Lepoko kontrakturak eta estresa

C1 ornuak halako zeozer egitten dau. Irudixa: Sobregrecia

Zazpi bat urte dira atal honetan idazten dudala (ez ote dira GAUR8koak nitaz sekula aspertuko?), eta, gaiak ez errepikatzearren, fisioterapiaren alde ezezagun askori buruz idatzi dudala esango nuke: kardiologia, pediatria, digestioa, immunitate sistema… Hala ere, irakurle baten iruzkin bat jasotzean («ia idazten dozun lepoko kontrakturen inguruan: estresa ta. Neri hor hasi ta burura igotzen jata azkenaldixan»), konturatu naiz oinarri-oinarrizko gai batzuk oraindik ukitu ere ez ditudala egin. Izan ere, bizkarreko minak sarrien ikusten ditugun arazoak dira, alde handiarekin gainera. Eta jakina: idazle bezala glamour gutxiko gaia izan arren, jendearen kezka nagusietako bat da. Beraz, eskerrik asko, Ane, oinak lurrean jartzen lagundu izanagatik.


Bizkarraren barruan maila asko kontsidera ditzakegu: pelbisa, gerria, toraxa eta lepoa. Bizkarraren tarte bakoitzak gorputzeko atal desberdinen kontrola darama, eta, bertako desoreka bat gertatzen denean, ondorioak multzo osoan igartzen dira: bai bizkarrean bertan, baita haren menpe dauden organoetan ere. Hala, lepoaldea mintzen zaigunean (zerbikalak), sintomak nahikoa apartera zabal daitezke: nagusiki burura, besoak eta toraxaren gorengo atalera.

Lepoak buruarekin duen lotura batzuk begi bistakoak dira: garezurra lehenengo orno zerbikalarekin (atlas izenekoarekin) lotuta dago artikulazio bikoitz batez. Bistan da ere burmuina eta ornomuina egitura bera direla: foramen magnum okzipitaletik irten eta bizkarrezur barruko tuneletik jarraitzen duena. Gainera, bizkarrezurra estaltzen duten gorengo muskuluak garezurraren azpialdearekin lotuta daude.

Badira hain argiak ez diren lotura gehiago ere: garunaren zirkulazio osoa lepoan zehar sartu-irteten da, adibidez; arterietatik odol berria igotzen zaigu, eta erabilitakoa zainetatik behera jaisten da. Arteria nagusietako bi, gainera, orno zerbikalen barruan zulatutako tunel batean igotzen dira garezurreraino.

Funtzionalki ere lepoa, begiak eta tenporo-barail giltzadura batera aritzen dira. Azalpen neurologikoa konplikatu xamarra bada ere, zera esanda laburbil daiteke: arrisku egoera baten (zaplazteko baten mehatxua, esate baterako), lepoa kizkurtu, begiak itxi eta haginak estutu, dena batera egiten dugu. Erreflexu sinergiko hori estres egoeretan agertzen den lepoko minaren jatorri nagusia da.

Era berean, garun eta ornomuinak osatzen duten nerbio sistema zentralaz gain lepoan beste nerbio txikiago batzuk aurkitzen ditugu: ornoen, garezurraren eta haien inguruko erraien gobernua daramatenak. Nerbio periferiko txiki hauek muskuluen artean igarotzen dira, eta hauen kizkurdurarekin (goian aipatutako estresaren kasuan, adibidez) haien funtzioa oztopa daiteke. Zer adar zapaltzen den, halakoak izango dira sintomak, baina arruntenetako bat Arnolden nerbioaren neuralgia da, kokotetik bekokirainoko mina eragiten duena.

Min hauek fisioterapia tratamendu arruntari ondo erantzuten diote normalean. Hala ere, hona arazoari buelta emateko beste gako bat: paziente hauetako asko gazteak dira, lanean hasiberriak, kirola egiteari laga diotenak, eta, horrekin batera, ardurak eta estresa gehitu zaizkienak. Egoera hori ondo kudeatzeak asko esan nahiko du lepoko minen hobekuntzan, eta kontuan hartu horretan osagileok ezin dugula gauza handirik egin: zuen esku dago batez ere.

Gaur8rako, 2013ko abenduak 21.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*