Magnetoterapia
Gizakiak manikeoak gara. Asko gustatzen zaigu zuri-beltzeko bereizketak egitea. Lasaigarria da, neurri batean, pelikula batean onak eta gaiztoak zeintzuk diren argi ikustea; gezurrak eta egiak; ezkerra eta eskuina; gutarrak eta besteak. Horretara, osasungintzaz ari garenean, oso hedatuta dago “ohiko medikuntza” eta “medikuntza alternatiboa” kontrajartzea. Gaurkoan ikusiko dugunez, bereizketa hori, zenbait kasutan, ez da oso argia.
Magnetismoa onura terapeutikoetarako erabili nahi izatearena aspaldiko kontua da: Burdin Arotik hasita, antzinako Egipto, Erroma eta Grezian harri magnetikoen osasun-erabilpenaren lekukotasunak daude; baina agian Europan bultzadarik handiena XVIII. mendean eman zitzaion, Franz Mesmerrek “animali-magnetismoa” teorizatu ostean medikuntza modernoan lekua egin zitzaionean. Azken urteetako ikerketa zientifikoen arabera justifikaziorik ez duen lekua, eta ebidentziarik gabeko pseudozientzien zakura aldatu beharko litzatekeena.
Magnetoterapiaren oinarri fisikoa eremu magnetikoak gorputzaren gainean aplikatzean datza. Horretarako, iman iraunkorrak aplika daitezke (hainbat produktu saltzen dira helburu horrekin: eskumuturrekoak, bitxiak, orkatilakoak, fajak, plantillak, koltxoiak, mantak, kremak, partxeak, pilulak, ur-iragazkiak…) edo eremu magnetiko hori aparatu elektriko baten bidez sortu daiteke.
Horrekin bilatzen diren efektu nagusiak odol-fluxuaren hobekuntza eta ehunetako oxigenazioa dira; halere, azken urteetan ikerketa asko egin dira eta haietako batek ere ez du baieztatu efektu hauek modu esanguratsuan lortzen direnik. Askotan aipatzen den beste efektu bat “gorputzaren oreka elektromagnetikoa” da, kakotx artean jartzen dudana, hori zer den ez dagoelako oso argi, eta beraz, ezin daitekeelako neurtu. Horrenbestez, tradizio luzea duen teknika terapeutikoa izan arren, zientzia behin eta berriro ari da ondorioztatzen ez duela funts sendorik. Beraz, ebidentzian oinarritutako medikuntzan lekurik ez luke izan behar.
Halere, magnetoterapiaren negozioa handia da: 2000ko hamarkadan urtero 1.000 bat milioi dolar mugitu zituen aparatuen salmentak. Arlo terapeutikoaren negozio bolumenaren berririk ez dut, baina zalantza barik handiagoa izango zen, saldutako aparatu garesti horien kostuak eta etekinak pazienteek bere poltsikotik ordaintzen baitituzte. Baina ez pentsatu petrikiloen kontsultetan bakarrik daudenik: gaur egun, Euskal Herriko ospitale eta fisioterapia zentro ospetsu askotan aurki ditzakezu oraindik, gorputza tutu batean sartu eta etzanda denbora-pasa aritzeko gailu hauek.
Voltaireren esaera gogoratuz, «naturak sendatze lana egiten duen bitartean, medikuntzaren artea pazientea entretenitzea» bada, hobe genuke denbora-pasa hori balio terapeutikoa duten tratamenduekin egitea. Izan ere, entretenitzekotan, bada aukera hoberik; adibidez, pelikulak bertsio originalean euskarazko azpitituluekin ikustea. Eragin terapeutiko berdintsua, baina askoz ere merkeagoa eta irakasgarriagoa!
Gaur8rako idatzitta, 2024ko epaillan 23a.
Deja un comentario.