Esperientzia txarretatik ikasten
Urte asko daramatzat lanbide honetan eta, nahiz eta gero eta gutxiago, oraindik estualdiak izaten ditut. Gogoan dut hasiberri nintzenean sarri izaten nituela: paziente batekin hanka sartzen nuela, beste baten purrustada ahaztu ezin nuela, heriotzen ostean lur jota gelditzen nintzela… Denborarekin , uste dut gogortasunaren eta enpatiaren arteko erdibide bat aurkitu dudala, eta ni gustorago jarduteaz gain, uste dut sendatzen zaizkidan pazienteen ratioan ere igartzen dela.
Halere, esan bezala, oso noizean behin hasieran bezala sentiarazten nauen gauzaren bat gertatzen zait. Aurreko egunean izan nuen, esate baterako, berriz gaztetxoa sentiarazteko aukerotako bat. Paziente gazte bat ez zela gustura geratu nik egin nion tratamenduarekin eta, kontsultatik atera eta gero, bi bider pentsatu eta berriz sartu zen, niri hori esateko. Egia esan, keinua estimatu nion: nahiago baitut hori, kanpoan tripak jaten ibiliko den pertsona bat uztea baino; eta gainera paziente honen formak oso egokiak izan ziren. Mindua bazegoen ere, zuzen mintzatu zen, gauzak egokiro esanez, gustatu ez zitzaiona seinalatuz, baina haserretu gabe. Eskerrak eman nizkion, eta agur esan genion elkarri; imajinatzen dut ez dudala berriro ikusiko.
Pazientearen kritikak hauek ziren: bere esanetan, kontsulta garestia iruditu zitzaion «XX minututako masaje baterako«; izan ere, kontsultako zati bat «hitz egiten pasatu baikenuen«; azkenik, «ez nion nahikoa sakatu berak esandako lekuetan«. Horiek ziren bere arrazoiak; eta, erantzuten saiatu banintzen ere, egoera ez zen lasai hitz egiteko erosoena; horregatik, eta kontuan hartuz gauza bera pentsa dezaketen paziente gehiago ere egon daitezkeela (mutil honek bezala esateko adorerik ez dutenak), pentsatu dut ez dela soberan egongo egun hartan emandako arrazoiak azaltzea, eta osatzea.
Azaltzen saiatu nintzen gauza garrantzitsuena zera izan zen: batzuetan (askotan), pazienteak eskatzen duena eta fisioterapeutak egoki irizten diona (pazientearen arazoa bizkorren eta ongien konpontzeko tratamendua, alegia) ez datozela bat. Horrelakoetan, oreka bat aurkitu behar izten dugu: alde batetik terapia eraginkor bat bermatzea, eta bestetik pazientea «konformatzea». Izan ere, plazebo efektua ez da gutxietsi behar. Kasu honetan ere, ni konturatu nintzen esku terapia egiten ari nintzenean, leku konkretu batzuetan pazienteak sentitzen zuen gogobetetasunaz; hor ere aritu nintzen, noski (pazientearentzat gutxiegi, bistan da); baina kontua da arazoa benetan konpontzeko ezin nintzela leku horietara mugatu. Gure lana, eta prestakuntza, arazoen sustraira jotzea baita. Adarrak (sintomak) tratatzea ondo dago, eta egiten dugu; baina soluzio iraunkorra nahi badugu, sustraia da garrantzitsuena.
Honekin lotuta, «putz egiteagatik pezeta bat kobratu zuen erlojugilearen» ipuina kontatu nion (ECHEVARRIA, Toribio. Bilatu «Evaristo Aguirre, el Cojo«). Alegia: osagileok ez dugula kobratzen egiten dugunarengatik, baizik eta egiten duguna egiten jakiteagatik; formakuntza ez da dohainik, eta esperientzia hartzeko urte asko behar izaten dira. Horren ondorio da guk egiten dugun tratamendua. Hura luzea edo motza izatea baino, garrantzitsuena pazientearen arazoa konpontzea da. Horretara bideratzen dugu gure ahalegina, erlojuari gehiegi begiratu barik.
Pazientearen beste kexa motibo bat denbora izan baitzen: hau da, ez genuela saio osoaren denbora esku terapia eginez pasatu. Izan ere, historia klinikoa eta galderak eginez ordu laurden inguru eman genuen. Hau, egia esan, jende askok pentsatzen du: nolabait, «eskua sartzen» pasatzen ez dugun denbora, alferrik galdutako denbora dela. Oso oker daude, noski. Baina azalpen luzeetan baino, jendeak hobeto ulertzen du kontu hori ehiztariaren adibidea azaltzen diogunean: nekez asmatuko du tiroa, ez badu arma apuntatzeko astirik hartzen. Gure galderekin, eta geroko esplorazioarekin hortan ari gara: ahal denik eta ondoen apuntatzen. Horrela, tiro bakarrarekin itua jotzen saiatzen ari gara. Kontrakoa (historia klinikorik eta esploraziorik gabe tratatzen hastea) erbia metrailetaz ehizatzea bezalakoa da.
Halere, ulertzen dut paziente batzuk konplikaziorik ez nahi izatea. «Nik hemen eta hemen sakatzea nahi dut, honenbeste denbora, eta inork belarria jan gabe«. Ados. Ongi irizten diot. Baina horretarako, lagun, ez duzu fisioterapeuta baten beharrik. Edozein pertsonak balioko dizu masajista bezala, eskatzen ari zarena emateko (horrekin arazoa konponduko dizun… beste kontu bat da).
Eskurik esku dabiltzan pazienteak, beste esperientzia txar baina didaktikoa.
Deja un comentario.