Harriko meditazioa

Se empez� fregando ...

Aurreko baten, antsietatea duten pertsonen ezaugarri batzukazaldu genituen (zuetako askok erretratatuta ikusi zenuten zuen burua). Urduritasun eta lasaitasun egoera naturalak azaldu genituen, eta baita egoera batetik bestera nahi dugunean pasatzeko “interruptore nagusia” ere: arnasa. Gaur, antsietate egoera horrekin zerikusia duen beste faktore bat ekarriko dugu gogora: gure burua “hemen eta orain” kokatzea.
Egoera bat deskribatuko dizuet, ea oraingoan ere identifikatuta sentitzen zareten. Harrikoa egiten ari gara. Buruan baina, hamar minutu barru dendara joan behar dugula daukagu (eta plater bat hausten dugu nahi barik). Dendan, etxerako gaiak erosten ari garela, gero pixka bat ikasi behar dugula pentsatzen ari gara (eta xaboia erostea ahazten dugu). Ikasten dihardugula, gero lagunarekin dugun plana dugu gogoan (eta ez dugu ezer ikasten). Lagunarekin gaudela, biharko bileran esango duguna ari gara pentsatzen (eta lagunaren konpainiaz ez dugu gozatzen). Bileran… nahi duzuen beste luzatu dezakegu katea.
Ezagutzen duzue beti aurreratuta ibiltzearen sentsazio hau? Lan bat bukatu eta atseden hartu barik hurrengoan murgilduta egotearen larritasuna? Egiten ari garena eta pentsamendua desfasatuta darabiltzagunean, zentratuta ez gaudenez, egiten ari garen hori askotan ez dugu behar bezala egingo. Gogoa “hemen eta orain” kokatzen saiatu beharko duzue, ene lagun abiadurazaleok. Sinestu iezadazue: lana ez duzue astiroago egingo modu horretan, denbora irabaziko duzue (zentratuta ez egotean txarto egindakoak ez baitituzue zuzendu beharko).
Adibide erraz batekin hasiko gara: harriko meditatibo bat. Bizkorregi hegan doan gure buru zoro hori baretzea izango da helburua, eta, bide batez, harraskako tramankulu-pilaketa lorrin hori paretik kentzea (hori ere egin behar da eta!). Baina, nola lortu hain helburu jasoa –ongizate mentala– halako bitarteko prosaikoarekin? Orain ikusiko duzue zein erraza den. Lehenengo eta behin, arnasari errepara diezaiogun. Lasaitasunak zerikusi handia du sabeleko arnasarekin, eta berau erabili beharko genuke egun osoan. Hemen dugu praktikatzeko aukera bat: hurbil gaitezen harraskara, arnasa sabelarekin hartuta. Katxarroak eroso antolatu —ez galdu arnasa, gero!— eta has gaitezen xaboiarekin eta urarekin. Nabaritu dezagun bitsaren usaina, hotzberoa, textura. Jar dezagun pentsamendu osoa lan horretan. Arnasa sabelarekin, beti. Lanik delikatuenean, artelanik ederrenean arituko bagina legez has gaitezen lapikoak, edalontziak eta bestelakoak xabonatu eta igurzten. Hori, arnasa galdu barik. Ahaztu egingo dugu zertan ibili garen lehen, eta zer egingo dugun gero. Orain eta hemen gaude, sukaldeko trasteak maitekiro zaintzen eta laztantzen. Ez dago gauza garrantzitsuagorik.
Hortan pasatuko dugu behar den beste denbora, eta behin eta berriro konprobatuko dugu harreta leku egokian enfokatua dugula, hots: arnasean eta harraskako lanean. Eta halako batean, amaitu egingo dugu. Eta orduan –ez lehenago– jarriko dugu gogoa hurrengo zereginean. Aproba egiten duzuenean —gaur bertan— ohar zaitezte ez duzuela denbora gehiago pasatu harrikoa egiten. Betiko denbora pasatu duzue, baina alde batekin: lasaitasun sentsazio atsegina geratu zaizue gorputzean. Harrikoan kontzentratzean, burua beste pentsamenduez hustu duzue une batez: deskantsatu egin duzue. Eta zuen bizimodu normalarekin jarraitzeko indarberrituta geratu zarete.
Zer da, bada, meditazioa, hori baino? Lantzean behin gure gorputzak eta buruak “geldialdi tekniko” bat behar dute tentsioak deskargatzeko. Badakit ez dela oso irudi erromantikoa, baina zer gertatzen da ordenagailua astebete geratu barik martxan dugunean? Erroreak ematen hasten da, geldiroegi dabil, blokeatu egiten da… nekatuta dago, berotuta eta saturatuta. Itzali egin behar da, une batez sikiera. Gero atzera iziotzean, ondo dabil. Bada, gu, berdin. Harrikoaren bidez egin dezakegu “reset” hori. Erlijiosoak bagara, mantrak edo errosarioa esanda. Edo footinga eginda. Edo terapeuta baten ohatilan, 50 euro ordainduta. Edo mendi baten puntan, bakardadean. Azken finean, meditatzen ari gara.
Baina, buelta gaitezen burua “azeleratuegi” dagoen lagunaren kasura. Hau ariketa bat izan da, noski: pentsamendua uneko aktibitatean eta arnasean jarrita, burua eta gorputzaren arteko desfasea egokitzea. Harrikoa egiten dugunean –etxeko lanak aurreratzeaz aparte– sentsazio atseginarekin geratuko gara. Ariketa hori gure egun osora zabaldu ahal izango dugu: dendan gaudenean, ikasten, lagun giroan, lotarakoan… sabeleko arnas lasai batez lagunduta gogoa “orain eta hemen” jartzen badugu, bizitzaren benetako zaporea dastatuko dugu. 
Lo egin ezinaren arrazoi nagusietako bat hauxe izaten da: ohean gaudela, biharko lanetan pentsatzen ari bagara, ezingo dugu burua deskonektatu eta lorik egin. Gaur gauean “orain eta hemen” jar ezazu gogoa: izara leunak, ametsen eremua, arnas gero eta sakonagoa… loak berehala harrapatuko zaitu bere sare gozoetan. Ikustekoa izango ahal da hemendik aurrera zure sukaldearen txukuna!

2 Comments en Harriko meditazioa

  1. Aurreko hilaren maiatzaren 26an, irakurri nuen zure idazgaia Harriko meditazioa”ren izenburuarekin, eta erabat oso ona da. Baita ere zutabe honetan esaten duzu nola azaldu zenuen lehenago beste lan bat, “Urduritasun eta lasaitasun”aren izenarekin.
    Beno, ni nago interesatuta azken idazgaia honekin, bada bere unean irakurriko nuen bainan
    ez nuen gorde.
    Saiatu naiz http://eibar.org/blogak/orakuluaren blogean bilatzen bainan ez dut aurkitu.
    Eskertuko nizuke pilo bat mesedez bidaltzen badidazu Interneten bidez idazgaia azken hau. Miguel.

  2. Kontatzen dozunangaittik, antsiedadiari buruzko artikuluaz ari zara. Ointxe argitaratuko dot blogian, OK? Pozten naiz interesatzen bajatzu. Baiña gehixago poztuko naiz aplikatzen badozu!

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*