Kapsulitis itsaskorra

Esan genezake fisioterapia zentro batean ikusten ditugun hamar arazoetatik lau bat sorbaldakoak izaten direla. Horien barruan, lautatik bat, gutxi gorabehera, gaur azalduko duguna bezalako kasuak. Kapsulitis itsaskorra erlatiboki ugaria da. Batzuetan, zerbaiten ondorioz izaten da (kolpeak, bihurdurak, luxazioak…), baina gehienetan ez da horrela izaten: ez da arrazoi argirik izaten, pazientea ez da gai gogoratzeko sorbaldako min eta mugiezintasun hori zerk eragindakoa den.

Sintoma zehatzak eta arazoaren bilakaera pertsona batetik bestera aldatzen badira ere, bada ia denetan errepikatzen den txantiloi bat: hain da garbia txantiloia, ezen izen propioa duen («patroi kapsularra») eta arazoa diagnostikatzeko balio digun ezaugarri nagusia den. Detailetan sartu barik, esan dezagun sorbaldako artikulazio nagusiaren mugimenduek (flexioa, estentsioa, abdukzioa, adukzioa, barne eta kanpo errotazioak) izaten duten murrizketa karakteristiko bat izaten dela, beti berdintsua eta beste patologiek eragiten dituzten murrizketekin alderatuta bereizgarria. Horrez gain, esan bezala, sintoma gehiago ere egon daitezke; tipikoena mina ohean izatea da, pazientea geldirik dagoenean.

Behin arazoa garatuta dagoenean, hala ere, tratamendua sinplea da, oso sinplea, egia esan: mugitzea, mugitzea eta mugitzea. Fisioterapeutok kontsultan zein pazienteak bere kontura eginiko mugimenduak izango dira tratamenduaren oinarria, baina kapsula biguntzeko teknikak erabiltzen badira (berotasuna aldez aurretik ematea, adibidez), ariketak errazago egingo ditugu. Bistan denez, ariketon intentsitatea, irismena eta pronostikoa ezberdina izango da pazientearen egoeraren arabera: ez da gauza bera flexioa 45ºtan mugatuta izatea edo 135ºtan. Baina oinarrian, mugimenduarekin kapsula malgutzea da egin behar duguna. Nahikoa da mugimenduaren mugetaraino ailegatzea eta bertan pixka batean eustea; ez da beharrezkoa min handirik ematea. Medikuak agindutako farmakoak ere lagungarriak izaten dira fisioterapia tratamenduan, horien eragin analgesikoarengatik ariketen irismena hobetzen baita, eta horrek eboluzio bizkorragoa ahalbidetzen du.

Kapsulitis itsaskorraren jatorria, esan bezala, iluna da eta gehienetan ez da arazoaren pizgarri ezagunik izaten. Aipatu behar dugu, ostera, azken urteetan neurofisiologia aldean egiten ari diren ikerketen arabera, immobilizazioak paper garrantzitsua jokatu dezakeela. Mugikortasun falta hori, gainera, kanpo arrazoiengatik izan daiteke (besoan igeltsu bat, adibidez), baina baita aukeratutakoa ere. Alegia, besoa gutxiegi mugitzen badugu (mugimenduak min pixka bat ematen digulako, adibidez), sorbaldako artikulazio horretan kapsulitis bat garatzeko aukera handiagoa izango dugu. Oraindik ezin da ondorio zuzenik atera, gehiago ikertu behar delako, baina hori susmarazten duten zantzu asko daude; beraz, kapsulitis itsaskorrik ez garatzeko aholku prebentibotzat har dezakegu.

***********

Gaur8rako, 2023ko bagillan 10a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*