Kate muskularrak
Irudixa: Andries van Wiesel |
Gizakiaren gorputza bat eta bera da, hemen eta Txinan. Hala ere, bere funtzionamendua ulertzeko bakoitzak bere hurreratze prozesua egin ohi du, norbere kultura eta adimenarekin zerikusia duena. Horretara, Ekialdeko kulturetan metaforak eta hizkuntza poetikoa erabiltzen dira gure gorputzeko prozesuak deskribatzerakoan, gure arteko zientziazale askoren barreak eraginez. Bada, ez bizkorregi ibili “egiaren ezpata” superstizioaren kontra gupidagabeki erabiltzerakoan, guk ere, Mendebaldeko kultura honetan, baditugulako gure gezurtxoak. Ikasketa prozesuetan lagungarri zaizkigulako onartzen ditugu, eta, gaur, gorputzaren estrukturari buruzko batzuk azalduko ditut.
Denok ezagutzen ditugu “gizon muskularrak”; anatomia irakasteko erabiltzen diren gorputzeko muskuluen irudikapenak, alegia. Andries van Wieselen grabatu zaharretatik gaur egungo koadro zehatzetaraino, osagile guztiok erabili ditugu belaunaldiz belaunaldi gure ikasketetan, edo pazienteei aholkuak ematerako orduan. Eredu horretan, esate baterako, garbi ikus dezakegu non hasi eta amaitzen diren deltoides, pectoralis major, biceps brachialis… sorbalda aldeko muskulu ezagunak. Ba hara: gezurra da. Labainarekin azala ebaten dugun momentutik, gorputz barruak oso bestelako itxura duela ikusiko dugu: ehunak nekez bereiz daitezke, muskuluen artean ez dago muga garbirik… eta, gainera, pertsonatik pertsonara alde nabarmena dago, disekzioan aritzen den edozein osagilek ondo dakien moduan. Irudi didaktikoekin alde demasa.
Esandakoa edozeinek ikus dezake bere etxean bertan: oilasko osoa erosi eta zatitu besterik ez dugu. Lehen esandakoaz gain, laster konturatuko gara fasziek duten garrantziaz: zuntzeko estalki gardenok gune anatomiko zabalak bildu eta lotzen dituzte. Eta, muskulu eta tendoiekin batera, fasziak dira gure muskulu-hezurdura sistemaren orekaren arduradun nagusiak, kate muskularrak osatuta.
Gaur egunean, fisioterapiaren munduan gero eta gehiago hartzen dira kontuan kate muskularrak. Izan ere, bizitza errealeko mugimenduak ez dira gimnasioko makinetan egin ditzakegun bezain puru eta analitikoak, mugimendu askoren konbinazio desberdinak baizik. Esate baterako, arbolatik sagarra hartzeko mugimendu sinplean egitura askok hartzen dute parte: eskua ixteko muskuluak; ukalondoa posizioan mantentzekoak; sorbalda aldeko flexore eta abduktoreak; bizkarreko hedatzaile eta alboratzaileak; mokorreko hedatzaileak; belauna posizioan mantentzekoak; oineko flexoreak… Egin kontu kirol keinu teknikoagoetan zenbat muskulu eta artikulazio erabil ditzakegun modu orekatuan. Horregatik, bai diagnostikorako orduan eta bai tratamendurakoan, ezin ditugu muskulu solteak bakarrik kontuan hartu. Mina leku zehatzetan agertzen bada ere, haren jatorria aztertu behar dugu elkarlanean aritzen diren gorputzeko kate muskular osoak kontuan hartuta. Horrek emango baitigu emaitza iraunkor eta sakonagoak lortzeko aukera.
Deja un comentario.