Terapia miofasziala

Irudixa: Littlemacproductions | Dreamstime.com
 
Fisioterapeuten eskuetan jarri denak badaki alde handia egoten dela batzuen eta besteen lan egiteko moduaren artean. Azken urteetan gutako asko terapia miofasziala erabiltzen hasi gara, eta segur aski zuetako askori ezaguna egingo zaio irudi hau: terapeutak eskua leun-leun ipini dizu gorputz atal batean; arnas sakonekin lagunduta, erlaxazio egoeran murgildu zara; halako baten, badirudi gorputza berez mugitzen hasi zaizula (harrituta, begiak apur bat zabaldu dituzu, eta geldirik zaude); batzuetan, sentsazio arraro eta oso sakonak igar ditzakezu: tripako estutasuna, negargura…

Terapia miofaszialeko maniobrak oso apurtzaileak suertatzen dira eskola zaharreko fisioterapeutendako; izan ere, ez dute batere antzik artikulazio mindua tratatzeko erabiltzen den ohiko kinesiterapiarekin, edota muskulu gogorrak biguntzeko erabiltzen den masaje klasikoarekin, adibide ezagun bi ematearren. Gorputz osoan zehar armiarma-sarea bezala hedatzen den ehun mota bat (fasziak, beste izenez aponeurosiak) tratatzen da terapia miofaszialean. Oraintsu arte ehun honi ez zaio jaramon askorik egin, eta fisiologia klasikoan lotailu funtzioa baino ez zitzaion aitortzen, gorputzeko estruktura «nobleen» arteko betegarri hutsa.

Teoria berrietan, ostera, organoen arteko lotura horrek garrantzi handiagoa hartzen du: gorputzeko atal batetik bestera transmititzen diren arazoen iturri bezala, edo azalaren eta barruko erraien artean dagoen harreman estuarengatik. Histologia mailan hau azaltzeko teoriaren bat garatu bada ere, oraindik espekulazio hutsa da: ez da ondo ezagutzen ez lesioaren hedapen prozesu zehatza, ez sendatzeko tekniken eragin fisiologikoa. Dakigun bakarra da teknika horiekin pazientea hobetzen dela, eta dena ezin diogula autosugestioari egotzi (hileroko minak, ziatika, takikardia kronikoaren kasuak aipa ditzakegu adibide moduan). Honek kontraesan interesgarri bat ere sortzen dihardu. Fisioterapia, berez, medikuntza ofizialaren barruan baitago, hau da: metodo zientifikoaren kanon zorrotzak betetzen dituzten tratamenduen artean. Baina, bizitza osoan legez, Zientziaren aurretik Enpirika da eta terapiak etengabe garatzen doaz, eguneroko emaitzetan oinarrituta. Honen barruan mugitzea konplikatua da: plazeboak, terapia serioak, adar-jotzeak… denak nahastean baitatoz. Zientziaren eginkizun garrantzitsu bat sineskeriak eta iruzurrak baztertzea da, benetako terapiak berretsita. Baina Zientzia barruan dagoen guztia Egia den bezala, ezin dugu esan Egia den guztiarendako Zientziak azalpena duenik. Hau da: Newtonek formulatu aurretik ere, grabitate indarrik bazen.

Zientziari lotu nahi, baina terapia eraginkorrak baztertu barik: horra gure paradoxa.  Eta kontraesan hori ez zaigu bakarrik terapia miofaszialarekin gertatzen: erreflexoterapia, terapia kranio-sakroa eta akupunturarekin, esate baterako, antzekoa gertatzen da.  Hauen eraginaren azalpen zientifikoa aurkitzen denerako, denok burusoil eta irribarretsu egon gaitezke lurpean. Gure pazienteek, berriz, oraintxe behar dute soluzioa. Horregatik, guretako nahikoa da terapia baten eragina enpirikoki frogatzea –eguneroko lanean, alegia– kontsultan erabiltzen hasteko. Inoiz aurkituko al da horien oinarri zientifikoa? Hala nahiko genuke. Baina moralgabekeria iruditzen zait horren zain egotea jendearen osasuna hobetzeko.

Gaur8rako, 2010ko Maiatzaren 14a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*