Anginak eta begetazioak

Waldeyerren uztaia. Irudia: Erika Gabriela
 Lehenengo begiratuan zerikusirik ez dutela iruditu arren, bi osasun arazo hauen arteko lotura erabatekoa dela azaltzen saiatuko naiz, eta oso jende gutxik ezagutzen duen tratamendu ez-kirurgikoaren berri ematen ere bai. Urtero, lagun askok izaten du anginen hantura edo inflamazioa, amigdalitis izenez ere ezagutzen duguna. Kalentura eta irenstean mina sumatzea izaten dira haren ezaugarriak, eta batzuetan arazo handiak ekartzen ditu bai sintomen larritasuna, bai infekzioen maiztasuna dela-eta: pertsona batzuek urtero bost-hamar bider hartu behar izaten dute baja horren kontura.
Bestalde, eztarriaren atzealdean, gingila baino goratxoago ezkutatuta, bada beste amigdala bat. Umetzaroan immunitate sistema garatzen da eta faringeko amigdala hau harrotu egiten da aldi batez, umearen ahosabaia estututa. Berez txikia den ahosabai hori estuagoa izan liteke kasu batzuetan: esate baterako, jaiotza instrumental edo traumatikoen ondorioz garezurra behar bezala itxuratuta ez duten umeetan. Halakoetan, gerta liteke amigdalak sudurzuloen haizebidea oztopatzea: begetazio adenoide famatuak dira. Ume hauen aurpegiak ere badu bereizgarririk: arnasa sudurretik hartu ezinda, ahoa beti zabalik. Horrez gain, aurpegiko hezurren garapenean arazoak izan litzakete, baita ahotsean, loan eta eskolan ere (arreta falta).
Baina jakin dezagun behingoz pilotatxo hauen funtzioa. Azaldu ditugu, beraz, eztarriko biak (ahosabaiko amigdalak, berezko izenez) eta faringekoa. Laugarren bat ere badela esatea falta zaigu: mihiko amigdala. Laurek osatzen dute Waldeyerren uztaia, gure ahutzak babesteko egitura defentsibo sendoa. Ahutzak (ahoa, faringe eta laringeak osatutako irenste kanala) mikroorganismo askoren pasabidea dira. Horregatik, inguru osoa organo linfatiko-immunitario txikiz estalita dago, mikroorganismo kaltegarriak bertan atzeman eta suntsitu ahal izateko. Batzuetan hori ez da posible izaten, baina kasu horietan ere Waldeyerren uztaiak zeregin garrantzitsua betetzen du: gorputz osoko defentsa sistemei alarma seinalea bidaltzea. Horretara, organismo arrotzek, gorputzean sartu orduko, immunitate sistemak borrokarako prest topatuko dituzte. Egitura defentsibo hauek aho-eztarriko kanal guztiaren bueltan kokatzen dira, baina lau amigdaletan dago kontzentrazio altuena.
Amigdalak kirurgikoki kentzeagatik inor ez da hilko, jakina; kontuan har dezagun bi kenduta, beste horrenbeste geratuko zaizkigula, eta gainera, immunitate sistemen beste atalak martxan segituko dutela. Baina egia da gure defentsak ahulduko direla: gorputza defendatzen duten lehenengo lerroko gudaritxoen gotorlekuak amigdalak baitira, eguneroko erasoei abantailaz aurre egiteko. Osagile guztiok ados gaude: ahal dela, amigdalak bere lekuan mantentzea da onena. Baina zer egin botikak tonaka hartu eta anginekin bizi ezinda bagaude, edo gure umeari eskolan barre egiten diotenean sudurrarekin berba egiten duelako?

Esandako moduan, kirurgikoa da irtenbidea ezagunena, baina ez bakarra. Beste behin ere, fisioterapiaren alderdi ia ezezagun bat erakustera gatoz (eta ez berria delako, teknika hauek ezagutzen direla badira-eta ehun urtetik gora). Funtsean, azaleko atal jakin batzuk tratatzea da, urrun dauden gorputz ataletan eragiteko ahalmena dutenak. Ahosabaiko amigdalen kasuan eragina oso bizkorra da, hantura 5-10 minutuan hasten baita apaltzen, eta immunitate sistemaren indartzea iraunkorra izaten da. Begetazioen kasuan berriz, teknika hauez gain osteopatia kranialeko teknikak gehitzen ditugu ahosabaiko espazioa lasaitze aldera; eta mirakuluak egitea ezinezkoa den arren, emaitzak pozgarriak izaten dira gehienetan.

Gaur8, 2009-VIII-28

2 Comments en Anginak eta begetazioak

  1. Iker Villanueva // Enero 29, 2013 en 9:02 am // Responder

    Egunon Oier, sarrera polita!! Asteburu hontan ibili naz gai honi buruzko kurtso baten eta honako artikulua erakutsi euskuen amigdalitisarekin lotuta:
    http://www.escuelaosteopatiamadrid.com/es/tesis/85-tratamiento-osteopatico-de-la-amigdalitis-mediante-manipulaciones-de-las-vetebras-t8-t12-hipomoviles.html
    Ondo ibili!!!!

  2. Iker, eskerrikasko.
    EOM-en ikasittakua nok ni, baiña ez najeukan tesis horren barririk!
    Informaziñuau oso erabilgarrixa dok nere eguneroko lanerako.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*