Haurren halterofilia?
Jende askok uste du haurrei ez zaiela komeni pisuarekin ibiltzea; izan eskolako bizkar-zorro astun batekin, izan gimnasioan entrenatuz, nolabait deformatuko diren beldurra da nagusi. Uste hori oso hedatua dago, eta, adibidez, ez duzu aurkituko eskola kirol edo aisialdi programarik pisu-ariketa saioak sartuko dituenik; bada, ezta hori egiteko inolako arrazoirik. Nire lankide Moises Gimenezek (@mogifisio) argitaratu berri duen txio-kate batean ederto laburbildu du auzia, eta merezi du hona ere ekartzea.
Ez da gaia asko aztertu behar, uste honek fundamentu askorik ez duela ikusteko. Gure aiton-amonek esango digute (galdetzen badiegu), haurrak gai direla ur-pitar handi bat buruan eramateko, edo egur zama astunak bizkarrean, edo ordu askoan lan nekagarriak egiteko. Ederto dakite, haietako askori tokatu baitzitzaien horrelako lanak egitea umetan. Ez nabil haur-esplotazioa aldarrikatzen, bistan da; baina uste dut ondo datorrela hau kontuan izatea, haur batek egin dezakeena ebazterako orduan.
Sineskera honen jatorria 1980ko hamarkadan kokatu behar dugu. Mustatxen eta ile “frijituen” sasoi hartan kirola modan jarri zen, herri askotan kiroldegiak eraikitzen hasi ziren eta aisialdian eta hezkuntzan jardun fisikoak garapen handia izan zuen. Urte haietan, Ameriketako Pediatria Akademia (APA) haurrak pisuarekin eginiko ariketaren kontra azaldu zen, eta horrek oihartzun handia izan zuen; kontua da APAk egindako gomendioa ikerketa ahuletan oinarritzen zela. Adibidez, Sewallek eta Michellik 1986an argitaratutako artikulu famatu bat, non gimnasioko lanak lesio indize altua zuela adierazten zen; hori bai, prozedura akats bat oinarri hartuta (ikertutako taldea txikiegia zen). Bi urte geroago, Michellik berak akatsa onartu zuen, baina ordurako artikulua munduko kiroldegi eta ikastetxeetan bolo-bolo zebilen… Egin kontu APAk berak ere ez zuela zuzenketa onartu, eta 1990an lehengo gomendio okerra berretsi zuela: haurrek pisuarekin eginiko ariketak zein indarra lantzen duten entrenamendu motak saihestea, alegia.
“Teoria” hori hiru argudio nagusitan oinarritzen da: lesio indize altua, hazkundearen distortsioa, eta arazo endokrinoak. Bada, ukatu ditzagun banan-banan. Lehenengoari buruz, beste jarduera fisikoekin alderatuz gero, ikusiko dugu indartze eta espezializazio goiztiarrek, lesio arriskua handitu barik, modu nabarmenean jaisten dutela. Hazkundearen distortsioari buruz, berriz, argudioaren baliagarritasun eza are nabarmenagoa da, hezurren hazkunde egokia bultzatzen duen faktore nagusietako bat, hain zuzen ere, karga baita. Bestalde, muskuluek nerabezarora arte ez dute bolumenik hartzen, beraz, ez dute hazkundea oztopatzerik. Gainera, hezurren hazkunde-plaka hondatzeko arriskua askoz ere handiagoa da futbolean, halterofilian baino (debekatuko al dugu futbola?). Azkenik, indar-entrenamenduek aldaketa endokrino eta metabolikoak eragiten dituzte, noski, baina nagusien artean gertatzen direnak bezalakoak –ez gehiago eta ez gutxiago– eta, gainera, aldaketok onerako izaten dira.
Argi dago? Haurrari gustatzen bazaio, utz iezaiozue indarra lantzen beldur barik; eta inork kargu hartzen badizue, artikulu honetan azaldutako argudioak erabil ditzakezue. Bide batez esanda: berandu, baina azkenean APAk ere iritziz aldatu zuen, eta 2008an argi berdea eman zion haurren indar-entrenamenduari. Beste sineskera absurdo bat gutxiago!
******
Gaur8rako, 2018ko urrillan 20xa.
Deja un comentario.