Diatermia sakona

Diatermia sakoneko aplikazioa. Irudia: Gara.

Behin baino gehiagotan aipatu dudanez, osasun munduan urte batzuk daramatzagunok joan-etorriko moda asko ikusten ditugu. Orokorrean, ez dira izaten iruzurrak (fisioterapia arloan, behintzat); ohikoa da, ordea, tratamendu baten ahalmenak neurri barik gorestea, publizitate engainagarriaren mugetan. Lehen inoiz koloretako bendak, kolon hidroterapia edo Pilates teknika zentzu horretan aipatu izan ditugun bezala, gaurkoan diatermia sakoneko aparatuez berba egin nahi nuke, orokorrean TECAR bezala ezagutzen direnak (“transferentzia elektriko kapazitibo eta erresistiboa” izenaren siglak), edo, bestela, ekoizten dituzten enpresen izenekin (Indiba, Lavatron, Quilmed, Globus, Capenergy, Erbalaser, Human Tecar…).

Argitu dezagun “dia-” aurrizki grekoak “zeharka” esan gura duela, beraz, diatermia azala zeharkatuz gorputz barrua berotzea litzateke. Horretarako Tecar terapiak irrati uhinak erabiltzen ditu, espektro elektromagnetikoan energia gutxien dutenak. Zehatzago esanda, diatermia mota horretarako 0,5-0,8 megahertz arteko maiztasuneko uhinak erabiltzen dira (irrati igorgailu arruntek 88-108 mHz darabiltzate), 200 watt inguruko potentziarekin (irrati igorgailuek 20.000 W inguru). Horrek gorputzean berotasuna sortzen du, beste termoterapia tekniken efektu bertsuekin: zelulen metabolismoa suspertzea, odolaren zirkulazioa bultzatzea, zikatrizazioa azkartzea, analgesia, muskuluen erlaxazioa eta hantura gutxitzea. Tecar terapiaren alde bakarra sakoneran dago: beroa 8-15 cm arteko sakonerara ailegatzen dela, alegia, beste termoterapia tekniken aldean (uhin laburrak, mikrouhinak, infragorri izpiak…), sakonago. Hori da dena.

Ikus daitekeenez, ez du misterio handirik. Baina saltzaileek informazio hori azalpen korapilatsuekin iluntzen dute, hizkera seudozientifikoarekin apainduta, ia panazea bezala aurkeztuz. “Hainbat unibertsitatetako ikerketen” babesa ere aipatzen da han eta hemen, baina ustezko ikerketok ez dira inon ere zehazten, eta horren ordez enpresek sustatutako literatura mediko eta paramedikoa aurkezten zaigu.

Gordinki azaltzeko, diatermia aparatuak ez dira berrikuntza bat: aspaldi erabiltzen ziren estetika arloan, are fisioterapian ere. Baina duela hamabost bat urte, zenbait fabrikatzailek marketin kanpaina oso indartsua eta deigarria abiatu zuten, jo-puntu argi batekin: fisioterapeutak. Oinarri teknologikoa mantenduz (goian azaldu duguna), aparatuak birdiseinatu zituzten, inbertsioaren zati handia lan komertzialera bideratuz: propaganda eta saltzaileak. Normala denez, kostu handi hori produktuari ezarri zitzaion, eta horixe da funtsean Tecar terapia aparatu batzuen prezio eskandalagarrien arrazoia (gaur egunean marka gehiago baitaude, prezio egokietan eta eragin berarekin). Pixkanaka, fisioterapeuta askok amuari kosk egin zioten, ondorio logikoarekin: aparatu bat 15.000 eurotan erosi duzunean, etekina kosta ahala kosta atera behar diozu; beraz, Tecar terapia erabiltzen duten fisioterapeutak pazienteen artean promozionatzera derrigortuta daude. Marketin kanpaina borobila, zinez: sortzaileak zoriontzeko modukoa, arazo etikorik ez balego.

*******

Gaur8rako, 2018ko loraillan 5a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*