Fisioterapeuta euskaltzaleak

Fisioterapeutak eta medikuak UEU-ko hidroterapia Ikastaroan (Ondarroa 2003)

Zortzi bat urte egon naiz fisioterapia asoziatibotik guztiz aldenduta, hainbat arrazoi direla medio. Hala ere, joan den urtean lan kontuengatik sare sozialetan sartu naiz. Bertan aurkitu ditudan lankide askok nire antzinako kezka batzuk konpartitzen dituzte: besteak beste, euskararena eta elkargo profesionaletan parte hartze(ez)arena.


Esango nuke joan den hamar urteotan graduatu diren euskal fisioterapeuta gehienek euskaraz dakitela. Hala ere, EAEko elkargoaren funtzionamendua (elkargokide euskaldun kopuru altuena duena aipatzearren) ia osorik gaztelera hutsez da. Asmo txarra? Ez dut uste. Segur aski inertziaren erosotasun hutsa da, inork ez duela besterik bultzatzeko astirik edo gogorik izan. Gehiago esango dut: elkargoetatik euskara hutsezko ekimenak sustatuko balira (ikastaroak, hitzaldiak, artikuluak, komunikazioak…) ez litzateke segur aski ezer gertatuko. Beti egongo litzateke konforme ez dagoen norbait, noski, baina hori orain ere gertatzen da (EAEko elkargoa gaztelera hutsean aritzen da, batzuk ez gaude horrekin gustura eta ez da ezer gertatzen).

Sare sozialetako kolega batzuk erre xamar ikusi ditut euskararen asunto honekin. Elkargoek zerbait egin beharko luketela, euskaldunon eskubideak, bla-bla-bla… Honek hurrengo puntuarekin lotzeko aukera ematen dit.

Izan ere, elkargoetan gu bezalako fisioterapeutak daude, gehienetan lanetik aparteko ordu libreetan aritzen direnak, eta haien dedikazioarekin duten ahalmena dute; ez gehiago. Esan nahi dut: elkargoko errutinazko lanak eramatea nahikoa lan da, eta horretaz gain ekimen berritzaileak aurrera ateratzeko… laguntzaileak behar dira. Baina gu famatuak gara eskatu, eskatu… eta trukean ezer ez emateko espezialitatean (Hegoaldean behintzat bai; espainiar izaeraren eragina ote?).

Ñabardura bat egingo nuke: ni euskararen erabileraren alde nago. Baina mezurik gabeko euskararen aldarri hutsak gogaitu egiten nau. Nik ez nuke parte hartuko “Euskara Bultzatzeko Komisio” batean, esate baterako. Gai hori ez zait interesatzen. Gehiago esango dut: ongi merezita dugu elkargoetan euskarak duen hutsaren hurrengo posizioa, ez baitugu euskaraz funtzionatzen, materialak ez baititugu euskaraz ekoizten… Zertara bermatu euskararen presentzia minimo bat elkargo profesional batean gure eguneroko lanean pareko lekurik ez duenean? Gauza biak dira desiragarriak, baina kronologikoki alderantziz etorri behar dira. Beraz, ez diet nik kargu hartuko elkargoei erdara hutsean aritzeagatik. Azken finean, haien kideen portaerari emandako erantzun proportzional eta orekatua da hori.

Nik neuk aspaldi egin nuen aukera: euskaraz ekoiztea. Artikuluak, sare sozialetako mezuak, propaganda… nire interbentzioak euskaraz dira %95ean. Badakit nire komunikazioak ulertzen ez dituen publiko zati bat dagoela, baina.. ez dit ardura, ez direlako nire target zuzena, marketin arloan esaten den bezala. Badakit, baita ere, nire aukera hau erraza dela bizi naizen tokian (Lea-Artibai eskualdea, ia erabat euskalduna), eta, beharbada, bestelako jarrera hartuko nukeela eremu erdaldun batean mugituz gero.

Ez naiz ni hasiko elkargokideek egin behar dutena esaten; hori egiteko eskubidea ez dudala uste dut, nire lanarekin laguntzen ez dudanez. Nire mezua euskararen gaiarekin hileta jotzen dutenentzako da soil-soilik: ez zaitezte egon inork zuen kezkari noiz erantzungo zain, sartu dena delako elkargoan, har ezazue parte komisio eta bestelako organoetan, funtzionatu euskaraz. Horren atzetik modu naturalean etorriko da elkargoa euskalduntzea.

Gaur8rako , 2014ko aprillan 26xa (aurreragokuan argitaratutako testu honen gaiñian)

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*