolik egiten, pixka bat paseatzeaz aparte; gogorik ere ez, gehiago egiteko. Laburbilduz, 53 urteko emakume batek izan ohi duen baino askoz ere egoera kaskarragoan zegoen Izaskun; baita lehen aipatu bidegurutzean ere, non erabakiko zen hurrengo urteetan bere agenda bete hori 10 osagileren hitzorduekin oraindik gehiago saturatu behar zuen, ala bere bizitzaren abiadura handiko trena gelditu, norabide berria emanez, eta horretarantz poliki abiatuz.
Ezin dugu esan Izaskunek zituen arazo txiki ugariak asmatuak zirenik. Ez horixe: mokorretan mina bazuen, izan; kokoteko errektifikazioarena ere ez zen ipuina, erradiografietan argi eta garbi ikusten baitzen. Beste gauzatxoekin ere, berdin. Haietako batzuek min nabarmena ematen zioten, eta zentzu guztia zuen beraz, osagileotara jotzea tratamendu analgesikoa eskuratzeko. Baina kontua zera zen: horrekin motz gelditzen ginela; arazoak banan-banan tratatuz, alegia. Gainera, kontuan hartu behar genuen bide horretatik sartuz gero gauza berriak agertuko zirela: ez zen aztia izan beharrik asmatzeko, Izaskunen bizimodu sedentarioa kontuan hartuta, kardiozirkulazio sistema eta metabolismoa ez zirela sasoi betean egongo. Zeresanik ez, irudi probak egiten hasten baginen (erresonantziak, eta beste) artikulazioetan higadura zeinuak aurkituko genituen, disko herniak eta abar. Horrek asko despistatu gaitzake, bere minaren jatorriaren bilaketa behar ez den lekuan eginez (higadura zeinu hauek gutxitan izaten dira minaren benetako arrazoia). Gaur egun dugun osasun sistema inoiz baino hobea da, baina ajeak ere baditu. Haietako bat, espezializazioaren espezializazioaz, gai bakoitzari buruz asko jakin dezakegula, baina gorputzaren eta gogoaren gaineko ikuspegi panoramikoa galduz. Ikuspegi horrekin soilik ikusiko baitugu Izaskunek ez duela soilik asistentzia medikoa behar (hori ere bai, noski); horretaz gain, orain falta zaion gauza nagusia bere burua zaintzeko denbora hartzea da. Horixe da gorputza, gero eta mezu ozenagoekin, eskatzen ari zitzaiona, gorputzak dakien hizkuntza bakarrean: mina eta ondoeza. Oihu horri aditu ordez Izaskunek medikoz mediko, kontsultaz kontsulta eta fisioz fisio jarraitzea aukeratzen badu, min kronikoaren bide amaigabean barneratuko da; bistan denez, mina hobetzeko aukera gutxirekin.
Gaur8rako, 2022ko garagarrillan 16xa.
Deja un comentario.