Fisioterapia ikasi, lanean hasi
Argazkiak.org | Gerard Martinez © cc-by-sa: txikillana
Gazte, ez dakizu zer ikasi? Orain emango dizut ideia bat: karrera amaitu eta lana segituan hasteko modukoa. Azken urteetan, jendeak gero eta arreta gehiago ematen dio bere osasunari: eta horren barruan, terapia fisikoak (fisio-terapiak) dute arrakasta gehien. Gure lan esparru hori, baina, ikaragarri zabala da (kontuan hartu dezagun kimikoak ez diren terapia gehienak direla fisikoak). Batzuk fisioterapia “klasikoan” sailka ditzakegu (masajea, kinesiterapia, elektroterapia, drainatze-linfatikoa, hotz-beroa…) eta karreratik ongi ikasiak ekartzen ditugu; beste asko daude, ordea, horiek bezain fisikoak direnak (magnetoterapia, akupuntura, erreflexoterapia, antigimnastika, osteopatia…) Unibertsitatean oso poliki sartzen ari dira eta gaur egun graduondoko ikasketen bitartez ikasten aritzen gara.
Eskakizuna oso handia da beraz, eta fisioterapeutak gutxi. Lanbide oso gaztea da gurea, 1950tik hona garatua, eta ordutik hona pizkaka ari gara gure lan esparrua betetzen. Orain galdera lojikoa egingo didazue: eta fisioterapeutak egon baino lehenago, jendea nora joaten zen bada? Egin dezagun historia pixka bat. Terapia fisikoa betidanik erabili izan da, gizakia muskulu minduen gainean igurzteak mina arintzen zuela konturatu zenetik. Orain dela “gutxi” arte, baina, (hirurehun bat urte) terapiak intuitiboki egiten zituzten, fisikoak, kimikoak eta denak, eta bere kabuz ikasitako sorgin edo xamanak ziren arduradunak. XVIII. mendean Europan medikuntza ikasketak arautu zirenetik baina, Unibertsitatetik irtendako profesionalak izan dira pizkaka-pizkaka jendea osatzeko ardura hartu dutenak. Prozesua oso geldoa izan da, gure herrietan oso errotuak baitzeuden sasi-medikuak. Hori guztiz normaltzat jo dezakegu, aintzinean mediku “ofizialak” oso urrun bizi baitziren eta aberatsek baino ezin izaten zuten ordaindu; jende xehea gaixotzen zenean, zerbait egin behar, ordea! eta sasi-medikuak behar-beharrezkoak izaten ziren. Ordutik baina, mediku asko irten dira Unibertsitatetik eta esan dezakegu gaur egun gure herri eta txoko guztietara heldu direla. Testuinguru horretan, gazte bat osasungintzan aritu nahi badu, Medikuntza Fakultatera jotzen du zuzenean; inori ez zaio burutik pasatzen Petrikillogintza Sasi-Akademia batera joatea. Tamalez, fisioterapian oraindik ez gara horra ailegatu. “Petrikillogintza Sasi-Akademia” irudizko hori ez, baina baditugu Masaje Akademia erreal asko, gazteak engainatzetik bizi direnak. Hobeto azalduko dut, oraintxe.
Esandako moduan, gizartean terapia fisikoen eskari handia dago, eta bereziki esku-terapiena. 1950tik hona terapia fisiko horiek emateko ardura ofiziala duen profesional bakarra fisioterapeuta bada ere, azaldu dugu lehen oraindik gutxiegi garela. Ez dugu betetzen, beraz, dagoen eskari guztia eta horregatik, oraindik, neurri batean, ikasketa ofizialik gabeko jendearen presentzia onartu beharrean gaude. Masajistei aitortu behar zaie, gainera, orain arte bete duten papera: leku askotan haiek izan dira herritarrei terapia fisikoak egin izan dieten bakarrak, bakoitzak ahal izan duen ondoen; hori garrantzitsua da. Denborak aldatzen ari dira ordea, eta ezin dugu ahaztu urterik urte gero eta fisioterapeuta gehiago izango garela; horrek esan gura du, titulu ofizialik gabeko jendeak betetako leku horiek fisioterapeutak hartuko ditugula, denboraren poderioz. Eta hori ez dute esaten Masaje Akademietan.
Bestalde, gazte zintzo asko daude esku-terapia gustoko izan, eta ogibidetzat nahi izaten dutenak. Horregaitik hasten dira ikasketa leku bat bilatzen: Fisioterapia Eskoletan galdetzen dutenean, urrunegi daude eta Unibertsitatean sartzeko notak altuegiak izaten dira. Orduan aurkitzen dituzte Masaje Akademien iragarkiak: hurbil daude, matrikula ordaindu ezkero sarrera librea dute, lan aukera oparo eta zabala iragartzen dute. Gure gazte zintzoak amua irentsi du.
Hauxe da beraz, iruzurra: ehundaka gazte daude masaje akademiak betetzen. Intentzio onenarekin ari diren arren, haien maisuak ez diete esaten balio akademiko gabeko titulu horrek ez dietela ezer bermatzen, ezta gero eta leku gehiagotan ukatuko dietela lanpostua. Gure zentrura sarri etortzen dira halako edo bestelako Akademian ikasitako masajistak lan eske, baina gure langileak aukeratzeko prozesuetan fisioterapeuten curriculumak baino ez ditugu aintzat hartzen.
Horretara, esan daiteke masajista ikasten hastea “petrikillo” ikastea bezain anakronikoa dela gaur egunean. Fisioterapia ikasteak ordea, lana seguru aurkitzea esan nahi du. Azken urteetako joera da horren erakusgarri: gero eta fisio gehiago gaude, baina gero eta zailagoa da ordezkoak aurkitzea (baja baterako, adibidez). Gero eta gehiago eskatzen dituzte gure zerbitzuak; ez bakarrik Ospitale eta Egoitzetan, baita bainuetxe, kiroldegi, kontsulta pribatuetan ere. Era berean, lehen fisioterapeuta guztiek denetik egitea zen normalena baina denbora pasa ahala —eta lan esparru berriak zabaltzearekin batera— espezializatzeko aukera ere badago. Adibidez: musikoen osasun arazoak, zaldien lesioen terapiak, neurologia, arnas arazoak, esku terapiak…
Gustokoen duzun arloa aukeratu, eta hasi lanean!
Deja un comentario.