Gerriko mina eta ariketa fisiko mota bi (Michaelson 2016)

Hona Goretti Aranburu lankideak emandako pistari jarraituta irakurritako beste artikulua:

  • MICHAELSON, Peter. HOLMBERG, David. AASA, Björn. AASA, Ulrika Aasa. 2016. High load lifting exercise and low load motor control exercises as interventions for patients with mechanical low back pain: a randomized controlled trial with 24-month follow up. J Rehabil Med 48:456–463. https://www.ncbi.nlm.nih.gov/m/pubmed/27097785/

Fisioterapiatik bizitzen (saiatzen ari) naizen 24 urteetan zehar, joan etorriko moda asko ikusi ditut. Ez litzateke horrela izan beharko, baina horrela da: ebidentzian baino, modan (edo marketingean) oinarritzen dira ziklikoki lankide askoren artean zalaparta handiarekin sartzen diren hainbat teknika. Ni lanbide honetan hasi nintzenean, adibidez, kontsultan mikroonda aparatua ez bazenuen, ez zinen inor; kloretiloa ere gogoratzen dut, luzaketak egiterakoan ezinbestekoa omen zen; azkenaldian kinesiotapinga eta txupoiak nonahi ikusi ditugu, zorionez atzeraka dabiltzan ebidentziarik gabeko teknikak… Eta, esango nuke txurroak bezala saltzen ari den  low load motor control ariketen “kit” horrekin ere horretatik zerbait dagoela.

Entsegu honetan alderatzen diren teknikek, halere, ez dute horrelako “kit”-ik erabiltzen. Talde batekin high load lifting (HLL) ariketak egin ziren (dead lift motakoak), ahalmen maximoaren %80 inguruan; bestearekin, berriz low load motor control motakoak (LMC) batez ere eguneroko bizitzako mugimenduak bizkarraren posizio egokia zaintzean oinarritutakoak. Programa biak minaren pedagogia saioekin osatu ziren.

Entseguaren ondorio nagusia argia eta garbia da: mota bietako ariketa programek antzerako emaitzak eman zituzten. Neurtutako parametroak mina, ahalmen fisikoa eta bizitza kalitatea izan ziren, eta hiruretan pazienteak modu esanguratsuan hobetu ziren, 8 astean zehar burututako tratamenduan, zein bi urteetan zehar eginiko jarraipenean.

Gauza hauek sentsazio gazi-gozoa uzten digute: batetik, lasaitasuna ematen dute tekniken zuzentasuna eta prezisioari garrantzia kentzen zaielako (“berdin da pazienteari zer egiten diozun, beti sendatuko da”, pixka bat esajeratuz); baina beldurra ere bai, honek geure papera kili-kolo jartzen duelako (“edozer eta edonola eginda sendatzen badira, zertarako gaude osagileak?”, esajeratuz berriro ere). Dena dela, pazienteendako albiste onak dira eta horixe da garrantzitsuena. Gainera, arrazonamenduari ere buelta eman diezaiokegu, onerako. Izan ere, HLL eta LMC motako ariketen emaitzak parekoak badira, esan nahi du paziente motaren arabera bata edo bestea erabiltzeko aukera dagoela (zaharretan eta gazteetan, esate baterako), eta talde bietan emaitzak onak izango ditugula.

Puristak bagara, halere, emaitza hauei aitzakia metodologikoa jar diezaiokegu. Autoreek eurek aitortzen dutenez, protokolo bi neurtu dira eta ez da kontrol-plazebo talderik erabili; kontuan hartzen badugu, gainera, talde bietan minaren pedagogia saioak egin direla, formalki ezin da jakin hobekuntza ikertutako interbentzioengatik izan den (ariketa saioengatik, alegia) edo minaren pedagogia saioengatik. Zalantza erretorikoa da, noski (praktikan, emaitzei buruzko zalantza gutxi daude). baina metodo zientifikoak horrelako paradoxak ditu.

Ados al zaudete nik hemen botatakoekin? Artikulu honen beste irakurketarik egin al duzue? Gustura irakurriko ditut zuen iritziak.

***

Fisteus blogerako, 2017ko loraillan 10a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*