«Fisioterapiaren iraultza ez dator teknika berrietatik; beste zerbait da»
Ondarroan eta Lekeition kontsulta egunero pasatzen du, astelehenetik ostiralera. Oier Gorosabel Larrañaga fisioterapeutak eskarmentu handia du osasun arazoak tratatzen, eta esperientzia horretatik hitz egiten digu.
Nola aldatu da fisioterapia Lea-Artibaien azken 30 urtean?
1993an berton lanean hasi nintzenean, eskualde osoan bi fisioterapeuta baino ez zeuden: bat Lekeition, bestea Ondarroan. Bistan denez, kasu larrienak baino ezin izaten zituzten tratatu; jende gehienak ez zekien zer ginen ere, masajistekin nahasten gintuzten. Gaur egunean, berriz, eskualdean 14 fisioterapia zentru gaude gutxienez. Orain, beharra duen edozein pertsonak etxetik hurre gaitu.
Espezialitate ezberdinak al daude?
Terapia fisikoarekin hainbat arlo landu daitezke, bai. Kirola, neurologia, traumatologia, reumatologia izango dira ezagunenak, baina jendeak hainbeste ezagutzen ez dituen beste asko daude: kardiologia, arnas fisioterapia, ginekologia… Hiri handietan, mota hauetako paziente asko daudenean, fisioterapia zentru espezializatuak sor daitezke; baina gureak bezalako herri txikietan, denok denetik egiten dugu. Egia da, halere, bakoitzak bere joerak izaten dituela; horregatik interesgarria da fisioterapia zentru asko egotea. Horrela, arloren baten laguntza behar izan ezkero, beti dugu aukera paziente hori norberak baino gehiago dakien lankideren batengana bideratzeko.
Teknika berririk ba al dago?
Urte hauetan teknika asko ikusi ditut etortzen, eta gero joaten; haien berritasuna erlatiboa da, gehienetan aspaldiko tekniken berregokitzapenak eta promozioak izaten baitira. Dena den, fisioterapiaren iraultza ez dator teknika berrietatik; beste zerbait da. Lehendik genekizkien teknikak antolatzeko modua, arrazonamentu klinikoa, pazientearen esku hartze aktiboa… gakoa hortxe dago, eta bide horretatik emaitza bikainak lortzen ari gara.
«OREKA», Osasun, Zaintza eta Kirol Gida. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza, 2022/05.
Deja un comentario.